Agerraldi «aktibista» bat izan dela esan dute Sortuko ordezkariek; Bilboko Justizia Jauregi parean elkartuta, igaro hilabeteetan euskararen normalizazioaren aldeko neurrien kontra egon diren epaien gaineko kezka adierazi nahi izan dute, baina euskararen aurkako dinamika, oro har, «integrala» dela salatu dute. «Ertz ugari ditu; politikoa eta ideologikoa ere bada. Funtsean, nazio gatazka dago oinarrian». Heldu den larunbaterako Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitua duten manifestazioarekin bat egin dute.
Eraikinaren aurrealdea hartu dute Sorturen agerraldian parte hartu dutenek, puzgarri erraldoi bat jarri dute, eta Euskarafobia stop dioen pankarta bat zabaldu dute. Sorturen Nazio Kontseiluko ordezkari Iker Salcedok hartu du hitza. Estrategia «integral» bat martxan dela ohartarazita, euskararen kontrako fronte ugari ireki direla salatu du. «Euren espainiar proiektuak Euskal Herrian jarraitzeko helburuz, euskararen eta euskal kulturaren hedapena gerarazi dute».
Erasoen kontra egiteaz harago, erantzun bat ere prestatu behar dela esan du. «Hizkuntza politika berriak eta ausartak behar ditugu, euskararen normalizazioan eta euskalduntzean urrats berriak egiten jarraitzeko». Bide horretan aurrera egite aldera estatu propio bat ezinbestekoa dela erantsi du: «Euskal Herriak eta euskarak independentzia behar dute».
EGIren deia
Euzko Gaztedi-EGIko hainbat ordezkari ere Bilboko Justizia Auzitegi parean elkartu dira; gaitzespena adierazi dute euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituzten ebazpen judizialen harira, eta aurreratu dute heldu den larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartuko dutela. Euskararen normalizazioaren aldeko neurri eta irizpideak bertan behera uzte aldera ebatzi diren epaiak «euskal gizartearen gehiengoak» adierazi duenaren kontrakoak direla esan dute.
Epai horien asmo gaiztoa agerian utzi nahi izan dute. «Hizkuntzen kudeaketari dagokion aplikazioak ez du inolako arazorik sortu udalerrietan, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatze dituelako».