Euskararen kontrako oldarraldiari aurre egiteko «errezeta berriak» eskatu dituzte diputazioen aurrean

Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzeak egin ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako egoitzen aurrean, ELArekin eta LABekin batera. Euskalduntzean «atzerapausorik» ez dutela onartuko adierazi dute.

Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea egin du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, LAB eta ELA sindikatuekin batera. JON URBE / FOKU
Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea egin du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, LAB eta ELA sindikatuekin batera. JON URBE / FOKU
Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo
Donostia - Bilbo
2025eko martxoaren 21a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

«Luzeegi doan oldarraldi euskarafoboa» salatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak bi elkarretaratze egin ditu gaur LAB eta ELA sindikatuekin batera. Donostian izan da bata, eta Bilbon bestea. Bi hirietan, foru aldundien aurrean egin dute protesta. Euskararen kontrako oldarraldiari aurre egiteko «errezeta berriak» eskatu dituzte, eta adierazi euskalduntzean ez dutela «atzerapausorik» onartuko.

Gabriel Aresti poetak Donostian bertan idatzitako hitz batzuk gogoratu dituzte Donostiako protestan: «Nire bihotzean ez da euskararentzako kupidazko sentimenturik kabitzen. Nork esanen du ogia maitatzen duela? Ogia ez da maitatzen, behar izaten da». Azkeneko sententziarekin arduratuta, langile ugari batu dira protestara. Talde politikoetako ordezkariak ere bai. Esaterako, EH Bilduko batzarkide ugarik parte hartu dute: Estitxu Elduaienek, Maddalen Iriartek eta Zelai Amenabarrok. Gipuzkoako Hizkuntza Politikako zuzendari Garbiñe Mendizabal ere izan da protestan. Kontseilutik, Manex Mantxola koordinatzailea. 

Langile batzordearen izenean, lehendakariak hartu du hitza, LABeko ordezkari Edurne Lizasok. Denera auzibideen ondorioz «zientoka» lanposturen egonkortzea gerarazi dela esan du. Izan ere, egun hiru deialdi gerarazi dira hizkuntza eskakizunen kontrako auzibideen ondorioz Gipuzkoako Diputazioan. Lehengo astean jakinarazi zen epaiaren harira, adibidez, administrari teknikari izateko ehun lanpostu baino gehiagoren inguruko prozedura gerarazi da. Norbanako batek abiarazi zuen auzibide hori.

CCOOk jarritako helegiteen ondorioz, berriz, beste bi prozedura auzitegietan daude, oraindik epairik gabe. Horiek ere gerarazi egin ditu diputazioak. Ez ditu «bertan behera» utzi, eta hori aintzat hartu behar dela onartu du Lizasok. «Txarrena litzateke oinarriak bertan behera uztea». Horrelakorik ez da gertatu.

Protesta Bilbon
Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea egin du gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, LAB eta ELA sindikatuekin batera. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bilboko protestan, berriz, ez dute sententzia judizialik salatu oraingoan, aldundiak hartutako erabaki bat baizik. Administrazioaren euskalduntzean, atzerapausorik ez! lelopean bildu dira langileak, baita euskalgintzaren arloko hainbat herritar ere. Azken asteetan jakin da aldundiak asmoa duela etorkizuneko lan deialdietan hizkuntza eskakizunak apaltzeko; hizkuntza eskakizunen kontra ebatzitako sententziek eragin duten segurtasun faltari erantzuteko hartuko dute neurria. Horren kontra agertu dira gaur, eta hizkuntza eskakizunak ez apaltzeko exijitu diote aldundiari.

LABeko Ander Huidobrok eta ELAko Nerea Elgezabalek zehaztu dutenez, orain arte «botere judizialak» ebatzi ditu euskararen kontrako sententziak. Orain, baina, «arduradun politikoak» izan dira «politikan norabidea aldatu» eta «euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen kontrako bide errazena» hartu dutenak.

Kontseiluak ere ezinegon hori bera azaldu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoaren berri izan zuenean. «Orain arte, botere judizialak egin du administrazio publikoak euskararen alde bultzatutako neurrien aurka. Oraingo honetan, baina, administrazioak berak hartu du atzera egiteko erabakia. Hau bereziki larria da», ohartarazi zuen.

Neurria, martxan

Otsailaren 20ko negoziazio mahaian izan zuten langileek erabakiaren berri. Aldundiak jakinarazi zien lanpostuen erdiari bakarrik ezarriko zietela derrigortasun data. «Beste erdia euskaraz lan egiteko gai ez diren langileek beteko dituzte», zehaztu dute. Sindikatuetako ordezkariek ohartarazi dute aldundia hasi dela neurri horiek ezartzen: «Sortutako lanpostu berrietan eta beste hainbat postuetan ere derrigortasun data berrikusi eta atzeratu egin dute».

Euskalduntzean egindako atzerapauso horrek herritarren eta langileen eskubideetan izango dituen ondorioez ohartarazi dute Huidobrok eta Elgezabalek. «Herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz lurraldeko bi hizkuntza ofizialak ikasteko egindako ahaleginaren aitortza ukatuko zaie langile publikoei», azaldu dute. Horrez gain, salatu dute herritar guztiei ez zaizkiela hizkuntza eskubideak berdin errespetatuko nahiz eta herritar guztiek eskubide berberak izan.

«Halakoekin [Bizkaiko Aldundiak hartutako neurriekin] langileak ez dauka bermatuta euskaraz lan egin ahal izatea; herritarrek ere ez dute bermatuta arta ehuneko ehunean euskaraz jasotzea»

EDURNE LIZASOLABeko ordezkaria

Donostiako protestan ere agerian utzi dute «kezkatuta» daudela Bizkaiko Diputazioak hartu berri duen neurriarekin. «Guretzat atzerapauso oso-oso larria da», azaldu du Lizasok. Euskarak pauso bakoitza nekez egiten duela gogoratu du, eta «atzerapausoak» ezin direla onartu. «Halakoekin langileak ez dauka bermatuta euskaraz lan egin ahal izatea; herritarrek ere ez dute bermatuta arta ehuneko ehunean euskaraz jasotzea».

Horiek horrela, erabakiaren inguruan hausnartzeko deia egin diete Huidobrok eta Elgezabalek arduradun politikoei, eta exijitu diete herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten neurriak «lehenbailehen» hartzea. Bestalde, oldarraldiari aurre egiteko proposamen bat egin dute: «Katalunia eta Galiziako ereduen ildotik, behar den malgutasunarekin, langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutu beharra eskatzea. Eta, hori lortzeko, herritarren adostasun sozial zabala, gehiengo sindikalaren babesa eta lege bidez gauzatzeko gehiengo politikoa».

Proposamena

Egun justiziak jartzen dituen traba ugariak gainditzen lagun dezakeen proposamen bat dago mahai gainean. Lehengo urtean aurkeztu zen, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Txillardegi Gogoeta Guneak antolatutako saio batean. Langile publikoen sarbiderako «orokortutako hizkuntza eskakizunen eredu bat» proposatu zuten, Iñigo Urrutia legelariak mahai gainean jarritako lanketa bat aintzat hartuta.

Euskara funtzio publikoko lanpostuetan «baldintza» izateko bide orria da proposamen hori. «Euskararen eta gaztelaniaren ezagutza nahitaezkoa jarri nahi dugu administrazio publikoen sarbiderako, baina printzipio nagusi hori malgutzeko mekanismoak jarriz», aurreratu zuen Iñigo Urrutiak aurkezpena egin zutenean. Kataluniako eta Galiziako ereduak oinarri hartuta landu dute.

Bi elkarretaratzeetan irakurritako oharretan, egun zabaltzen ari diren hainbat mezuren kontra egin dute. «Euskaraz bizitzea pribilegio edo kapritxo bat dela sinetsarazi nahi digute. Baina euskararena auzi sozial bat da, gizarteko gainontzeko auzi guztiekin lotura duena». Eta aterabideak eskatu dituzte: «Errezeta berriak garatu behar ditugu, eskura ditugun tresnak baliatu eta, horiekin nahikoa ez bada, berriak sortu».

Aldundien aurrean bildu diren herritarrek argi utzi dute ez dutela atzerapausorik onartuko. Azpimarratu dute garaia dela «pizkunde berri baten aroari» bide emateko, eta euskarak bizi duen «larrialditik indarraldirako» jauzia egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.