Gemma Sangines eta Ferran Suay. Psikologoak

«Euskararen ezagutzak derrigorrezkoa izan behar du Euskal Herrian»

Hizkuntzarekin kontzientzia duten hiztunekin lan egiten dute Sanginesek eta Suayk, psikologiaren ikuspegitik. Gaizki sentitu gabe nork bere hizkuntzari eusteko tresnak ematen dituzte.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI  PRESS.
urtzi urkizu
Aduna
2013ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
AEKren udako barnetegi batean daude egunotan Gemma Sangines (Bilbo, 1970) eta Ferran Suay (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1959), Adunan (Gipuzkoa), bi alabekin batera. Valentzian bizi dira, baina urtero etortzen dira Euskal Herrira. Taller d'Espai Linguistic Personal (TELP) tailerrak ematen dizkiete katalanei, baita euskaldunei ere.

Hizkuntza asertibotasunean lanean ari zarete azken urteetan. Baina zertan datza zehazki?

GEMMA SANGINES: Adibide batekin azalduko dut. Aurreko batean, barnetegiko lagun bat Donostiara joan zen, eta taberna batean izozki bat eskatu zuen. Tabernariak esan zion ez zuela ulertzen. Lagunak eskatzen jarraitu zuen, keinuekin. Ematen du kontu normala dela, baina harentzat lehen aldia zen. Lehen beti hizkuntza aldatzen zuen.

FERRAN SUAY: Asertibotasun kontzeptuak abantailaz gainditu dezake hizkuntza fidelitatearena. Fidelitateak militantzia eta ideologia eskatzen du. Asertibotasuna, berriz, kontzeptu orokorra da. Nahi duzuna eta iruditzen zaizuna egitera eramaten zaitu, inolako ideologiarekin bat egin gabe. Adibidez, galtza motzetan jantzita zoaz, azalpenik eman gabe. Asertibotasunak psikologian lotura du gauzak egitearekin, azalpen subjektiborik eman gabe.

G. S.: Asertibotasuna nahi duzuna egitea da, zure iritziaren arabera, besteak errespetatuz, eta zure barnean gaizki sentitu gabe.

Zortzi urte luze joan dira L'espai Linguistic Personaleko tailerrak ematen hasi zinetenetik. Zein esperientzia jaso duzue urteotan Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian?

G.S.: Konturatu ginen bazegoela jendea militantzia baduena hizkuntzarekin, hizkuntza maite duena eta hizkuntzari eusteko gogoa ere baduena, baina ez dakite nola jokatu katalanarekin. Pentsatu genuen psikologian oinarrituta hainbat tresna aurkez genitzakeela, egoera hori hobetzeko. Hiztuna hobeto sentitzeko. Gero eta tailer gehiago joan ginen egiten; aurrenekoak Valentzian egin genituen, gero Katalunian, Balear Uharteetan eta Andorran, eta 2006an hasi ginen Euskal Herrian. Tailer hauen helburua da hizkuntzarekin kontzientzia duten hiztunak laguntzea hizkuntzari eusten.

F.S.: Katalanaren eta euskararen baldintzak ezberdinak dira. Herritarren ulermenari begira, bereizi behar dira katalana eta gaztelania, eta euskara eta gaztelania. Katalanaren kasuan, ulertzen ez duela esaten duen zerbitzariak gezurra esaten du. Beste arrazoi batzuengatik egiten du, esate baterako, abertzale espainiar sutsua delako edo erosotasunagatik. Berdin zait pertsona horrek nik gaztelaniaz hitz egitea nahi badu, nik katalanez hitz egiten jarraituko dut, erosoago egiten zaidalako.

Nola sentitzen dira Valentzian hiztunak beste batek esaten dienean ez dutela katalana ulertzen?

F.S.: Valentziako erkidegoan azkeneko hilabeteetan hainbat gertakari larri izan dira; hainbat poliziak abusuzko jokabideak izan dituzte katalanez mintzatu zaizkien pertsonekin. Arenal Sound jaialdian, adibidez, emakume bati ez zioten sartzen utzi, zinpeko zaintzaileari katalanez hitz egin ziolako. Hori guztia ez da kasualitatea. Errepresioa dosi neurtuetan mantentzen ari dira, beldurra ziurtatu eta herri batek hizkuntzaz alda dezan. Indarrez lortzen da hori, eta hala egin zuten frankismoan.

Vicent Partalek Valentziako egoera Nafarroarenarekin alderatzen du. Ados zaudete?

