Nafarroako Gobernuaren gaurko bilkuran Euskararen Nafar Kontseilua berritzea onartu dute. 29 kide izango ditu hemendik aurrera, eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak jarraituko du presidente lanetan.
Aurrerantzean, 29 kide izango dira kontseiluan, Euskarabidearen estatutuak aldatuta kide gehiagoko organo bihurtu baita. Datozen egunetan egingo dute lehen bilkura, legealdi berriko jardunari buruz aritzeko.
Kontseiluaren kideak
Olloz gain, Nafarroako Gobernuko ondoko kideak dira Kontseiluaren parte: Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakama presidenteorde izango da, eta Euskararen Planifikazio eta Sustapen Zerbitzuko zuzendari Paula Kasares, berriz, idazkari; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia Agurtzane Martinez eta Komunikazio eta Erakunde Harremanetarako zuzendari nagusi Miguel Moreno, bestalde, batzordekideak izango dira.
Bakartxo Ruiz, Juan Carlos Pikabea, Inma Jurio, Ana Lujan eta Ana Sanchez izango dira Nafarroako Parlamentuko ordezkariak.
Bestelako erakundeen ordezkari gisa, kide hauek arituko dira kontseiluan: Sagrario Aleman, Euskaltzaindiaren izenean; Imanol Nuñez, Nafarroako Unibertsitate Publikoarenean; Naiara Ardanaz, Nafarroako Unibertsitatearenean; Mikel Arregi, Eusko Ikaskuntzarenean; David Anaut, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarenean; Josu Igoa Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarenean; Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkartearenean; Josune Arevalo, Nafarroako Kazetarien Elkargoarenean; eta Idurre Eskisabel, Euskalgintza Kontseiluarenean.
Kultura elkarte eta gizarte ekimeneko entitateen ordezkariak, berriz, hauek dira: Nahia Garaikoetxea (Sortzen); Agurne Gaubeka (Hizkuntz Eskubideen Behatokia); Xabi Gartzia (AEK); Joxerra Olano (IKA), eta Oskar Zapata (Euskaltzaleen Topagunea).
Azkenik, euskararen munduan izena duten hainbat pertsona ere izango dira kontseiluko kide: Xabier Erize, Nerea Fillat, Orreaga Ibarra, Reyes Ilintxeta eta Aingeru Epaltza.