Arabako lan munduko, euskararen arloko eta instituzioetako ordezkariek babestuta, Lazarraga sariak banatu dituzte gaur Artiumen. Bost entitate izan dira sarituak aurtengo ekitaldian: Grafik Sarea (Laudio), Sartu Alava (Gasteiz), Elkar San Prudencio (Gasteiz), Hyundai Eska (Laudio) eta Jimmy Jazz.
Bai Euskarari Elkarteak antolatzen duen sariketaren helburua da erakunde eta enpresei nolabaiteko aitortza ematea euskararen alde Arabako alor sozioekonomikoan egindako lanagatik.
Hori azaldu du Bergoi Madernaz del Pozo Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak. Gogoratu du «euskara larrialdi linguistikoan» dagoela, eta hurrengo urteetako hizkuntza politiketan estrategikoa izan behar duela lan munduan euskaraz eroso aritzeak. «Ezin da lan munduan galdu hezkuntzan egiten ari garen inbertsioa».
Hori helburutzat hartuta, Madernaz del Pozok «urrats sendoak» eskatu ditu plangintzetan, arauetan eta baliabideetan.
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, berriz, azaldu du Araban gero eta enpresa gehiago ari direla «berrikuntzan lehiakortasunez jokatzen, euskara bere kudeaketan barneratzen, bezeroekin eta hornitzaileekin euskaraz aritzeko».
Sarituak
Bost sarituek dute Bai Euskarari ziurtagiria. Laudioko Grafik Sarea enpresak branding-aren, seinaletikaren eta produktu korporatiboaren arloan egiten du lan. Zerbitzuak euskaraz eskaintzen ditu, eta euskara du ardatz barne komunikazioetan eta funtzionamenduan.
Sartu Alava gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko xedea duen irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta herrialde osoan aritzen da. Erakundeak euskararen bidean egindako aurrerapauso handiak saritu dituzte.
Elkar San Prudencio erreferentziazko denda da Gasteizen, eta bezeroei euskarazko zerbitzua eskaintzen eginiko ahalegina aitortu diote gaurko ekitaldian.
Hyundai Eska auto tailerrak ere ahalegin horrengatik jaso du Lazarraga saria. Bost langiletik lau dira euskaldunak, eta saiatzen dira bezero guztiak euskaraz artatzen.
Jimmy Jazz Gasteizko kultur areto ezagunak ere izan du saria. Orain dela gutxi eskuratu du Bai Euskarari ziurtagiria, eta, sari emaileen arabera, «lan dezente egin du urte hauetan euskara bere negozioan txertatu eta inguruan zabaltzeko».