Olatz Olaso. Emun kooperatibako zuzendari orokorra

«Euskararen arloa oso enpresa gutxik lantzen dute oraindik ere»

Plan estrategiko berria onartu du Emun aholkularitza kooperatibak. Olasok azaldu duenez, euskara izango da «indargunea» gerora ere, baina aitzineko planean jorratutako bertze arloei eutsiko die Emunek.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
mikel rodriguez
2016ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Emun aholkularitza kooperatibak 2017-2020 aldirako plan estrategikoa onartu zuen atzo, Arrasaten (Gipuzkoa) egindako ezohiko batzar orokorrean. Euskara lan munduan sustatzeko sortu zen Emun 1997an, eta 2013-2016ko plan estrategikoan erabaki zuen lan ildoak kulturaren, aniztasun eta immigrazioaren, eta parte hartzearen arloetara zabaltzea. Egindako lanarekin pozik dago Olatz Olaso zuzendari orokorra (Bergara, Gipuzkoa, 1977).

Zein izanen da plan berriaren erronka nagusia?

Gure indargunea euskara izango da oraindik, baina gizarteak dauzkan beste erronkei ere modu berritzaile batean erantzuten saiatuko gara. Agian ildo berriak etor litezke, baina daudenak indartu nahi ditugu. Azken urteotako lanaren balorazio positiboa egin dugu. Lau ildo horiek elkarri lotuta daudela ikusi dugu; hau da, adibidez, aniztasunaren arloan egiten ditugun lanketa eta ikuspegiak hizkuntza kudeaketarako baliagarriak dira, eta alderantziz.

Emunek aitzineko plan estrategikoa hasi zuenean, 2013an, erran zuen enpresen %1ek baino ez zuela euskararen erabilera plan bat. Zein da egoera orain?

Datu absolututan ez dago aldaketarik. Euskararen arloa oso enpresa gutxik lantzen dute oraindik ere, eta bide luzea dago egiteko. Hamar edo hogei enpresa gehiagok egiten badute planen bat, hori oso gutxi da Euskal Herrian dagoen enpresa kopuruarekin alderatuta. Beharbada, zerbitzuen enpresek eta administrazioarekin aritzen direnek gai hori gehiago hartzen dute kontuan, kasu askotan administrazioa ere hasi delako lehiaketetan-eta hizkuntza irizpideak ezartzen.

Zerk azaltzen du jarrera hori?

Argi eta garbi esanda, gizartean ez da lehentasuna, eta, ondorioz, enpresa munduan ere ez. Sindikatuekin eta enpresa elkarteetako kideekin hitz egiten dugunean, argi esaten digute enpresetan ez dela lehentasunezko kontua. Krisiak are atzerago jarri zuen lehentasun horien zerrendan, baina krisia gainditu duten hainbat sektoreren artean oraindik ere ez dago aurreneko kezken artean. Eta hori dena jakinda nazioartean egin diren ikerketek hizkuntzen kudeaketa lotzen dutela errentagarritasunarekin, bezeroa gusturago izatearekin.

Emunek zer-nolako zabalkundea du Euskal Herrian?

Duela hogei urte kooperatibetan hasi ginen lanean. Horiek hizkuntzaren gaia lehentasunen artean zuten. Hasieran, industria enpresak ziren, eta haien motibazioa barrura begirakoa zen, langileen gogobetetzean eragiten zuela uste baitzuten. Gaur egun, beste motibazio bat gehitu zaio horri: zerbitzua euskaraz emateak enpresen bezeroa gogobetetzen duela. Gure bezeroen profila, berriz, aldatuz joan da: Arrasaten hasi ginen kooperatibetan eta enpresa industrialetan, eta beste enpresa mota batzuetara hedatu gara, beste lurraldeetan ere. Nafarroan oraindik txikia da gure zerbitzuak jasotzen dituztenen kopurua, eta Iparraldera ez gara hedatu oraingoz.

Zer-nolako eskaerak izan dituzue azken urteotan?

Gipuzkoako Aldundiak euskararen plan estrategiko bat egin du, eta guk bideratu dugu planteamendu guztiz berritzaile bat egitera. Planteatu genuen hausnartzea hainbat arlotan hogei urte barru zein izan daitekeen egoera —hirigintzan, genero ikuspegian, osasun arloan...—, eta hizkuntzaren gaiarekin gauza bera egitea. Eta aipatzeko beste moduko arlo bat saregintza da. Adibidez, Gipuzkoan hainbat proiektu egin ditugu arlo ezberdinetako teknikariek elkarrengandik ikasteko—genero berdintasunekoak, euskarakoak...—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.