G.S.: Bai, bikiak direla ematen du. Bi herrialdeetan gobernuek nazioaren izaera ukatzen dute eta errepresio handiagoa ezartzen dute. Hiztunen aldetik, Valentziakoak Kataluniara joaten direnean eta Nafarroakoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, hazi egiten dira, eta hiztun asertibo gisa jokatzen dute. Hizkuntza paisaia erosoago bat ikusten dute. Alderantziz, Kataluniakoak Valentziara eta EAEkoak Nafarroara joaten direnean, hizkuntza aldatzen dute.

F.S.: Euskal Autonomia Erkidegoan eta Katalunian egon dira gobernuak hizkuntzaren aldeko politikak egin dituztenak, ahul samarrak izan arren. Valentzian eta Nafarroan, berriz, politika deuseztatzaileak egon dira hizkuntzaren aurka, baina nahiz eta diru asko eta tranpa legalak erabili, ezin izan gaituzte deuseztatu.Nahiz eta guk pertsonen jokabideekin lan egiten dugun, garrantzitsua da hizkuntzaren aldeko benetako politikak egotea. Soilik horrela manten daiteke hizkuntza bat.

Zein hizkuntza politika behar da hizkuntzak aurrera egin dezan?

F.S.: Herrian bizitzeko, hizkuntza propioaren ezagutza beharrezkoa egiten duen politika. Euskararen ezagutzak derrigorrezkoa izan behar du Euskal Herrian. Beste hizkuntza batzuk ezagutzea desiragarria eta txalogarria izan daiteke. Euskaraz ikasi ez dutenek hiltzen diren arte gaztelaniaz bizitzeko aukera eman daiteke, baina iraungitze data jarri behar da gaztelaniazko agirientzat. Nahiz eta desiragarria ez izan pertsona bat euskal hiztun elebakarra izatea, aukera hori eman behar zaio.

F.S.: Legeak gauzak erraztu behar dizkio euskaldunari. Gaur egun, oso zaila da euskaldun gisa denbora ez galtzea gauza arruntetan, administrazio kontuetan eta. Asertiboa izan nahi baduzu, denbora asko erabili behar da. Egoerari buelta eman beharko litzaioke. Katalunian, adibidez, duela hiru urte lege berri bat onartu zuten, zinemako eskaintzaren %50 katalanez izan behar zuela ezartzen zuena. Ez da %10 ere bete. Legea egiten baduzu eta ez bada betetzen, are txarragoa da.

G.S.: Elebitasunarekin ahoa betetzen zaien indar politikoak lege horren aurka agertu dira, nahiz eta elebitasun purua izan: %50 katalanez eta %50 gaztelaniaz.

Une oro euskaraz aritzeak lotura al du deserosotasunarekin?

G.S.: Bai; hiztun asertiboa baldin bazara, ematen du bizitzan liskar bila zabiltzala. Beti zuk protestatzen duzu, eta hizkuntza gatazka bihurtzen duzu. Gatazka letra larriekin. Baina horrek desagertu egin behar du. Politikariek eta pertsona esanguratsuek jokaera ona mantendu behar dute hizkuntzaren alde, lasai eta gatazkatik ihes eginez.

Kaleko euskal hiztunak konplexu askorekin ikusten al dituzue?

G.S.: Bai, Katalunia, Galizia eta Kurdistango hiztunak bezala. Euskal hiztunek konplexu handiak dituzte; autoestimu baxua dute, eta pentsatzen dute besteen eskubideak garrantzitsuagoak direla. Ondorioz, euren hizkuntzari uko egiten diote maiz.

F.S.: Hizkuntza bi modutan suntsi daiteke: batetik, hiztunek hitz egiteari utziz; eta, bestetik, hizkuntza erderakadaz betez, atzerrikoek uler dezaten. Kanpotarrak ez dira bertakoak baino gutxiago, baina ezta gehiago ere.

G.S.: Bestalde, beti besteak babesten gabiltza, eta horregatik haien hizkuntza erabiltzen dugu.

F.S.: Europan hizkuntzak jakitea gaitasun gisa ikusten da, eta hori hizkuntza propioetarako baliatu beharko genuke.

Katalanaren eta euskararen egoera hobetuko den itxaropenik ba al duzue?

G.S.: Egoera politikoa aldatzen denean gauzak arinago joango dira. Hiztunok gure arduraren parte bat badugu, baina gobernuen bultzada gabe ezin dugu ezer lortu agintariak kontrako bidean badaude.

F.S.: Hiztunak ez du errudun sentitu behar, ez hizkuntzarekin gertatzen denarekin ez egiten duenarekin. Erruak eta penak ez du inolako erabilera praktikorik. Hiztunek ardura izan behar dute euskaraz ahalik eta gehiago hitz egiteko, baina administrazioek dute ardura euskara babesteko eta garatzeko.

Usurbilen urriaren 25ean eta 26an emango duten ikastaroan izena emateko:

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.