Nafarroako erdialdeko eta Erriberako herritar talde batek euskararen aldeko adierazpen bat aurkeztuko du bihar, Cortesen (Nafarroa). Aragoiren mugakidea den udalerri hori aukeratu dute, bihar aurkeztuko dutena «behetik gora doan mugimendua» izatea espero dutelako, eta baita «zonifikazioak kalte gehien eginikoetatik abiatu» nahi izan dutelako ere.
Bihar aurkeztuko duten adierazpenean, aldarrikatuko dute «euskara Nafarroako berezko hizkuntza» dela, eta erakundeei eskatuko diete «Erriberak eta Erdialdeak jasaten duten bereizkeria behingoz bukatzeko». Antolatzaileen esanetan, adierazpenaren helburua da «pertsonak eta eskubideak erdigunean paratzea eta euskara Nafarroa osoko parte gisa aldarrikatzea». Horretarako, hitza emanen diete Erriberako hainbat herritarri: «Garrantzitsua da zonifikazioak kalterik handiena egiten dien pertsonak mintzatzea, eta beraiek izatea nafar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen irtenbide baten beharra agenda politikoan jarriko dutenak».
Adierazpenaren sustatzaileek azpimarratu dute euren egitasmoa ez dela beste ezein mugimenduren edo eragileren parte: «Dinamika berri bati ekin nahi diogu, Erriberan zein Nafarroa osoan euskararen alde ahal den indar guztia bilduko duena. Ildo horretan, euritako moduko bat sortuko dugu, eslogan batekin eta izen propioarekin». Cortesen ezagutaraziko dute egitasmo berri horren izena, «aurrerantzean Nafarroan eginen diren ekimenak bateratzeko balio izanen duena».
Adierazpenaren aurkezpenaren karira, festa eguna antolatu dute herrian: 10:00etan, pilota partida jokatuko dute Retegi pilotalekuan. Horren ostean, musika emanaldia, jota kantaldia eta dantzak egingo dituzte frontoia bertan, eta adierazpena irakurriko dute 12:20 aldera.