«Indarberrituta» eta Euskal Herriaren euskalduntzean «jauzi indartsu bat» egiteko prest. Horrela sentitzen dira euskaltzaleak larunbatean Donostian egindako manifestazioaren ondoren. Euskara Aurrera-k mobilizazioaren balorazioa egin zuen atzo, eta, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailearen arabera, jauzi hori egiteko beharrezkoa da, besteak beste, euskararen aldeko «herri olatu berri eta berritu bat» altxatzea.
Horrez gain, euskararen biziberritzeak «egiturazko neurriak» eskatzen dituela ohartarazi zuen Aginagaldek: «Egungo garaira egokitutako hizkuntza politika berriak». Horregatik, hain zuzen ere, administrazio publikoei eskatu zieten «beren ardurak» hartzeko; euskaraz bizitzea ez baita norbanakoen «borondate hutsez» gertatuko: «Euskaraz bizi eta aritu ahal izateko baldintzak sortu egin behar dira». Hori lortzeko, «euskararen lurralde osoko» gobernuak interpelatu zituzten, hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten, «berandu baino lehen».
Larunbatean, milaka lagunek hartu zituzten Donostiako kaleak euskararen alde; izan ere, hizkuntzaren egoeraren inguruko «kezkak» bultzatuta abiarazi zuten Euskara Aurrera egitasmoa. Manifestazioan gogorarazi zutenez, Euskal Herri osoan dituzte euskaraz bizitzeko zailtasunak: «Euskararen egoera ez dago inondik inora normalizatuta; ezta euskara ofiziala den lurraldeetan ere».
Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak ere egin zion erreferentzia kezka horri, eta, azaldu zuenez, batzuetan kezka «blokeatzailea» izan daitekeen arren,haientzat «sortzailea» izan da; hau da, «egoeraren jakitun izan eta aurrera bultzatzera» daramatza.
Malen Frantsesena Gazte Euskaltzaleen Sareko kidearen arabera, «oso pozik» daude dinamikak izan duen harrerarekin: «Ona baino hobea izan da kasu guztietan». Era berean, Aginagaldek nabarmendu zuen deialdiak «kuantifikagarria» ez den lorpen bat izan duela: euskalgintzan eta gizartean «poza eta ilusioa» piztu dituela, alegia.
Mobilizazioa: lehen urratsa
Aginagalderen arabera, Euskara aurrera lelopean egindako manifestazioa «urrats erraldoi bat» izan zen euskalduntzeari dagokionez, baina ohartarazi zuten «abiapuntua besterik» ez zela izan: «Bagarela eta bagoazela esateko lehen urratsa izan zen».
Horrekin batera, Frantsesenak jakinarazi zuen aurrerantzean ere pausoak emateko asmoa dutela: «Gu ez gatoz inor ordezkatzera; guk gure arduraren partea gure egin eta lanean jarraituko dugu euskalduntzean urratsak egin daitezen».
Mobilizazioan ere aritu ziren euskalduntzeaz, baita hori lortzeko norbanako bakoitzak «konpromisoa» hartzeko duen beharraz ere: «Euskalduntzean urratsak egingo baditugu, taupada euskaltzale, indartsu, antolatu eta eraberrituari esker izango da. Euskara aktibatzeko eta antolatzeko garaia da».
Euskararen aldeko pausoak ematen jarraitzeko, baina, «elkarlanean eta lankidetzan» aritu behar dutela nabarmendu zuten, «orain arte» egin duten bezala, «bakarka ezin delako».
Horregatik, sortutako dinamika «egun bateko lorea izan ez dadin», ekinaldiak ilusioa berpiztu dien guztiei dei egin diete, udazkenean euskararen alde egingo diren ekitaldietan parte hartzeko.
Euskararen aldeko «herri olatu berri eta berritu bat» altxatzera deitu dute
Euskara Aurrera-k ontzat jo du larunbateko manifestazioa. Euskalduntzearen arloan urratsak egiten jarraituko dute. Egungo garaira egokitutako hizkuntza politika berriak exijitu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu