Euskaltzaindiak bat egin du Euskararen Nafar Kontseiluak 2022ko irailaren 16an egindako adierazpenarekin, eta Nafarroako Gobernua premiatu du Euskararen Legea «lehenbailehen» aldatzera, euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin.
Euskaltzaindiak gogorarazi du bere eginkizunen artean «euskara landu, ikertu eta arautzea eta, euskararen estatusari dagokionez, hizkuntza eskubideak zaintzea eta euskararen erabilera sustatzea» daudela, eta Nafarroan ere instituzio aholku-emailea dela. Gainera, Euskararen Nafar Kontseiluko kide ere bada.
Euskararen Kontseiluak irailean adierazi bezala, Euskaltzaindiak ere uste du beharrezkoa dela euskara ofiziala izatea herrialde osoan «nafar guzien hizkuntza eskubideak babesteko».