Astebete baino gehiago igaro da Nafarroako Parlamentuak Mañeruri eragotzi ziotenik eremu ez euskaldunetik eremu mistora pasatzea. Denboraren joanak, baina, ez du baretu herritarren sumina, eta gaur erakutsi dute aski indar badutela ezezkoari kontra egiteko. Mañeruko Udalak eta Hordago herri ekimenak deiturik, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute eguerdian herriko Foruen plazan. Irmo, galdegin dute errespeta dadila «Mañeruren hitza». Mañeruko udalbatzak aho batez egin zuen eremu mistoan sartzeko eskea, eta Navarra Sumaren eta PSNren ezezkoek bota zuten atzera proposamena.
Ikusi gehiago:Nuria Garcia Arostegi, Mañeruko alkatea: «PSNrentzat noiz da eremuz aldatzeko garai egokia? Inoiz ere ez»
Parlamentuak atea itxi duenez gero, Mañeruk eremu ez euskaldunean segitu beharko du gaur-gaurkoz, mugakide diren herri gehienek ez bezala –gehienak eremu mistoan dira jadanik–. Herritarrek protestan azaldu dutenez, ez dago horretarako «argudio baliozkorik» apenas. Bakarra okurritu zaie: «Nafarroa eta euskara ulertzeko ikuspegi desitxuratua izan ezik, noski». Atsekabeturik azaldu dira hori ikusirik.
Edonola ere, Mañeruko protesta ez da mugatu parlamentuak berriki harturiko erabakira. Herritarrek irmo egin dute euskararen zonifikazioaren kontra. «Erabakiak agerian utzi du, beste behin ere, euskararen zonifikazioak ez duela ez hanka ez bururik, ez diolako inolako irizpide soziolinguistikori erantzuten, besteak beste». Garbi aldarrikatu dute euskara «Nafarroa osoko» hizkuntza dela. Herritarrek nabarmendu dute euskararen zonifikazioak ez duela «ez hanka ez bururik». «Cortestik Berara; Vianatik Gardera; Altsasu, Iruñea eta Tuteratik igaroz; mendia, erdialdea eta Erribera osoa. Mañeru Nafarroa bada, euskara ere Mañeruko hizkuntza da».