Euskararen erabileran «jauzia» egitea du xede Euskaltzaleen Topaguneak

Agiri bi aurkeztu ditu batzar orokorrean, datozen urteetako lana zedarritzeko. Iziar lehendakari da jada

Euskaltzaleen Topagunaren batzarra, atzo, Ermuan; Amonarriz Iziarri lekukoa pasatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun

Euskaltzaleen Topaguneko atzo arteko lehendakari Kike Amonarrizen hitzok: «Hizkuntzaren biziberritze prozesuak bultzada berri bat behar du, eta bultzada horren emaitzak izan behar du erabileran jauzi bat egitea». Atzo Ermuan (Bizkaia) egin zuten batzar nagusian izendatu zuten Irati Iziar lehendakariarenak, berriz, besteok: «Gizartean erabileraren aldeko eraldaketa gerta dadin, euskalgintzaren barruan eta kanpoan dauden eragile eta sektore guztiei zabaldu nahi diegu proposamen hau». Elkarren hitzak osatu zituzten, kidetasun onean: euskararen datozen urteotako erronka nagusia «erabilera» dela nabarmendu zuten, eta alor horretan hauspo izateko asmoarekin lotutako bi agiri ere aurkeztu zituzten batzarrean: horietan zehazten da Euskaltzaleen Topaguneak zer eginkizun bete behar dituen datozen urteotan.

Batera jauzi izeneko dokumentua da agiri bien oinarria. Propio horretarako eratutako elkarrizketa talde eragile batek zazpi hilabetean egindako lana da. Zer aldaketa eragin nahi dugu? galderari erantzunez idatzi dute. «Fase aldaketa bat irudikatzen dugu formulazio honekin», zehaztu dute agirian: «Erabileraren aroaren hastapena». Topagunearen eskariz egin dute ekarpena: «Euskararen erabileran eragiteko neurri berritzaileak behar zituztela iritzita hartu zuen Topaguneak dinamika abiatzeko erabakia», azaldu dute.

Aldaketa Teoria deiturikoa izan dute ardatz bidean. «Gizarte aldaketarako prozesuen konplexutasunean nabigatzeko pentsamendu eta ekintza ikuspegi bat da», azaldu dute agirian. Hamalau pertsonak osatu dute taldea, baina Euskal Herri osoko berrehun pertsona inguru izan dituzte bidelagun.

«Elkarrizketa» ardatz

Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabal izan da talde eragileko kideetako bat. Esan du hautatu zuten metodologiak «elkarrizketa» duela ardatz, eta talde eragile horren beraren «aniztasuna» izan zela lehen helburua. «Hamalaukote hori ez da guk nahiko genukeen bezain askotarikoa, baina, aldi berean, oso plurala da», azaldu du. Helburu izan dute euskararen erabileran «jauzi bat» emateko gizartean zer baldintza behar diren identifikatzea. «Taldearen baitako gogoetak egin dira; horrez gain, hainbat kontraste bilera egin dira xede talde jakinekin: gehienbat, euskaraz ez dakiten taldeekin, zenbait herri mugimendurekin; lurraldekako gogoetak ere egin dira, gazteekin...». Era horretan, «osatu» egin dute begirada.

Lan horren guztiaren emaitza nagusia bost baldintza izan dira: euskararen erabilerak benetan «jauzi bat» egiteko bete behar diren bost baldintza identifikatu dituzte. Era berean, zehazten saiatu dira zer «ekarpen» egin behar diren baldintza horiek bete daitezen. Ikuspegi oso batekin. «Sistemikoa da», zehaztu du Mendizabalek: «Baldintza bat betetzen ez bada, bestea nekez beteko da. Elkarrekin lotuta ikusten dira baldintza horiek, oso orokorrak dira, eta ez dira kontzeptu ezezagunak. Baina ematen zaien lehentasuna bai, hori akaso berritzailea da, eta gakoak ematen ditu jauzi hori egiteko egon daitezkeen korapiloen inguruan». Pozik daude Topagunean emaitzarekin, datorren hamarraldirako «lehentasunak» jartzeko zimendua delakoan.

Topagunearen «izaera»

Atzo aurkeztu zuten beste agiria zera da, dokumentu horretan oinarrituta Euskaltzaleen Topaguneko bazkideentzat atondu duten eztabaidarako txostena. Erakundearen eginkizunak zehaztea du helburu agiri horrek, Mendizabalen arabera, geroko estrategiak zein diren fintzea: «Topagunearen izaera eta muineko funtzioa kontuan hartuta, nola elikatuko dugu ekosistema baldintza horiek lor ditzagun erabileran jauzi hori egitea posible izateko?». Topaguneak bere «oinarri sozialari» helarazi nahi dio agiri hori datozen asteotan.

Ez da lan makala: ia ehun euskaltzale elkartek osatzen dute.«Hainbat foro antolatu ditugu: online, aurrez aurre, lurraldeka...», azaldu du Mendizabalek. Eztabaidak mamituta nahi dituzte azaroaren 18rako, kongresua egingo baitute orduan, Arrasaten (Gipuzkoa). Han «behin betiko txosten bat» onartzea da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.