Nafarroako Gobernuaren osaketa

Euskararen Legea berritzeko aukera hitzartu dute

1986ko Euskararen Legea garatzeko eta, beharrezkoa balitz, aldatzeko aukera adostu dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioan.

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin eskatzeko aurten Iruñean egindako mobilizazio bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaki petxarroman
2023ko abuztuaren 8a
16:12
Entzun

Hizkuntza politikari dagokionez, zortzi puntu adostu dituzte gobernua osatuko duten hiru alderdiek, eta horien artean dago 1986tik Nafarroan indarrean den eta euskara hiru gune linguistikotan banatu duen Euskararen Legea aldatzeko aukera.

Ikusi gehiago: Sinatu dute Nafarroako Gobernurako akordio ituna

Ez dute legea alboratu. Areago, «kontsentsurako arau gisa» mantentzeko beharra ere aipatu dute. Baina, hura garatu eta, beharko balitz, aldatzeko aukera ere aurreikusi dute. Nafarroako Foru Hobekuntza eta hainbat printzipio errespetatu beharko lituzkete horretarako: besteak beste, Nafarroako errealitate soziolinguistikoa islatzea, eta Nafarroan erabiltzen diren hizkuntzen arteko elkarbizitza bermatzea. Ildo horretan, helburu bat ere aipatu dute: euskara alderdien arteko eztabaidetatik ateratzea, eta herritarren artean egon daitezkeen bazterketa sentimenduak aldentzea.

Euskararen foru legea garatuko litzateke, egiten bada, Nafarroako errealitate soziolinguistikoak aintzat hartuko lituzkeen parte hartze prozesu baten bidez.

Adostutako zortzi puntu horietan ere adierazi dute euskararen ezagutza sustatu nahi dutela, herritarren borondatea eta berdintasun aukeren printzipioak errespetatuta. Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aholkuei eta Europako Kontseiluak egiten dituen gomendioei erreparatzeko asmoa ere azaldu dute, baita inguruko beste eskualde eta erkidegoekin dituzten elkarlan esparruei eustekoa ere.

Azkenik, Euskarabideari eutsi diote hizkuntz politika aurrera eramateko erakunde autonomo gisa.

Desadostasunak

Esanguratsuak dira, gai honi dagokionez, gobernukideen artean izan diren desadostasunak ere. Haietako batzuk jaso dituzte gobernu akordioaren atzeko aldean, hitzartu gabekoen atalean, hain justu ere. Hor ikusten da, bereziki, PSNk eta Geroa Baik zer talka izan duten gai honi buruz. Geroa Baik planteatu du zonifikazioa amaitu egin behar dela, eta horretarako premiazkoa dela Foru Hobekuntza berritzea. PSNk, berriz, Euskararen Legearen balioa azpimarratu du, Nafarroaren errealitate linguistikoarekin «bat» datorrelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.