Euskararen kontrako oldarraldiari buru egiteko, «saretu, antolatu, borrokak piztu eta kaleak hartzeko» deia egin du EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek, Durangon egindako manifestazioan. Euskararen aldeko «olatu berri bat» sortu nahi du erakundeak, eta, horretarako konpromisoa adierazteaz gain, asmo horretara batzera deitu ditu euskalgintzako gainerako elkarteak ez ezik beste esparru batzuetako norbanako eta taldeak ere.
Euskaraz bizitzeko, euskararen errepublika izan da manifestazioaren leloa, eta horixe izan da xede nagusietako bat: independentziaren eta euskararen errepublikaren beharra nabarmentzea, euskarak pairatzen duen «bigarren mailako estatusa» gainditu ahal izateko.
Euskalgintzaren gainerako eragileek egindako analisiarekin bat dator EHE: euskara «larrialdi linguistikoan» bizi da, eta «oldarraldi edo erasoaldi judizial, politiko eta mediatikoa» areagotu egin da azken bolada honetan: «Euskararen biziberritze prozesua azken urteetan geldialdian egon ondoren, atzerakada arriskuak eta mehatxuak handitzen ari dira».
Baina EHEk gogorarazi du ez dela hori gertatzen den lehenengo aldia, eta euskara «okerrago» ere egon dela; adibidez, 1950eko hamarraldian, frankismoaren garairik beltzenean. «Hil ala biziko» egoera hartan, zenbait euskaldunek sinetsi zuten hura «iraul» zitekeela, eta «utopia propioak eta burujabeak irudikatzen eta errealitate bilakatzen» hasi ziren. Hurrengo urteetan garatutako euskal kultur sorkuntza, ikastolak, gau eskolak eta beste izan ziren «inflexio puntu» horren emaitzak.
EHEren aburuz, beharrezkoa da euskararen egoeraren diagnostiko zuzena egitea, oraingoan ere beste «inflexio puntu bat» sortuko bada euskararen biziberritzearen bidean. Eta ardura indibidualetatik harago, «egiturazko arazoak» nabarmendu nahi izan dituzte: «Arazoa ez da euskaldunok euskaraz badakigula eta ez dugula erabili nahi. Euskaldunok, gure egunerokoan, aurkako norabidean doan korronte indartsu bati aurre egin behar diogu euskaraz bizitzeko ahalegin horretan».
Kultura globalizatuaren merkatuaren makurrak, hezkuntza sistemek ikasleak euskalduntzeko ezintasuna, euskara ikasteko oraindik ordaindu behar izatea eta lurraldearen alderdi askotan euskara ofiziala ez izatea aipatu dituzte «kontrako korronte» horren adibide gisa: «Larrialdi egoera hau ez da norbanakoon ardura, baizik eta egiturazko arazoen ondorio».
Joera erreakzionarioak
Halaber, nabarmendu nahi izan dute euskararena ez dela larrialdi bakarra, eta baduela zerikusia ingurumenean, zaintzaren esparruan, etxebizitzaren auzian, migrazioan eta beste zenbait arlotan dauden krisiekin. Horietan guztietan, «joera erreakzionarioen indartzea» atzematen dute EHEko kideek.
Horregatik, uste dute beharrezkoa dela euskararen aldeko borroka beste borrokekin lotzea eta «elkar elikatzea», eta eragileen inplikazioa «euskalgintzatik harago» ere bilatzea. Dei berezia egin diete eragile horiei: alde batetik, alderdi euskaltzaleei eskatu diete «ardura» hartzeko, euskara «bazterretik lehentasunetara» ekartzeko eta «aitzakietatik ekintzetara» pasatzeko. Beste alde batetik, «mundua aldatzeko borrokan» ari diren sektore guztiei ere dei egin diete, «euskararen aldeko olatu berri honetara» batzeko: «Ekarpena nondik egin dezakezuen pentsatu, eta ekin; gu hemen egongo gara eraldaketa horietan laguntzeko, eta zuengandik ikasteko prest».
Manifestazioa 18:10ean abiatu da Landako gunetik, euri jasa handi baten azpian. Lehenago, manifestariek itzuli bat egin dute Durangoko Azokako pasabideetatik, Euskal Herrian euskaraz eta Euskara ofiziala Euskal Herri osoan oihukatzen zuten bitartean, eta, gero, pankartaren atzetik atera dira herriko erdigunera.
Gazteak, lehen lerroan
Manifestazioan gazte ugari egon da, batez ere pankartaren osteko multzo jendetsuan. Bestelakoak ere izan dira: Joseba Alvarez EHEko kide historikoak, Paul Bilbao Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusi izandakoak, Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendariak eta euskalgintzako elkarteen beste zenbait ordezkarik ere parte hartu dute manifestazioan.
Ezkurdi plazara iritsi ostean, alde zaharrera jo du manifestazioak. Ibilbide osoan, oihuak etengabeak izan dira: Euskal Herrian euskaraz; Independentzia; Hemen gaude euskararen alde; Euskararen errepublika; Hitzetatik ekintzetara; Intsumisioa eta antzeko leloak oihukatu dituzte manifestariek.
Santa Ana plazara iritsi direnean, adar eta txalaparta soinuek egin diete ongietorria manifestariei. Han irakurri dute amaierako agiria. Unai Iturriaga bertsolariak, Irene eta Maddi kantari bikoteak eta Spartak Dementziala rap taldeak akabera eman diote ekitaldiari.