Euskararen gotorleku bila

Zortzi urte dira Gasteizen kafe antzoki bat eratzeko proiektua martxan jarri zela, eta, azkenik, kokaleku bat proposatu du udalak. Erabakiak poztasuna eragin du euskara sustatzen duten eragileen artean; hala ere, auzo elkarte batzuk ez daude guztiz ados hautatutako kokalekuarekin.

Eskoriatza Eskibel jauregia, barrutik ikusita. Jauregiaren ondoan dagoen Auzolana pilotalekua, barrutik ikusita. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Euskarak sustapenerako ingurune egokia behar du. Euskaldun dentsitate handia duten hainbat udalerrik, esaterako, beren euskalduntasuna bermatzeko mekanismoak eta tresnak martxan dituzte Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean bat eginda. Udalerri handietan ere euskaltzaleak aspaldi jabetuta daude euskarari oxigenoa emango dioten guneen garrantziaz. Horretarako, hiriguneek hizkuntza gutxituentzat dakarten sakabanaketa gainditu nahian, euskal hiztunak biltzeko espazio partekatuak eratzeari ekin zioten. Esaterako, duela 21 urte, Bilboko Kafe Antzokia sortu zuten, egitasmo berritzaile gisa. Bilbokoan inspiratuta, Gasteizko euskaltzaleek ere urteak daramatzate euskaldunen elkargune izango den gune zabal bat eskatzen. Egitasmoa 2008tik dago mahai gainean, eta, udalbatza alde egonda ere, ez da lortu proiektua bururaino eramatea. Aurten, Gorka Urtaran alkatearen udal gobernuak ikerketa bat egiteko eskatu zien Santa Maria Katedrala fundazioko kideei. Alde Zaharreko lau eremu izan ziren aztergai, antzokiarentzako kokapen egoki bat bilatzeko. Aztergai izan ziren Etxauri plaza, antzinako ur biltegia, Falerinako belardia eta Eskoriatza Eskibel jauregia. Lau kokaguneak ikertu ondoren, fundazioak ebatzi zuen Eskoriatza Eskibel zela antzokia egiteko gunerik aproposena.

Aztertutako beste hiru guneek ez dituzte baldintzak betetzen, udalaren esanetan. «Falerina lorategian eraikitzeak gaztetxeari espazioa kenduko lioke, eta ur biltegia ondare historiko gisa katalogatuta dago», adierazi du Iñaki Prusilla Kultura zinegotziak. Etxauri plazan eraikitzea ere ez du posible ikusten. Haurrentzako plaza, lorategia eta kiroldegia han daude, eta auzoko jardunei «kalte egingo» lieke.

Lazarraga kultur elkarteak urteak daramatza eskatzen kafe antzokiaren gisako gune bat, euskararen presentzia bermatuko duena. Iñaki Lazkano elkarteko kideak pozez hartu du erabakia. «Eskoriatza Eskibelen etxadiak Oihaneder Euskararen Etxeak eta antzokiak dituzten beharrak bete ditzake». Gaineratu du jauregiaren «birgaitzea» proiektuari lotzea «ona» dela.

Eskoriatza Eskibel jauregi historiko bat da. Lehen fasean, antzokia eraikiko litzateke. Aurreikusten da legegintzaldi honetarako obra amaituta egongo dela. Hurrengo legealdian jauregiaren zaharberritzeari ekingo litzaioke, eta Oihaneder Euskararen Etxea hara lekualdatuko lukete.

Antzokia eraiki ahal izateko, ordea, jauregiaren ondoan dagoen Auzolana pilotalekua eraitsi beharko dute. Pilotaleku hori auzokide batzar batek kudeatzen du, nahiz eta ofizialki udala izan jabea. 2008an, berreskuratu zuten, eta, geroztik, jarduera ugari antolatu izan dituzte. Frontoia mantentzeko lanak bere gain hartu dituzte auzokideek.

Prusillak nabarmendu du bateragarri egin nahi dituztela antzokia eraikitzea eta, aldi berean, auzoko jardueren jarraitutasuna bermatzea. «Altuera bikoitzeko bi solairu egitea da asmoa; lehenengoan, ikuskizun aretoa legoke, eta, bestean, frontoia edo erabilera anitzeko beste areto bat», adierazi du. Udalaren iritziz, Alde Zaharra da euskarari arnasa emateko gunerik egokiena, hiriko toki «dinamikoena» delako.

Lazkano bat dator ikuskera horrekin. «Inguruko hirietan bezalaxe, Gasteizen ere alde zaharrean sortu dira historikoki egitasmo garrantzitsuenak». Adibide gisa jarri ditu gaztetxea, irrati libreak, eta ateneoak. Horregatik uste du antzokiak ekarpen «interesgarria» egin diezaiokeela hiriko alde zaharrari. Antzokiaren kokapena oraindik ez da zehatza. Proiektua nola garatuko litzatekeen aztertzeko ideien konkurtso bat deituko du udalak orain.

Ahots guztiak ez dira hain baikorrak proiektuaren inguruan. «Antzokia eraikitzearen alde gaude, baina kezkatu egiten gaitu frontoiaren eraispenak», azaldu du Goian elkarteko kide Ane Zelaiak. Alde Zaharrean martxan duten egitasmo hezitzaile bat da Goian, eta frontoia darabilte.

Txapa Ahotsan antzeko iritzia dute. Frontoia kudeatzeaz arduratzen da Txapa Ahotsa Asanblada, 2008. urtetik. «Auzolana pilotalekuak erabilera ugari ditu, eta, apaltasunez bada ere, funtzionatzen du», azaldu du Itziar Lekuona elkarteko kideak. Arrazoi horrengatik, taldeak ez du ulertzen zergatik egin behar den horrelako egitasmo bat beren jardueren «kontura».

Santa Maria Katedrala fundazioak agerturiko ikuspegi murritza salatu du Lekuonak: «Alde Zaharrean eta Gasteiz osoan badaude erabilera askoz defizitarioagoa duten eraikinak; horien artean, gobernu militar zena». Ez du uste antzokia eraikitzeko egitasmoa Alde Zaharrera mugatu behar denik.

Prusillak aitortu du udala prest dagoela beste proposamen batzuk aztertzeko. «Proposamenak bideragarritasuna badu eta baldintzak betetzen baditu, ez genuke arazorik». Hala ere, ohartarazi du beste leku batera eramanda ere bizilagunekin arazoak sortzeko arriskua egon litekeela. «Kokalekuarekin katramilatzen baldin bagara, antzokiaren egitasmoa geldiarazita gera daiteke». Goian elkarteak adierazi du berari ez dagokila antzokiaren kokapenaren inguruan mintzatzea. «Gu ez gara arkitektoak, eta ez dagokigu kokaleku alternatiboak bilatzen ibiltzea», azaldu du Zelaiak. Hala ere, elkarte kritikoak prest agertu dira kokapenaren inguruan hitz egiteko.

Mesfidantza promesekin

Txapa Ahotsan ez dira fidatzen udalarekin. Uste dute eraikin berrian ez dagoela bermatuta frontoiari lekua egingo zaion. Luis Casado batzarreko kideak esan du udalak urteak daramatzala auzokideei proiektuak hitzematen, baina nabarmendu du gutxitan bete izan direla. Alde horretatik, gaineratu du «esperientzia ikusita» ezerk ez duela ziurtatzen hemendik urte batzuetara gaur egungo auzo jarduerek jarraitutasuna izango dutenik. «Egitasmo hauen aldakortasuna handia da. Zerk ziurtatzen du hemendik urte batzuetara antzokia eraikiko den ala frontoia beste gune batekin ordezkatuko duten?», ohartarazi du Casadok.

Zelaiak ere egitasmo horien «hauskortasuna» azpimarratu du. «Egitasmo horiek urteetako prozesuak dira, eta ezerk ez du bermatzen tarte horretan gure jarduerekin jarraitu ahal izango dugun». Gaineratu du Alde Zaharreko espazio guztiak «herri inplikazioaren» bitartez bereganatuak izan direla, erakunde publikoen laguntzarik gabe. Adibide gisa jarri ditu Landatxo, Alde Zaharreko eskola eta Etxauri plazaren berreskurapena.

Bestalde, zalantzak dituzte erabilera anitzeko guneak izango lukeen kudeaketa ereduaren inguruan. Erakundeen filosofiak eta herri mugimenduenak «talka» egin ohi dute halako espazioak kudeatzeko orduan, Casadoren aburuz. «Instituzioek euren filosofia izaten dute horrelako espazioak kudeatzen dituztenean». Haren esanetan, behin pilotalekua eraitsita eta erabilera anitzeko solairua eraikita ere, orain egiten dituzten jarduerek «desitxuratuta» gelditzeko arriskua dute. Adibide bat jarri nahi izan du hori argitzeko. «Herri bazkari bat egin ahal izateko hogei euroko ekarpena eskatu ohi diegu antolatzaileei». Adibide horri kontrajarri dio beste bat: Landatxo kiroldegian, udalak 1.000 euroko fidantza eskatzen du era horretako bazkariak egin ahal izateko. Hara, beren ustez, kudeaketa ereduen arteko talkaren adibide bat.

Lazkanoren ustez, udalak ahalegin guztiak egin behar ditu antzokiaren egitasmoa ahalik eta «integratzaileena» izan dadin. Erantsi du Euskal Herrian auzo jarduerak eta bestelako egitasmoak uztargarri egin dituzten egitasmoak egon direla: «Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eta Gernikako Astran gurearekin antza duten esperientziak izan dituzte».

Txapa Ahotsa Asanblada kexu da udalak proiektua azaltzeko erabiliriko moduen inguruan. «Egitasmoaz prentsaren bitartez ohartu ginen», salatu du Lekuonak. Gaineratu du udalak bere baldintzak onarrarazi nahi dizkiela. «Guri aldez aurretik jakinarazi gabe kokalekua iragarri dute». Iruditzen zaie era horretan udalak bere agenda markatu nahi izan duela, aukeren abanikoa «murriztuta» eta beren irizpideak «inposatuta».

Hala Goianek nola Txapa Ahotsak iragan asteotan zehaztu dute oraindik jarrera orokor bat adosteko daukatela. Orain bilduko direla gaia «zehaztasun» handiagoz aztertzeko. Udal gobernuak ere eragile guztiekin biltzeko asmoa agertu du. Gaiak zortzi urte daramatza katramilatuta, 2008an Antxon Belakortu orduko EA alderdiko zinegotziak euskal kulturaren aldeko gune bat eraikitzearen aldeko proposamena egin zuenetik. Oraindik antzokia eraikitzeko obrak hasi ere ez dira egin, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.