Beherakada eten egin da, baina ez irauli. Hala gertatu da euskararen kale erabilerarekin, duela sei urtetik hona. Hots, argazki orokorra ez da aldatu: %12,6k egiten dute euskaraz kalean, zortzi lagunetik batek. Kaleko erabileraren zortzigarren neurketaren emaitzak argitaratu ditu Soziolinguistika Klusterrak, eta erabilera orokorrean ez da nabari gorabehera esanguratsurik. Hori, bere horretan, bada adierazgarria, oso bestelakoa baitzen 2016ko behaketak erakutsi zuen egoera: 2011koak erakutsitako beheranzko joera berretsi zuen, eta erabilera orokorra, lehen aldiz, 1997koaren azpitik kokatu zuen. Ikusi beharko da, beraz, hurrengo neurketak joaera hori nora daraman, gora edo behera.
Hala ere, azken neurketan badira zantzu batzuk erakusten dutenak egonkortzen ari direla aspaldian atzemandako zenbait joera. Eremu soziolinguistikoak erabileran duen eragina erakusten du, beste behin, baina, horrez gain, eremurik euskaldunenetan erabilerak behera egin duela ageriratzen. Aztertutako eremuaren ezaugarriak oso desberdinak izanagatik, hala antzematen zen Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko eta Tolosaldeko 93 udalerritan egindako neurketan ere. Bestalde, euskararen erabilera gaztetu egin dela ikus daiteke: haurrek darabilte gehien, eta adinekoek gutxien.
Argi-ilunak nabarmentzeko, hala ere, argazkia xeheago aztertu behar da, eta haren konplexutasuna kontuan hartu. Izan ere, Soziolinguistika Klusterrak nabarmendu du hizkuntzen erabilera ez dela «egonkorra», ezta «indibiduala» ere: «Datuok interpretatzeko, ukipenean dauden hizkuntzen erabilera arau sozialak eta adierazle demografikoak, soziologikoak eta soziolinguistikoak hartu behar dira kontuan». Horien artean daude honako hauek, beste zenbaiten artean, Klusterraren arabera: azken urteetako migrazio saldo positiboa; zahartze tasaren igoera; pandemiaren eragina; bizi inguruneen aldaketa; merkantilizazio prozesuak; eta aurrez aurrekoak ez diren harremanak indartu izana.
Eragina du, halaber, ikerketa egiten den uneak ere. Kasu honetan, iazko irailaren 17tik urriaren 30era bitartean egin zen, pandemiaren kontrako neurri murriztaileak arindu ziren garaian, eta, beraz, kalean ibiltzeko eta harremanak izateko aukera erraztu zenean. 145 udalerritan egin zuten neurketa; 603.497 solaskide behatu ziren, 215.396 elkarrizketatan.
Beherakada Gipuzkoan
Egoera eta haren bilakaera ez da homogeneoa, ez eremu bakoitzean, ezta adin tarte bakoitzean ere. Herrialdeka, badira aldaketak, baina ez handiak. Aitzitik, sumatutako joerak akats tartearen barruan kokatu behar direla zehaztu du Klusterrak. Gipuzkoan erabiltzen da gehien euskara, nabarmen (%30,6), baina, hala ere, erabilerak 0,5 puntu egin du behera 2016tik. Orduan azaldutako beherakada berretsi egin da, beraz. Hala ere, oraindik ere gainerako herrialdeetan baino askoz gehiago egiten da han euskaraz.
Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere ikusten da jaitsiera. Iparraldean, gainera, agerikoa da beheranzko joera azken hamarkadetan: %8,3 zen erabilera 1997an, eta gaur egun, %4,9. Bizkaian, berriz, 0,6 puntu igo da euskararen erabilera. Hala, aurreko aldietan ikusitakoa alderantzizkatu egin da han: 2001etik lehenengoz, igo egin da euskaraz entzun dituztenen portzentajea. Igoera txiki bat ikusi dute Araban ere.
Bestalde, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzek Araban dute presentziarik handiena (%4,6), eta Ipar Euskal Herrian, berriz, txikiena (%1,8).
Gune soziolinguistikoei erreparatuz gero —euskaldunen portzentajearen arabera eremuak banatuta—, berriz ere agertzen da azkenaldiko neurketek erakutsitakoa: euskaldunak gehiengoa diren inguruetan behera egin du euskararen erabilerak. Herritarren %75 edo gehiago euskaldunak diren eremuetan, %61,9 da entzundako euskararen portzentajea, aurreko aldian baino 3,2 puntu txikiagoa. Gainera, beherakada horren tamainako igoerarik ez dute antzeman hain euskaldunak ez diren eremuetan; antzeratsu jarraitzen dute. Ipar Euskal Herriko egoerak ondo islatzen du joera hori. Azken bost urteetan, euskararen kaleko erabileran ez da aldaketa handirik izan Lapurdiko kostaldean eta barnealdean; zertxobait igo da euskararen erabileran. Aldiz, eremu euskaldunenetan, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, nabarmen egin du behera, eta, 2011ko mailara itzuli da: %10,5.
Hiriburuei dagokienez, euskara gehien Donostian entzuten da; Gipuzkoako hiriburuan duela bost urtean beste euskara entzun dute: %15,3. Aldea handia da, gainerakoetan %2,5 eta %4 artean baitabil. Hala ere, hurrenkeran izan da aldaketa bat. 2016ko neurketak erakutsitakoaren kontrara, oraingoan euskara gehiago entzun da Bilbon (%3,5), Iruñean baino (%2,7). Donostiaren atzetik euskara gehien entzuten den hiriburua Gasteiz da (%4,1); gutxien, berriz, Baionan: %2,5.
Biztanleriaren zahartzeari, kontra
Biztanleria zahartu ahala euskara gaztetzen ari dela berresten dute emaitzek. Haurrek eta gazteek darabilte gehien euskara, eta helduek eta adinekoek gutxien, hurrenkera horretan. Azken neurketan hartu zuen itxura hori adinaren araberako mailaketak, eta sendotu egin da oraingoan. Izan ere, haurren artean handitu egin da erabilera, %19,3raino; gainerako adin taldeetan, berriz, ia bere horretan dago.
Euskarak «adin piramidea irauli» izana «lorpen sozial handia» dela nabarmendu du Soziolinguistika Klusterrak, eta gogoratu ez dela hori gertatzen Europako hizkuntza gutxitu gehienetan, zeinetan adinekoek erabiltzen duten gehien. Horregatik, euskararen egoera kontrakoa izatea positiboa dela azaldu du: «Kualitatiboki, biziberritzerako egoerarik mesedegarrienean dago euskara belaunaldien arabera».
Hala ere, haurretatik gazteetara pasatzean, asko apaltzen da erabilera. Gainera, helduen adin tartea bitan zatituz gero, ikus daiteke 25-44 adin tartekoek euskara gehiago darabiltela (%14,3) 15-24 tartekoek baino (%12,5).
Adin berekoen arteko elkarrizketetan, baina, ñabardura hori ere desagertu egiten da; zenbat eta gazteago, orduan eta handiagoa da euskararen kale erabilera. Herrialde denetan gertatzen da hori, baina, hala ere, Nafarroan eta Bizkaian oraindik adinekoei gehiago entzuten zaie euskaraz gazteei baino. Ikusi beharko da batez ere hezkuntzaren bidez euskaldundutako belaunaldiak zahartu ahala salbuespen horiek erabat deuseztatzen diren.
Halaber, neurketak erakusten du haurrek eragin handia dutela hizkuntzaren erabileran. Haurren eta nagusien arteko elkarrizketetan nabarmen egiten du gora erabilerak: %20,4 da.
Emakumeek gehiago
Aurrez egin izan diren beste hainbat ikerketek agerian utzi dute emakumeek gizonek baino gehiago egiten dutela euskaraz, eta, halaber, gehiago parte hartzen dutela euskararen aldeko egitasmoetan ere. Bada, ez dio kontrakorik Klusterraren behaketak ere. Adinekoetan ez gainerako adin talde guztietan handiagoa da euskararen erabilera emakumeetan.
Ez hori bakarrik, adinean behera egin ahala, handiagoa da arrakala. 2-14 adin tartean, adibidez, nesken artean %17,7 da erabilera, eta mutilen artean, %12. 25-44 tartean, berriz, gizonezkoen arteko erabilera %9,6 da, eta emakumeen artekoa, %12,6; aldea, beraz, haurretan baino dezentez txikiagoa da.