Euskararen «hiztegi zehatzena» argitaratu dute

Egungo Euskararen Hiztegiak 70.000 sarrera baino gehiago ditu eta hamabost urtean landu du EHUk. Arduraduna Ibon Sarasola izan da

Egungo Euskararen Hiztegia aurkeztu zuten atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Hiztegia paperean argitaratuko balitz, 16.000 orrialde baino gehiago izango lituzke». Egungo Euskararen Hiztegia aurkeztu zuten atzo Bilbon, eta Eva Ferreira EHUko errektoreak haren dimentsio fisikoa azpimarratu zuen. Izan ere, 70.000 sarrera baino gehiago aurkitu daitezke hiztegian. EHUko Euskara Institutuak garatu du lana: «Institutuak bere historia luzean izan duen proiekturik zabalena, sakonena eta handiena da». Proiektuaren arduradun nagusia, bestalde, Ibon Sarasola EHUko irakasle ohi, hizkuntzalari eta euskaltzain emeritua da. Gaur-gaurkoz, Egungo Euskararen Hiztegia euskara hiztegirik zehatzena da.

Lana 2008. urtean abiatu zuten, eta hamabost urte behar izan dituzte bukatzeko. Hiztegiaren oinarria Ereduzko Prosa Gaur corpusa da, hori ere Euskara Institutuak garatua. Hartan bildutako hitz guztiak jaso, eta Egungo Euskararen Hiztegia sortu dute: 70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz multzo. Hiztegia EHUren webgunean dago eskuragarri, «interesa duen orok» kontsulta dezan.

Hiztegiak badu berezitasun bat, Miren Azkarate EHUko Euskara Institutuko zuzendari ohiak adierazi zuenez: «Hitzak zein testuingurutan erabiltzen diren deskribatzen du hiztegiak». Hau da, hiztegiak ez du soilik hitzaren definizioa ematen. «Kontrolatzen ez dudan hizkuntza baten hiztegia kontsultatzen dudanean, ikaragarri eskertzen dut hitzaren testuingurua azaltzea eta adibideak ematea». Izan ere, adibideak ere ageri dira Egungo Euskararen Hiztegian; eta adibide horien iturburua kontsultatu daiteke.

Josu Landarekin lanean

Sarasolarekin batera, Josu Landa ibili da buru-belarri lanean. Eta hiztegiaren formatua landu du. «Haren laguntzarik gabe, ez nuke hiztegia egingo», nabarmendu zuen Sarasolak. Eta teknologiaren garrantzia ere azpimarratu zuen: «Gaur egun, horrelako hiztegi bat ezin duzu teknologiarik gabe egin».

Sarasola Koldo Mitxelenarekin batera hasi zen lanean Orotariko Euskal Hiztegian. «Kasualitatez nago hemen; ez nuen asmorik horrelako saltsetan sartzeko, baina Koldo Mitxelenak laguntza eskatu zidan, eta zaletu egin nintzen». Adierazi duenez, «oso ondo» pasatu du hiztegi berria egiten: «Orain, jostailua kendu didate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.