Duela mende laurden bat onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Legebiltzarrak harako legea, «Euskeraren Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea»; laburtu beharrez eta gehienen esanetan, Euskararen Legea.
Joanak dira hogeita bost urte, alegia deus ez, hura indarrean jarri eta aginduzko egin zenetik. Gertaera hori oinarri harturik, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak egun osoko jardunaldia antolatu dute, azaroaren 23an, orduko lege-testuaren nondik norakoak aztertu eta ikertzeko.
Hasian hasi, hogeita bost urte horien emaitza gazi-gozoa dela ezin ukatu. Agerikoak dira haren ondorio onuragarriak, euskarari dagokionez; ezin bazterrean utzi, ordea, haren gabeziak eta ajeak.
Legelari garenok badakigu legearen ikuspegia bere osotasunean aztertu behar dela, lege-manuen gainetik gizartea bera ere hor dagoelako. Bestalde, begi-bistakoa da guztiontzat aldizkari ofizialetako testuek ez dituztela eurenez onbideratzen aspaldiko arazoak.
Izan ere, lege horrek euskararentzat ekarri zituen, besteak beste, ofizialtasunak edozein hizkuntzari ematen eta bermatzen dizkioten esparru instituzionalak; aldi berean, euskara bera, gizarteratu ez ezik, ikusgarriagoa ere egin da azken urteetan, jendaurrean erruz egindako kanpainen bidez.
Euskara ofizial egin zaigu. Ez dakit, hala ere, zaildu ez ote zaigun egin, hau da, gizartearen zereginetan gora egin ahala, egunerokotasunetik ez ote zaigun aldendu eta ostendu.
Dena dela, egungo Euskal Herriaren hainbat lurraldetan euskararen ofizialtasunak tenore desberdinak erakusten ditu. Hartara, Nafarroan bada Euskararen Legea; eta, Iparraldean, oraindik bederen, euskararen ofizialtasuna aitortzeko dago. Euskararen ofizialtasunean, beraz, badago zeregina eta zeresana; are gehiago, euskara bera hizkuntza eta kultura propioaren erakuslerik nabariena dela aintzakotzat hartuta.
Argi-ilunak eta on-gaitzak edonon dira; askoz gehiago, euskararen moduko nortasun-ikurraren inguruan. Hartara, eta iritziak iritzi, bistan da urrats esanguratsuak egin direla lege horren bidez euskararen mesederako. Besterik da, aldiz, urrats horiek nahikoa izatea XXI. mendean, euskararen bizimodua eta erabilera ziurtatzeko, Euskal Herrian bertan mintzo diren beste hizkuntzekin batera.
Hitz gutxitan esanda: euskararenak, 25 urte geroago, bestelako araubidea behar ote du?Erantzuna, nire aldetik behinik behin, baiezkoa da. Besterik da araubide berri horren egokiera, bai epez, bai edukiz, bai adierazmoldez.
Horretarako, ezinbestekoa da, nire ustez, Euskararen Legeak ematen dituen aukerak garatzea, eta, garatze horretarako norabideetan sartuta, araubide berri baterako oinarriak jartzea. Halako bi azpimarratuko nituzke oraingo honetan.
Lehena, oin-oinean, gizarte-adostasuna. Oraindik ere, publizitateak dioenaren gainetik, behar-beharrezko dugu benetako bat-etortzea euskarari buruz, gizarte-talde eta -iritzi desberdinak bilduz bat etortzea, ideologia politikoen gainetik. Hurrean ere, bat-egite horrek hitzarmen zabala eskatzen du, gure gizartearen nortasuna eta eguneroko erabilera etorkizuneko euskararen ardatzak izan daitezen.
Bigarrena hizkuntza-zuzenbidearen alorretik dator, egun ohiko izaten diren hizkuntza-eskubideak araubide berri horretara bil daitezen. Administrazioa, irakaskuntza, komunikabideak eta gizarte-erabilera izan ziren garai hartako legearen kezkak. Horiek gaur dituzten premiei gehitu behar zaizkie, besteak beste, hizkuntzaren industriak, informatika, alor sozioekonomikoa, aisialdia eta gainerakoak, hain zuzen ere, gure inguruan euskararen onerako fruitu onak ematen ari direnak. Zer esanik ez, unibertsitateen eta zentro berezien eginahalak. Aurreko guztiek behar dute izan tresnarik indartsuenak, euskarak, estandarizazioari eta komunikazioaren kalitateari dagokienez, gero eta maila jasoagoa izan dezan. Horretan ere lagungarri izan daiteke, ezbairik gabe, legearen ekimena.
Labur-zurrean esanda, orain hogeita bost urte Euskararen Legea tresna genuela, dena zen eginkizun eta egiteko. Gaur, hogeita bost urte geroago, dena eginda dagoelako uste okerrean jaus ez gaitezen, premiazko dugu bultzada berri bat, adostasun berri bat, eta, horren erakusle eta bidegile, araubide berria, gizarteak egin duen aurrerakadaren parekoa eta euskarari osterantzeko baliabideak ekarriko dizkiona. Horixe eskatzen du hogeita batgarren mendeko gizarteak. Horixe bera egin beharko dugu halakoetan eragile izan behar dugunok.
Euskararen Legea, hogeita bost urte geroago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu