Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu legegintzaldiko azken Euskararen Aholku Batzordeko buru izan da gaur, eta urte hauetan guztietan lortutako «adostasuna eta lankidetza» azpimarratu ditu, egindako lana ulertzeko eta goraipatzeko gako gisara. «Iritzi eta ahots ezberdinek lekua izan dute hizkuntza politikarako hartu diren erabakietan eta lehenetsi diren programetan», eta horrek ekarri du, haren hitzetan, ezarritako konpromisoak «osorik» betetzea. Urkullu ez da berriz izango lehendakari izateko hautagaia, eta, beraz, ez du aholku batzordeko beste bilerarik zuzenduko.
Baikor solastatu da lehendakaria bileran: «Euskararen indarberritze prozesuak bere bidea egin zezan jarri ziren jomugetara heldu gara». Esan du euskararen eremu geografikoan ez ezik urrunago begira ere lorpenak egon direla. «Munduko hizkuntza gutxituen arteko loturak hurbiltzea ere izan da hizkuntza politikaren egitekoa». Eta euskararen lurraldean, halaber, elkarlana indartu den irudipena du: «Nafarroako Gobernuaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hiruko itunaren bidez, alde batetik».
Hainbat lorpen eta aurrerapauso nabarmendu ditu Urkulluk. Horra zerrenda: «Euskaraldia, Euskaraz barra-barra marka berria, euskal hedabideen dirulaguntza lerro berria, kirolean euskara sustatzeko plana, helduen euskalduntzean doakotasunaren bidea, Gaitu hizkuntza teknologien plan berria, jarduera sozioekonomikoan euskara sustatzeko plana, eta enpresa zein erakundeentzako ziurtagiri sistema berria». Horiek guztiak lankidetzan lortu direla goraipatu du: «Erakunde publikoekin izandako lankidetza aberastu da gizarte eragileen ekarpenarekin. Beti bezala, iritzi eta ahots ezberdinek lekua izan dute hizkuntza politikarako hartu diren erabakietan eta lehenetsi diren programetan».
Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako onartu berria da hezkuntza arautzeko lege berria; hain justu, abenduaren 21ean onartu zen, eta horren bidez ere aurrerapausoak egingo diren esperantza azaldu du Urkulluk. Aroa izenekoa da euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko marko estrategiko berria, eta adierazi du horren gainean ere aurrera egingo dela. Era berean, Jaurlaritza dekretu berria ontzen ari da, funtzio publikoan hizkuntza eskakizunak-eta arautzeko, eta horren bidez ere aurrerabideak espero dituzte.