Soziolinguistika Klusterrak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean antolatzen duten Txillardegi-Hausnartu saria Eneko Gorri lapurtarrari eman diote. «Bide berri batzuk zabaltzeko aukera» irekitzen du haren lanak, epaimahaiak erran duenez. Ongietorri.eus euskaltzaletasuna sendotzeko ekosistema komunikatiboa deitzen da graduondo edo master hondarrerako egin duen ikerketa. Konfinamendua iragarri zelarik gaia aldatu behar izan zuen, terrenoko gai bat egin xede zuelako, eta itxialdiak berak ekarri dio ikerketarako pasta.
Konfinamenduaren testuinguruan, dena etxean egin behar zelako, errealitatea agerian gelditu dela iduri zaio Gorriri: «Euskararen ikuspuntutik uste dut agerian eman dituela eskas batzuk; besteak beste, etxea ez dela gehiago euskararentzat babesleku edo aterpe goxo bat eta etxean ere gabezia asko baditugula». Eskolarekin paraleloa egiten du, garai batean «euskararen ukazio espazio» zena gaur egun «enklabe» bilakatu dela uste baitu. Eskolaz kanpo, berriz, deus guti euskaraz, Interneten bezala.
Eskaintzaren ahuleziak
Etxean euskal kulturaz gozatzeko, euskara ikasteko edo euskaraz kontsumitzeko aukera guti dela ondorioztatu du ikerketaren ondorioetan. Euskararen inguruan Ipar Euskal Herriko 32 webgune eta horietatik 1.072 artikulu azterturik, datu bat azpimarratzen du lanak: bi herenek egilearen sustapena egiten dute nagusiki, elkarte batek bere lana publikoki aurkezteko, adibidez. «Zer erran nahi diot nik Euskal Herriari?» galderatik abiatzen dira gehienak, Eneko Gorriren ustez. Instituzio publikoak, hezkuntza, kultura, helduen alfabetatzea, euskara elkarteak, aisialdiak eta euskal hedabideak aztertu ditu gisa horrez.
Egoera berezian eskaintza berezia ere izan da sarean, konfinamenduak kanpaina bereziak ekarri baititu; irakaskuntzan edo helduen euskalduntzean batzuk, Euskal Elkargoak, Mintzalasai elkarteak edo Eusko Jaurlaritzak beren ekarpenak ere egin dituzte. Horietarik batzuk hurbiletik ezagutu ditu Gorrik, ikerketaren egilea izateaz gain, euskalgintzako militante eta euskara teknikaria ere baita. «30 proposameneko zerrendak egiten genituen. Aukera bulimiko bat eskaintzea, baina, uste dut ez dela aukera hoberena», trenkatu du.
Interneten zentratua da ikerketa, nahiz egileak berak onartu «iraultza bat» ez dela «sekula Interneti esker» egin. «Eta badakigu tresna horrek ez duela deus irauliko». Hainbat hizkuntzalariren iritziari segika aritu da, hala ere, euskararen iraupena zenbakizko eremuan «ere» jokatzen dela diotelako. «Inprimategiaren iraultzan euskarak posizionatzen jakin duen bezala behar du jakin iraultza numerikoan posizionatzen, etorkizun bat nahi baldin badu». Alta, hutsaren parekoa iduri zaio «euskararen unibertso numerikoa» gaur egun.
Proposamen bat da ikerlanean egiten dena: ongietorri.eus izeneko atariarena. Eduki berriak sortzea beharrezko ikusten badu ere, jadanik badena ezagutarazteko tresna gisa ere pentsatua da ataria: Gorrik hipotesi gisa aitzinatzen du, adibidez, euskaraz ikasten duten 13.000 bat haurretatik %5 edo %10ek soilik ezagutzen dutela Kanaldude telebista katea. «Alta, tokian eta tokiko euskaran euskara hutsez sortutako sekulako altxor bat da», haren ustez; «badira ipuinak haurrentzat, hitzaldiak helduentzat, badira hamaika gauza zinez interesgarri, baina Kanaldude ez da iristen behar lukeen tokira».
Adibide gehiago aipa litzake, hala nola ipuinen inguruan Kanboko gurasoek egiten duten lanketa berezia, hedapenik abantzu ez duena. «Guraso alferra edo erdalduna bazara, batzuetan nahi zenuke ireki Youtube eta haurrari 30 segundoko bideo bat erakutsi, ipuin bat goxo-goxoan». Diagnostikoa egin du: Interneteko bilatzailean «marrazki bizidunak euskaraz» bilatuz, edo «aides aux devoirs en basque», lehen hamar arrapostuetan «deus» ez da agertzen. Egiten duen proposamenarekin, berriz, erabiltzaileak bere profila zehaztearekin «lau klik eginez xerkatzen duena atzematea da ideia».
Bi zangoren gainean
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri hartu kontzeptuarekin ikusten du egingarri Interneteko ataria Eneko Gorrik: bi zangoren gainean, instituzioak eta mugimendu sozialek elkarlanean egina. Mintzalasai elkartea sortu aitzineko diagnostiko beretik abiatzen da, bakoitzaren indarrak eta ahuleziak kontuan hartu behar direla azpimarratzeko: «Instituzioetan badira baliabideak gauzak egiteko, humanoak eta ekonomikoak, baina sormen eta ausardiarik ez. Hori bada elkarteetan, baina baliabiderik ez».
Hego Euskal Herriko dinamika ere aipagai du ikerlariak, lau hamarkadaren ondotik instituzioak eta herri mugimenduak, «proiektu batzuetan», eskuz esku lan egiten hasiak direlako, «nahiz batzuetan pixka bat artifiziala» izan. Ipar Euskal Herrian 30 urteren ekonomia egiten ahal litzateke, haren ustez, «segidan elkarlanera pasatuz. Onartuz desberdinak garela, anbizio, lan molde desberdinak ditugula euskararentzat, baina une batzuetan bilduz proiektu komun batzuk garatzeko».
Ereduak badira, zerbait goiti beheiti, haren proposamenetik hurbiltzen direnak: Eranafarroa edo Elaidi Nafarroan; Bizkaian, Katalunian, edo Quebecen ere beste batzuk. Proiektua gauzatzeko urratsak zeintzuk diren galdeturik, instituzioak eta herri mugimenduak elkarlanean aritzea ez da gainditu beharreko oztopo bakarra Gorrirentzat: «Heldutasunera heldu behar da horretarako. Iduri zait inportantea dela noiztenka erdigunean zer defendatzen dugun ematea, eta ez nor garen». Zailtasuna, haren ustez, «errekuperazio politikoaren kontra joatea da» eta kontziente da ez dela «naturala».
«Mundu ideal batean» mugimendu sozialek bat eginen lukete proposamenarekin, Gorriren erranetan: instituzioek beren interesa erakutsiko lukete eta 2021eko irailean abian litzateke proiektua, elkarlaneko denbora iraganik. Mundu errealean nora helduko den ikusiko da.
Euskararen Internet ataria xede
Txillardegi-Hausnartu saria irabazi du Eneko Gorri ikertzaileak, 'Ongietorri.eus, euskaltzaletasuna sendotzeko ekosistema komunikatiboa' lanarekin. Interneteko ahuleziak aztertu ditu, eta proposamen berritzaile bat plazaratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu