Irakurri hemen serieko artikulu guztiak
Hamasei urte egin ditu Rober Gutierrezek (Gasteiz, 1970) Bai Euskarari elkartea zuzentzen: euskaraz jarduteko urratsak egiten dituzten enpresen ziurtagiriak kudeatzen, eta prozesu horretan aurrera egiteko baliabideak eskaintzen. Utzi berria du kargua. Teknologia berrien arloko Oreka IT enpresako zuzendari nagusia da Iraitz Perez de Goldarazena (Gasteiz, 1979). 2009an enpresa martxan jarri zutenetik izan du helburuen artean euskarak tokia izatea laneko martxan. Gasteizko enpresa bat ziren orduan; Donostian, Bilbon, Iruñean eta Bartzelonan egoitzak dituzte orain. Hazi egin dira. Euskararen aldeko hautuan galdera berriak sortu dizkie horrek. BERRIAk egin zion Rober Gutierrezi Bai Euskarari-n egin duen lanaren balorazio elkarrizketarako enpresabururen batekin elkartzeko proposamena, eta Perez de Goldarazena hautatu zuen mintzakide. Hau da emaitza.
Oreka ITn zerk bultzatu zintuzten euskararen aldeko hautura?
IRAITZ PEREZ DE GOLDARAZENA: Enpresa sortu genuen hiru bazkideetatik bi euskaldunak ginen. Bi gasteiztarron artean euskaraz mintzatzen ginen, eta normala izan zen hasieran; lehen hautaketa prozesuetan espresuki bilatu genuen jende euskalduna. Gero, euskara talde bat sortzen hasi ginen, Bai Euskarari ziurtagiria atera genuen, eta nik Bai Euskarari elkartearen zuzendaritzan ere jarraitu dut. Euskara plan bat ere egin genuen gero: gorako joera bat izan genuen hor. Nik uste dut joera hori pandemiaraino heldu zitzaigula, pandemiatik hona kostatzen ari zaigu geneukanari eustea, eta uste dut poliki-poliki beherantz goazela. Bi faktore aipatuko nituzke. Bat, Bartzelona. Bistan dago: Bartzelonan jendea izateak euskararen tratamenduan mugarri bat markatu du, eta zaila da guretzat orain nola funtzionatuko dugun jakitea, hizkuntzen kudeaketa batera joan behar dugulako, eta ez euskararen kudeaketa batera. Bigarrena da, eta hau da gehien kezkatzen nauena, aspaldian etortzen den jende gaztearen artean gutxiago daukagula aukeran euskaraz lan egiteko gaitasuna edo prestutasuna. Hona etortzen da jende asko euskaraz dakiena, B2 maila duena, edo behintzat hori jartzen du curriculumetan, baina gero ez dira gai euskaraz elkarrizketa bat egiteko, edo gaitasun hori izanda ere, lehenesten dute gaztelaniazko harremana izatea inguruarekin. Eta ez naiz ari Gasteizi buruz; hau arazo orokortu bat da.
Komunak dira horiek beste enpresa askotan ere?
ROBER GUTIERREZ: Beste enpresa zenbaitetan ere gauza bera gertatzen ari da: ikusten ari dira goia jo dutela, eta zail egiten zaiela sabai hori puskatzea. Berak aipatu du atzerako joera bat nabari dela. Izan daiteke. Nik botila erdi huts edo erdi beteta dagoen galdetze horretan uste dut erantzun behar dela botilari zuloak ateratzen ari zaizkiola. Teorian irabazita zeuden eremu batzuk galtzen ari gara. Igual besteren bat ari gara irabazten, baina jarraitzen dugu galtzen. Nola egin behar diogu aurre horri? Aipatu dugu arazo handi bat; teorian euskaraz trebatutako belaunaldi bat, edo belaunaldi horietako batzuk, ez dira gai euskaraz aritzeko lan eremura joaten direnean. Hori kezkagarria da. Horrek esan nahi du aurreko fase horretan zerbaitek ez duela funtzionatu, eta nik ez dut ikusten hor konponbiderik jartzen ari denik arazo horri buelta emateko.
