Euskara-euskara hiztegirik zehatzena izango da EEH Egungo Euskararen Hiztegia. B letra amaitu dute, eta hiruzpalau urte barrubukatuta egongo da. EHUko Euskara Institutua garatzen ari da, Ibon Sarasola ikertzailearen ardurapean, eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Atzo, Bilbon, hiztegiaren aurrerapausoak aurkeztu zituzten Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Pello Salaburu EHUko Euskara Institutuko zuzendariak, Josu Landa institutuko kideak eta Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiak.
Hiztegia amaitzeko a eta e hizkiak besterik ez dira falta, baina horiek hiztegiaren %20 hartuko dute. Gainontzeko hizkien orrazketa egiten ari dira, Euskara Institutuaren Egungo Testuen Corpus erraldoiak ematen duen informazioan oinarrituta; dagoeneko, c, d, f, g eta h letrak osatu dituzte. Hiztegiaren arduradunek diotenez, obra handia da: «EEHk biltzen dituen datuek oso urrun uzten dituzte gainerako euskal hiztegiak». Nekane Balluerkaren iritziz, hiztegia «erreferente» izango da. XXI. mendeko testuak dira hiztegiaren abiapuntua: ereduzko erabiltzaileen testuetatik sortutako corpusean oinarrituta dago. Duela zortzi urte abiatu zuten proiektua, Sareko Euskal Gramatika abiatu zuten urte berean. Internetez kontsulta daitezke bi baliabideak eta beste asko ere, doan.
Erabileran oinarritutakoa
Josu Landa Euskara Institutuko kidearen hitzetan, hara obraren muina: «Erabileran oinarritutako hiztegi bat da, ereduzko erabiltzaileen testuak hautatu dira. Ibon Sarasolak dioenez, 'hitzak ez dira hiztegietan bizi, esaldietan bizi dira'». Azaldu dutenez, adibide kopurua handia da, baina corpusean badira gehiago. Milaka daude, baina horietako batzuk aukeratu dira, eta informazio berria ematen ez dutenak baztertu. Hitz multzoak, berriz, «oso interesgarriak» dira hitzen erabileraren testuinguruaren berri izateko. Adibidez, hitz batzuek beti badute joera beste batzuen ondoan agertzeko: parte hartu eta aintzat hartu asko erabiltzen dira, baina esku poltsa hartu eta egurkada hartu askoz gutxiago erabiltzen dira aipatu testuetan.
Gaur-gaurkoz, hiztegiak badauzka: 56.425 sarrera, 203.666 azpisarrera eta adiera, 419.886 adibide eta 342.925 hitz multzo. Pello Salaburuk azaldu duenez, hiztegia oso-osorik bukatutakoan, ez du mereziko bestelako hiztegirik sortzea; etengabe gaurkotu besterik ez da egin beharko.
Euskararen hiztegia osatuz doa
'B' letra amaituta, hiruzpalau urte barru osorik bukatuta egongo da Egungo Euskararen Hiztegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu