EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea

Junkal Gutierrez: «Euskararen alorrean, itzela da EHUk gizarteari egin dion ekarpena»

Euskarak EHU moldatu duen bezala, EHUk eragina izan du euskararen garapenean, Junkal Gutierrez errektoreordearen ustez.

2023-11-20, Bilbo. EHUk ikerlan bat aurkeztuko du euskararen arloan egin duen ekarpenari buruz.
Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 21a
06:05
Entzun

EHUk euskara sustatzeko eginiko «ahalegin itzela» nabarmendu du Junkal Gutierrezek, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen alorretako errektoreordeak. Unibertsitateak «kanpora begirako euskalduntzean» izan duen eragina azaldu du.

Nolako eragina du EHUk euskararen garapenean?

Itzela, eta eragin hori ez da mugatzen unibertsitate barrura: kanpora begira ere nabari da. 130.000 profesionalek baino gehiagok jaso dute euskarazko prestakuntza EHUn. Profesional horiek gizartean daude, bakoitza bere esparruan, eta gai dira beren lana euskaraz egiteko.

Asko aldatu da unibertsitatea euskararen presentziari dagokionez?

Lehen urratsak gogorrak izan ziren. Oso eskola gutxi ematen ziren euskaraz, eta irakasleek ahal zuten moduan egiten zuten beren lana, ez baitzegoen materialik: ez hiztegirik, ez eskulibururik, terminologia finkatu gabe... Aparteko lanordu asko eskatu zuen horrek, eta irakasle askok borondatez egiten zuten lan. Berrogei urte aurrera eginda, egoera oso bestelakoa da: EHUn eskaintzen diren kredituen %95 euskaraz dira, ikasleen %54k erabakitzen dute gradua euskaraz egitea, eta gradu amaierako lanen %40tik gora euskaraz eginikoak dira.

Aldea nabari da hor: euskaraz dago eskaintza ia osoa, baina ikasleen erdiak matrikulatzen dira euskaraz...

Askotarikoak dira ikasle batzuek gradua euskaraz ez egiteko izan ditzaketen motiboak. Gero eta gehiagok aukeratzen dute, adibidez, ikasketak ingelesez edo beste hizkuntza batean egitea, aukera hori ere eskaintzen baita. Kontuan izan behar dugu EAEtik kanpoko eta atzerriko ikasle asko ditugula, eta zaila dela horiek euskarara jotzea. Gure helburua da euskarazko matrikuletan gora egitea, baina, gaur egun, ikasleen erdiek baino gehiagok euskara hautatzea, niretzat, datu oso ona da.

Unibertsitatearen euskarazko ekoizpena ere nabarmendu duzue.

Oso adierazle esanguratsua da. Jakintzaren alor guztietan ditugu monografiak, eskuliburuak, hiztegiak... Miresgarria da. Konpromisoa dugu euskarazko materialak sortzeko, eta horretarako prestakuntza eta laguntzak ematen ditugu. Etenik gabeko ekoizpena da, eta, gainera, material hori ez da EHUn soilik erabiltzen: hezkuntzako beste maila batzuetan eta beste hainbat ikastetxetan ere erabiltzen dituzte. Gizarteari eginiko ekarpena da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.