Euskararen bidea urratuz

Euskararen osasunaren inguruan mintzatu da Irene Arrarats BERRIAko euskara arduraduna. Estilo liburuaren balioa eta garrantzia nabarmendu ditu, eta iraultza digitalaren ondorioak azaldu.

BERRIA talde, Euskaraldiaren alde. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko ekainaren 19a
16:11
Entzun

BERRIA eta euskara. Euskaraz kontatzen du BERRIAk mundua, eta hizkuntza du eguneroko tresna. Euskaraz bizi da, eta euskarak lotzen eta osatzen du komunitatea. Honaino egindako bidea, baina, aberasgarria bezain malkartsua izan da. Lehengo eta oraingo garaiak aztertu ditu Irene Arrarats BERRIA egunkariko euskara arduradun eta euskaltzain urgazleak.

'EGUNKARIA'-REN ITXIERA

«Oso giro garratza zen egun haietakoa». Hala aitortu du Arraratsek. Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, eta hainbat arduradun atxilotu eta torturatu zituzten. Emandako erantzuna nabarmendu du, baina kolpe «ikaragarria» izan zela onartu. Azaldu duenez, «zurrunbilo betean» bizi izan zuten jazotakoa, eta amorruak hartu zituen. Alde positiboa ere aurkitu dio: «Bidegabekeria ikusita edo, hobeto esanda, bidegabekeriei erantzuteko oso-oso ona izan liteke amorrua. Eta igual erreibindikatu behar genuke. Amorru hark sekulako erantzuna ekarri zuen».

BERRIA-REN SORRERA

Euskarazko egunkari nazional bakarra itxi eta biharamunean argitaratu zen haren ondorengoa: Egunero. Behin-behineko urgentziazko egunkaria izan zen, eta lau hilabeteren ostean jaio zen BERRIA, 2003ko ekainaren 21ean. Egunkaria-k bidea urratu eta zabaldu bazuen ere, haren itxierak baliabiderik gabe utzi zituen langileak. Horrek atzerapausoa ere ekarri zuen hizkuntza aldetik, kalte egin baitzion urteetan landutako eta entrenatutako gihar linguistikoari. «Ahal genuen guztia egin genuen Egunero egunkarian irakurleei ahalik eta lan txukunena eta duinena emateko. Horrelako krisialdietan lehenengo sufritzen duten arloak kalitateari azkeneko ukitua ematen diotenak dira, eta gogoratzen naiz aurreneko egunetan orraztu gabe argitaratu zirela testuak». BERRIAren lehen urratsetan ere sumatu zuten zurrunbiloa: «Lau hilabete eman genituen helburuak eta lehentasunak beste batzuk zirela; nahiko lan bagenuen halako egoera bati buelta ematen. BERRIA kalean egotea lortu genuenean, nabaritu genuen hizkuntza aldetik atzeraldia-edo izan genuela. Horri buelta eman behar zitzaion». Ilusioz eutsi zioten erronkari, eta hori izan zen «bultzatzaile handiena».

IRAULTZA DIGITALA

Kasik garai bertsuan etorri zen iraultza digitala. «Lehendik ere bazetorren aldaketa hori, baina BERRIAn gero eta gehiago jo dugu sareko produktu eta edukietara». Webgunea, kanalak, sare sozialak... «Gure lana dibertsifikatu egin da. Garai honek zailtasun batzuk ekarri ditu».

ESTILO LIBURUA

Euskaldunon Egunkaria-ren estilo liburuaren hiru bertsio kaleratu zituzten, baina, Egunkaria ixtean, hasieratik ekin behar izan zioten estilo liburu berria sortzeari. Bide batez, planteamendua ere aldatu zuten. «Egunkaria-ren ondasun guztiak, itxierarekin batera, bahituta edo enbargatuta geratu ziren. Eta estilo liburua ere bai; edukia ere bai. BERRIAk behar zuen bere estilo liburua». Premia bertute bihurtzeko ahalegina egin zuten, eta hortik tiraka hasi ziren garaiak eskatzen zuen estilo liburua sortzen: «Bi aldetatik aldatu genuen, azal eta mami». Azalari dagokionez, formatua moldatu eta handiagoa eta bisualagoa egin zuten. Mamiari dagokionez, berriz, batez ere arlo estilistikoari heldu zioten, gramatika baztertu gabe. «Nahi genuen testuak atseginak, onak eta adierazgarriak izatea, indar komunikatiboa izatea. Beraz, saiatu ginen fraseologia, estilistika eta horrelako gauzak lehenesten. Iruditzen zaigu hori dela komunikabide baten estilo liburuaren helburua».

Hain zuzen, kazetaritzako idazkuntzari buruzko informazioa dago BERRIAren estilo liburu digitalean. Hamar atal izan ditu orain arte: deontologia, informazioaren genero eta elementuak, idazkuntza, Internet, ortotipografia, onomastika, munduko herrialdeak, Euskal Herriko herri izendegia, hiztegia eta bibliografia. Oraintsu hamaikagarrena ere gehitu dute, ikus-entzunezkoena. Etengabe berritzen aritzen dira: «Egunero-egunero ateratzen zaizkigu gauza berriak, eta zerbaitek gutxieneko maiztasuna izango duela iruditzen bazaigu, sartu egiten dugu». Estilo liburuaren balioa goraipatu du: «Hortxe dago, webgunean, guztien eskura. Uste dut harrera ona duela, nahiz eta pixka bat ezezaguna den».

SARE SOZIALAK

BERRIAk, webgunea eta papera izateaz gainera, sare sozialak ere baliatzen ditu bere edukiak zabaltzeko: Facebook, Instagram, Telegram... Hainbat formatutan kaleratzen du informazioa: «Lehen, idatzizko testuak ziren gure langaia, eta orain ahozko testuak ere badira. Nabaritzen dugu eguneroko martxan. Podcastetarako, bideoetarako gidoiak ere txukundu eta zuzendu behar dira, baina beste era batera, belarrirako baitira. Txioak zuzentzeko aukerarik ez daukagu. Dena gobernatzeko aukerarik ez daukagu oraintxe. Saiatuko gara, eta horretan gabiltza».

EUSKARAREN OSASUNA

Euskararen egoeraz galdetuta, honela erantzun du Arraratsek: «Pesimista izatea oso antipatikoa da, eta ni optimista naiz, baina ez itsua». Adierazi du «oso merke» saltzen dela euskaldun izena. «Euskaldun intermitenteak gara, denok». Haren ustez, euskara irakaskuntzako hizkuntza bakarrik izanez gero, oso zaila da euskal komunikabideak eta euskal kultura norberarenak direla sentitzea. «Nola erakarri jendea? Nik, alde horretatik, ez dut panorama oso ondo ikusten. Euskaldun osoak sortzeko testuingururik ez dugu. Hautu politiko bat egin behar duzu. Eta, dirudienez, ez gaude oraintxe euskararen aldeko hautu politiko militante kontzienteak egiteko».

BERRIAn ere sumatu du joera hori. «BERRIA ez da uharte bat. Euskaldunon komunitatearen parte bat da, eta ispilua ere bai. Kalean dagoen horren ispilua gara, onerako eta txarrerako. Dena dela, gure kasuan, diferentzia bat dago, eta hauxe da: profesionalak garela eta gure lana egiteagatik kobratzen dugula. Gainera, uste dut ilusioarekin egiten dugula. Baina euskararen egoera nabaritzen da, eta euskararen bizipoza handia, txikia edo erdipurdikoa den, hori BERRIAn ere nabaritzen da». BERRIAk hobetzen jarraitzeko lanean segituko duela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.