«Larunbateko mobilizazioa mugarri historikoa izan zen euskal hiztunon eskubideen defentsan, baina oldarraldia ez da eten», azaldu zuen Manex Mantxola Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaileak atzoko agerraldian. Hain zuzen, manifestazioa ez dadin amaiera izan, oldarraldi judizialari «erantzun irmoa» emateko tresna bat garatu du Kontseiluak: Oldarraldiaren aurrean hizkuntza eskubideak babesteko protokoloa. Euskalgintzarekin batera landu dute, eta herritarrentzat da.
Protokoloaren sarreran, gogora ekarri dute Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala: «Ez da inor diskriminatuko arraza, larru kolorea, hizkuntza... edo beste inolako gorabeheragatik». Izan ere, Mantxolak hizpidera ekarri zuenez, oraindik ere euskal hiztunen eskubideak ez daude guztiz bermatuta eguneroko arlo askotan, eta egoera okerrera doa: «Azkenaldian, ugarituz joan dira auzitegietatik herritarron hizkuntza eskubideak murriztu dituzten sententziak, eta badakigugehiago ere etorriko direla bide beretik». Hizkuntza eskubideen aurkako erasoen harira «antolatzeko eta saretzeko» asmoz sortu dute protokoloa: «Euskalgintzaren eta hizkuntza eskubideen defentsan sinesten duten eragileen arteko harremana eta elkarlana hauspotzeko».
Protokoloa bi kasutan aktibatu ahal izango da. Batetik, arau, kontratazio edo deialdi bati helegiteren bat jartzen zaionean. Eta, bestetik, hizkuntza eskubideen eta euskararen normalizazioaren aurkako sententziaren bat plazaratzean. Bi kasuetako baten berri duen orok aktiba dezake protokoloa. Kontseiluak aurreikusi duenez, ordezkari publikoek edo sindikatuek aktibatuko dute, haiek izango baitira informazioa eskuratzen lehenengoak. Hala ere, ez dute baztertu protokoloan parte hartzen duen edonork aktibatzea.
Kontseiluak kasuaren berri jasoko du, eta zer urrats egingo diren aztertu, eragileekin batera. Eragin eremuaren arabera, bi erantzun mota bereizten ditu tresnak: udaletako edo tokiko kasuak, eta foru erakunde edo administrazio orokorragoetakoak. Bi kasuetan, Kontseiluaren ardura izango da euskalgintzarekin, alderdiekin eta sindikatuekin harremanetan jartzea, eta beharrezkoak diren euskarriak eta baliabideak eskaintzea.
Tokiko euskalgintza
Udalei dagozkien kasuetan, tokiko euskalgintzak eta eragileek izango dute erantzunaren ardura, eta sustatuko da haiek egitea harremana alderdiekin eta sindikatuekin. «Salaketa bateratu baterako oinarririk baden ikusiko dute, eta erasoa salatzeko prest dauden eragile sozial eta politikoek elkarlanean eman beharreko erantzuna adostu», zehaztu zuen Mantxolak. Hainbat aukera zerrendatu dituzte erantzuna emateko: «Adierazpen bat, prentsaurreko bat, elkarretaratze bat edo bestelako ekinbideak». Eragileen «konpromiso maila desberdinak» aintzat hartuta, koordinatzaileak argi utzi zuen ez zaiola inori eskatuko «prest dagoen baino urrunago» joateko.
Administrazio orokorragoetan erasorik gertatzen bada, Kontseiluak aurreikusi du sindikatuekin izatea harremana. Haiekin erantzun bat adosteko ahalegina egingo litzateke: besteak beste, salaketa adierazpen bat, prentsaurreko bat edota mobilizazio bat. Prozedura horrek bi helburu izango ditu: langileek eta sindikatuek batera erantzutea, eta alderdi eta erakundeek salaketa adierazpen bat egitea. Posible denean, gainera, errekurtso bat jartzea izango dute xede.
Protokoloa «irekia» izango da: «Erantzunak eta esperientziak metatu ahala, eragileen ekarpenak jasoz, indargune eta ahulguneak identifikatuz, protokolo hau aberastuz eta egokituz joatea dugu xede». Mantxolak esan zuen «guztion parte hartzea eta ekarpenak» ezinbestekoak direla oldarraldiari aurre egitetik euskararen normalizazioan aurrera egitera «jauzi» egiteko. Horregatik, protokoloa webgunean ikusgai jarri dute. Hala, ekarpenak egiteko era dute eragileek.
Euskararen aurkako oldarraldia. Kontseilua
Euskararen aurkako epaiak izaten direnerako protokolo bat ondu dute
'Oldarraldiaren aurrean hizkuntza eskubideak babesteko protokoloa' deitu diote. «Irekia» da: Kontseiluaren webgunean dago, eragileek era izan dezaten ekarpenak egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu