Euskararen inguruko «akordio zabala» goratu du Olatz Garamendik

Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko sailburua Lan Eskaintza Publikoko azterketen hasieran izan da. Administrazio publikoko hizkuntza eskakizunak arautzeko dekretua izan du hizpideetako bat

Garamendi, atzo, BECen, eskuinean; ondoan IVAPeko zuzendari Maite Berruetabeña du. BERRIA.
aitor biain
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Administrazio publikoko hizkuntza eskakizunak arautuko dituen lege dekretuaren tramitazioa hasi baino ez dela egin esan zuen atzo Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Barakaldon (Bizkaia), martxan jarri duten LEP Lan Eskaintzan Publikoko azterketen hasieran. Azpimarratu zuen administrazio orokorrean euskararen erabilera normalizatzeko prozesua ezin dela «polemika iturri» izan, horren inguruko «akordio zabala» dagoelako gizartean. Jaurlaritzak aste honetan eman du argitara dekretuaren zirriborroa, eta, horretan jasotzen denez, lanpostu publiko bakoitzaren ezaugarrien araberako hizkuntza irizpideak ezarriko dira aurrerantzean. Hau da, hizkuntza eskakizunak «asimetrikoak» izan daitezke aurrerantzean, orain arte ez bezala, soslai linguistiko bakoitzari dagokion gaitasun guztiak eskatzen baitira. BERRIAk martxoan aurreratu zituen dekretu berriak ekarriko dituen berritasunak.

Arau berriak 1997tik indarrean dagoena eguneratu nahi du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, beharrezkoa da testu hori «garai berrietara egokitzea». Dekretuak jasotzen duen berritasunetako bat zera da: lanpostuen ezaugarrien eta behar komunikatiboen arabera, euskararen ahozko eta idatzizko gaitasun mailak bereizi egingo direla. Lanpostuen hizkuntza eskakizuna esleitzeko, bakoitzaren ezaugarrien eta komunikazio beharren inguruko azterketa bat egingo du dagokion erakundeak. Eta kontuan hartuko dira, halaber, langileek herritarrekiko harremanik izango duten eta harreman hori nolakoa izango den: ahozkoa, idatzizkoa edo mota bietakoa. Hala, soilik ahozko eta idatzizko gaitasun maila ezberdinak eskatzen dituztela ondorioztatzen den kasuetan izango da «tarteko hizkuntza eskakizuna» esleitzeko aukera.

Garamendik atzo azaldu zuen «lehenengo zirriborro» bat besterik ez dela, eta epea zabalik dela nahi duen orok egoki ikusten duen ekarpena egin ahal izateko. Nabarmendu zuen, hala ere, testu hori askotariko eragile eta erakundeek egin dituzten «ehun bilera baino gehiagoren» ondorio dela. Jaurlaritzak datorren urterako onartuko nahi du dekretua.

48.000 pertsona

Martxan jarri duten LEParekin «behin-behinekotasuna murrizteko» urrats garrantzitsua egingo dutela nabarmendu zuen atzo Garamendik. Orotara, 48.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena. Merituen bidez lortuko dute horietako askok lanpostuetarako ateak irekitzea, azterketarik egin gabe, legeak horretarako bidea emango baitu. Lehen deialdia da hau, baina atzetik beste bi helduko dira. Atzo hasi zen prozesurako 24.000 pertsona zeuden izena emanda. Atzo egin ziren etsaminetako emaitzak irailaren 22rako emango dituztela iragarri zuen Garamendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.