Euskararen alde ekitera deitu dute hainbat eragilek Euskararen Egunean

Adierazpen anitz egin dituzte hizkuntza eskubideen errespetua eskatzeko. Euskararen aldeko dinamiketan parte hartzera deitu dute

Mintzodromoa antolatu zuten Donostian. BAGERA ELKARTEA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Kezka eta konpromiso beharra: bi ideia horiek nagusitu dira Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara eragile politiko eta sozial andanak egin dituzten adierazpenetan. Atzo izan zen nazioarteko eguna, eta euskararen transmisioan, erabileran eta hizkuntza eskubideen errespetuan aitzina pauso bat egiteko beharra nabarmendu zuten anitzek.

2022. urtea «hitza eta ekimena indartzeko urtea» izatea aldarrikatu dute Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, adierazpen bateratuan. «Azken urteetako irabazia galbidean ikusi nahi ez badugu, gure hizkuntzaren iraupenak eta garapenak bultzada berriak beharko dituzte. Eta horretarako aukera bikaina eskainiko digu datorren urteak, Korrikan parte hartuta, Euskaraldian ahobizi edo belarriprest modura arituta, eta ekimenok antolatzeko batzordeetan esku hartuta».

Hitzekin izanen da 22. Korrikaren leloa, eta hitzez ekiteko garaia hirugarren Euskaraldiarena. «Argi dugu 2022a hitzaren eta ekintzaren urtea izango dela». Euskal Herri osoan antolatzearen garrantzia ere azpimarratu dute. «Guk Baionatik Tuterara eta Muskizetik Santa Grazira zabaldu nahi dugu euskararen aldeko dinamika, euskararen ezagutza unibertsaliza dadin, erabilera lau haizeetara heda dadin eta euskaraz eroso aritzeko guneak ugal daitezen». Elkarlanera deitu dute.

Etorkizuneko hizkuntza politiketan jauzia egiteko beharra eta prestutasuna adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta oroitarazi du joan den ekainean eremu askotariko ehun eragilek Batuz aldatu adierazpen bateratua izenpetu zutela. Euskara eroso erabiltzeko baldintzak sortzea da dokumentuaren helburua, hau da, herritarrak ahalegin berezirik egin beharrik gabe euskaraz eroso aritzeko baldintzak izatea, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertua sentitu gabe.

Euskal Herrian Euskaraz-ek manifestazioa eginen du abenduaren 6an, Durangon (Bizkaia), Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, eta deialdi hori nabarmendu du: «Euskal Herrian hizkuntza politika burujabea indarrean jarri behar da, eta, horretarako, Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar da».

Bai Euskarari elkartearen hitzetan, berriz, ospatzeko eguna ez ezik, aldarrikatzekoa ere bada Euskararen Eguna: «Euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugula esatekoa».

Alderdien adierazpenak

EAJren iritziz, euskara «gizarteko ahalik eta eremurik gehienetan, guztietan ahal bada, erabili behar da, hizkuntza gisa biziko bada». Jeltzaleen arabera, «orain dela gutxi arte» euskara nagusi zen bere eremu naturalean; horregatik, euskal gizarteari dei egin diote euskara euskal herritarren artean nagusi izan dadin, eta, horretarako, norbanakoengan jarri du ardura. «Erabilera bermatuko bada, transmisioa zaindu behar da. Hori norberari eta familiari dagokigu. Guztion eginkizuna da».

EH Bilduren ustez, ordea, euskararen aurkako «oldarraldi politiko judiziala» intentsitatez igo da azken hilabeteetan, eta hizkuntza minorizatuen aurkako «erasoaldi zabalago baten parte» dela esan du: «Badago sakoneko korronte bat hizkuntza minorizatuen kontrakoa, eta bidea egiten ari da. Jauzi kualitatiboen aurrean gaude». Horrez gain, salatu du azken hilabeteetako azterketa eta ikerketa batek baino gehiagok zera erakutsi dutela: «zantzu nabarmenak» daudela euskararen ezagutza eta erabilera «motelaldian eta are atzeraldian» dagoela ondorioztatzeko.

Horiek horrela, euskaldunen hizkuntza eskubideen aldeko borroka berretsi du EH Bilduk, eta adierazi du 2022. urteak mugarri izan behar duela: «Kaleak hartu, herri adostasun zabalak josi eta euskalduntze prozesuak eskatzen dituen jauziak prestatzeko garaia da».

PSE-EEk «akordio zabalak eta askatasuna» aldarrikatu ditu. Eneko Andueza idazkari nagusiak adierazi du euskararen promoziorako konpromisoa dutela sozialistek «momentu oro eta eremu guzietan». Ahal Dugu-k erran du «atzerrian zein Euskadin» erronka bera dutela: «Gure hizkuntza zaintzea, erabiltzea, sustatzea eta bizi esparru guztietan presentzia ematea».

EH Baik aldarrikatu du «egunero» dela Euskararen Eguna, «aske eta libre euskaraz lan egin eta bizitzeko eguna». Horiek horrela, euskararen erabileran eta irakaskuntzan diren oztopoak salatu ditu. «Euskarak, eta, oro har, hizkuntza gutxitu guziek, estatu juridiko berezi bat behar dute bizirauteko», adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.