Azken urtean euskararen kontra egiten ari diren oldarraldi «politiko eta judiziala» salatzeko agerraldia egin du gaur LAB sindikatuak. Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait langile bildu dira Donostiako justizia jauregiaren kanpoaldean, eta salatu dute hizkuntzaren aurkako eraso horiek kalte egiten diotela Gipuzkoako herritarrek jasotzen duten artaren kalitateari. «Euskararen behar soziolinguistikoak urratzen dira, eta, horrelakoetan, euskaraz bizi eta lan egin nahi duen komunitatea da beti galtzailea», esan du LABeko ordezkari Nadet Arrizabalagak.
Urko Barbarin sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, administrazio publikoetako euskaldunak eta euskaraz bizi nahi duten herritarrak «erdara erabiltzera behartuta» daude egunero, eta horrek «suntsitu» egiten du euskararen «prestigio sozial eta politikoa». Horiek horrela, auzitegiek euskararen aurka hartutako azken erabakia salatu du: Gipuzkoako Foru Aldundian ehun lanpostu publikotarako euskararen eskakizuna baliogabetu dute. Barbarinek adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak geldiarazi egin dituela lanpostuak adjudikatzeko bi prozesu.
Halako epaiekin, «normalizatu nahi den hizkuntza minorizatuaren aurkako erasoak ezin dira ekidin», Arrizabalagak nabarmendu duenez; hau da, «marko juridikoaren betekizun nagusia» ez da betetzen. Are gehiago, egun indarrean den marko juridikoak «euskarak dituen behar soziolingustikoak asetzeko» ez dela egokia iritzi dio LABeko delegatuak. Hori dela eta, «marko legala aldatu» behar dela aldarrikatu du: «Aldaketa hori egin ezean, atzera egingo dugu euskararen normalizazio prozesuaren oraingo bidegurutzean».
«Demokraziaren izenean, ezin dugu euskaraz lan egin, ezta euskaraz bizi ere»
URKO BARBARIN LABeko ordezkaria
Agerraldian, euskararen aurkako epaiak seinalatzeaz gain, beste hiru eragilerengan jarri du arreta sindikatuak: EAJ, PSE eta CCOO. Eta Bizkaiko Foru Aldundiaren adibidea izan dute hizpide, han gertatzen dena Gipuzkoan egin ez dezaten. Izan ere, sindikatuko ordezkariek salatu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak «erdira» murriztu du hizkuntza eskakizunen maila.
Egoera horretan «euskararenak eta euskaraz lan eta bizi nahi duen euskal komunitatearenak» egin duela salatu du Barbarinek: «Demokraziaren izenean, ezin dugu euskaraz lan egin, ezta euskaraz bizi ere». Hala ere, Arrizabalagak azpimarratu du aurre egingo diotela epaitegiek eta zenbait alderdi politikok eta sindikatuk euskararen aurka abiarazitako oldarraldiari: «Euskararen normalizazio prozesuan ez dugu atzerapausorik onartuko».
Gaurkoa ez da lehen aldia LABek euskararen aurkako erasoak salatzen dituena; gaur zortzi, esaterako, beste elkarretaratze bat egin zuten; orduan, ELArekin eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera.
Ertz guztietatik
Agerraldira foru aldundiko hainbat kolektibotako langileak bertaratu dira: suhiltzaileak, basozainak, sukaldariak eta garbitzaileak, besteak beste. Lan arloen aniztasuna ez da zorizko erabakia izan. Izan ere, Edurne Lizaso LABeko ordezkariak azaldu duenez, sindikatuaren helburua izan da ikusaraztea euskararen aurkako epaiek «ertz guztiei» eragiten dietela.
Gipuzkoako Foru Aldundia administrazio publiko bat den heinean, kolektibo asko hartzen ditu bere gain; horregatik, lan esparru horietan guztietan arta euskaraz jaso ahal izateko eskubidea aldarrikatu du Lizasok: «Euskara ez da bakarrik arreta leihatiletan ziurtatu behar, epaileek azkenaldian hala adierazi badute ere. Herritarrek zerbitzu asko jasotzen dituzte, eta bermatu beharra dago sute batean edo aterpetxe batean euskaraz hitz egin ahal izatea, besteak beste».