Zer behar duzue euskararen normalizazioaren bidean ari zareten enpresek?
PEREZ DE GOLDARAZENA: Ez badugu euskara erdigunerago ekartzen, eta euskararen kudeaketan ez baditugu arauak aldatzen, nekez egingo dugu aurrera. Esaterako, administrazio publikoekin lan egiteko orduan, zergatik baloratzen dira berdin zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna demostra dezakeen enpresa bat eta euskararen inolako kudeaketarik egin ez duen enpresa bat? Hortik abiatu beharko genuke. Baina gaur egungo errealitate tristea da zuk Irunen edo Gasteizen enpresa bat sortzen baduzu euskararekiko ez duzula inolako betebeharrik, eta gainera merkatuak ez dizula eskatuko modu naturalean hori. Orduan, militantziaren esparruan geratu den gauza bat da, euskal komunitate kontzientziatu bati eragiten diona.
Hein batean, pertsona jakin batzuen borondatearen araberakoa da mugimendu hau...
GUTIERREZ: Hori da. Eta eskerrak horiei. Nik nire esperientziaz ikusi ahal izan dut enpresa batzuk ari direla urratsak egiten. Aholkularitzak ere ari dira izugarrizko lana egiten: ikertzen, berritzen, metodologia erakargarriak sortzeko, eta enpresei eskaintzeko... Administrazio batzuk ere ari dira proiektu batzuk bideratzen enpresa munduan euskara sustatu ahal izateko... Baina denak dira urrats bakanak; bakoitza bere aldetik ari da, eta ez da lortzen horien arteko elkarlanik. Akordio bat behar da, eta sistema bat behar bezala egituratzea. Horren inguruan pentsatu behar da. Igual alor sozioekonomikorako behar da erakunde bat kezka hori koordinatuko duena, arazo hauei irtenbide bat ematen saiatuko dena.
«Denak dira urrats bakanak; bakoitza bere aldetik ari da, eta ez da lortzen horien arteko elkarlanik»
ROBER GUTIERREZ
Egin daiteke aurrera egungo eran, legezko betekizunak ezartzen baino gehiago konbentzimenduak bilatzen?
GUTIERREZ: Ikusten ari gara iristen ari garela iristen ari garen mailara. Hori gainditzeko, nik uste dut behar dela pizgarriren bat. Pizgarri bat izan daiteke legea ukitzea. Egun zein dira betebeharren bat duten enpresak? EAEn 250 langiletik gorako enpresak, fakturazioa ez dakit zenbait milioitik gorakoa dutenak, ingurune soziolinguistiko jakin batzuetan edo hiriguneetan daudenak... Beste guztiek ez dute inolako betebeharrik. Nafarroan ez dago horri modua emango dion legerik, Ipar Euskal Herrian ere ez...
Eta legeak dioena betetzen da?
GUTIERREZ: Argindar konpainiek-eta gutxienekoa betetzen dute. Fakturak-eta bi hizkuntzatan jasoko dituzu etxean. Baina deitu call center batera, ea lehen hitza euskaraz den, edo joan Inditex dendako megadenda batera. Hor euskaraz artatuko zaituzte? Esango nuke ezetz. Legea ere ez da betetzen ari, eta txarrena da ez dagoela inor legea beteko dela bermatuko duenik; administrazioa bera ez da arduratzen horretaz. Eta hizkuntza politika kudeatzen duen saila, Eusko Jaurlaritzan, adibidez, Kultura Sailean dago. Eta ez da hitz egiten industrian izan behar den hizkuntza politikaz, edo beste departamentuetan nola jokatu behar den hizkuntzekin: ez da horretaz hitz egiten. Hori da euskarakoentzat, euskalgintzarentzat. Confebaski ez zaio ezer eskatzen hizkuntza kudeaketari dagokionez, eta Confebask ere bada parte bat honetan.
«Confebaski ez zaio ezer eskatzen hizkuntza kudeaketari dagokionez, eta Confebask ere bada parte»
ROBER GUTIERREZ
Langile kualifikatuak lortzeko zailtasunak gaiztotu du egoera?
PEREZ DE GOLDARAZENA: Nik uste dut hor gezur handi bat sinistu dugula. Badirudi atzerritik etortzen den pertsona batek izugarrizko ezintasuna izango duela euskara ikasteko, zeren eta euskaldunok erosi dugu, edo saldu digute, geurea dela munduko hizkuntza zailena. Eta, azkenean, uste dut konplexuz beteta gaudela. Alemaniara lanera doan pertsona bati ez zaio burutik pasa ere egiten alemana ez ikastea. Hemen, ordea, guk kanpotik etortzen direnei esaten diegu: «Lasai. Euskararik ez dugu ikasi beharko, zeren eta euskara, gainera, oso zaila da...». Eta ez da egia; edozein hizkuntzatan oinarrizko komunikazio gaitasun batzuk izateko, 900 ordu ikasi behar dituzu: hori kuantifika daiteke, hori antola daiteke, eta plan batean jar daiteke.
«Euskaldunok erosi dugu geurea dela munduko hizkuntza zailena. Azkenean, konplexuz beteta gaude»
IRAITZ PEREZ DE GOLDARAZENA
Onurak zein dira?
PEREZ DE GOLDARAZENA: Nik beti esan dut guri oso errentagarria atera zaigula euskararen kudeaketa. Bidean bezero euskaldunak topatu ditugunean, euskaraz konfiantza hori lortzea askoz ere errazagoa izan da. Gainera, gure lehiakideengandik bereizteko oso ezaugarri naturala izan da, eta gure lehiakortasunean eragin duen faktore bat izan da, enpresa honen hazkunderekin zerikusi zuzena izan duena.
Jaurlaritzak oraintxe, adibidez, Ingura aurkeztu du, euskara online irakasteko. Administrazioa ere ari da hainbat eratan...
GUTIERREZ: Bai, baina administrazioak enpresei zer eskainiko die, eta zer eskatuko die? Horri buruz ez dute hitz egiten. Sustapenaren bidean jarraitzen dute, eta oso gutxi gastatuta: aurrekontua oso murritza da.
Enpresek ere administrazio indartsuagoa nahi zenukete?
PEREZ DE GOLDARAZENA: Nik uste dut alde horretatik badaudela bi moral, eta oso arriskutsua dela hori, behintzat guk bizi izan duguna. Joan gara Gasteizko alkateekin eta Arabako Diputazioko agintariekin sariak jasotzera euskarari ematen diogun trataeragatik, eta gero, adibidez administrazio horietako lehiaketa publiko batera euskaraz joatea kimera hutsa da. Are gehiago, guk euskaraz egingo bagenu eskaintza bat, haiek itzuli egin behar lukete gaztelaniara baloratu ahal izateko. Beraz, niri sariek-eta frustrazioa sortzen didate; aurpegi zuriketaren esparruan mugitzen den gauza bat direla uste dut. Egiten diren hizkuntza politikak aldatu behar ditugu. Nik askoz nahiago dut hurrengo lehiaketa publikora banoa norbaitek baloratzea zenbateko ahalmena dudan euskaraz zerbitzua emateko, puntutxo xume txiki batekin bada ere... Horrek, niretzat, jaso ahal ditudan sari guztiak bano gehiago balio du. Baina hori ez da gertatzen.
«Sariek-eta frustrazioa sortzen didate; aurpegi zuriketaren esparruan mugitzen den gauza bat direla uste dut»
IRAITZ PEREZ DE GOLDARAZENA
GUTIERREZ: Hori ez dago sistematizatuta administrazioan. Administrazioa ez da eredugarria zentzu askotan. Enpresak kontratatzen ditu, lizitazioak ateratzen ditu, baina gero lana ez du euskaraz egiten, eta euskaraz lan egiten duten enpresak ez ditu behar bezala baloratzen. Zenbait lizitaziotan puntuak ematen dira Bikain edo Bai Euskarari izateagatik, baina ez dago sistematizatuta administrazio guztietan, lizitazio guztietan, sail guztietan. Zergatik? Euskararen hizkuntza politika ez dago zentroan: oso periferikoa da.