Ikastea zaila den ustea edo mitoa dauka euskarak bere gain. Uste horri buelta eman nahian sortu du pedagogia berri bat Pello Jauregi EHU irakasle eta Soziolinguistika Klusterreko kideak. Erronka ez da makala: hizkuntzaren oinarririk ez daukaten ikasleek ahozko ulermena lortzea 60 ordutan. Ikerketa fasean da oraindik irakaste metodoa, eta Gipuzkoako bederatzi herri batu dira probara: Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati, Azpeitia, Ordizia, Andoain, Pasaia eta Eibar.
Pedagogia aztertuko dute herrietan, baina Pasaian metodologiaren barruko ulermen saioek gainditua dute lehenengo azterketa. «Emaitza onak lortu genituen, eta orain ikusi behar dugu ea emaitza horiek errepikatzen diren herri gehiagotan», azaldu du Jauregik. Bi talde sortu zituzten: bat, eskolako ikasleen gurasoekin; eta, bestea, lan eremukoa.
Ideiaren muina beste ikerketa bat izan zen, Soziolinguistika Klusterrak egindakoa: «Ikusten genuen euskaraz dakitenen eremuetan, batek bakarrik ez jakinda, gaztelerara jotzen dela. Hori aldatzeko da metodologia». Hau da, erabaki zuten hizkuntzarako lehen urratsa errazteak izan behar duela funtsa, kontuan hartuta horrek atzetik gainontzekoak ekar ditzakeela.
Euskaraz ezer ez dakitenak jarri zituzten jomugan. Izan ere, euskaraz ulertzeko gaitasuna lortzeko balio behar luke ikastaroak. Gainera, erakargarria izan behar du, euskara zaila den usteari aurre egiteko. Edukiak HABEk zehaztutako A1 mailatik hartu dituzte; hots, A1 maila lortzeko menderatu behar diren gaitasunetatik. Ordu kopurua, berriz, ikasgelan bete beharreko lanak erabakitakoan finkatu dutela argitu du Jauregik.
Oinarria ezarri zuten, pedagogia osatu zuten, eta Pasaian egin zuten lehen proba. Orain, bigarren fasean sartuko da ikerketa. Urrian hasi, eta otsailera arte eskainiko dituzte 60 orduak. Datu berriak lortzeko balioko die bigarren saiakerak. Ekainetik aurrera aztertuko dute nolako emaitzak jaso dituzten, etaikusiko dute ea orain artekoari egokitzapenik egin behar zaion.
Oñatiko euskaltegia izango da metodologia berria eskainiko duten tokietako bat. Itziar Larrañaga irakasleak esan du taldea osatu dutela dagoeneko. Bost pertsona hasiko dira euskara hutsetik ikasten. Hasieran, hamarrek eman zuten izena, baina bost kanpoan gelditu ziren: «Proba bat egin genien euskara maila ikusteko, eta batzuek behar baino maila handiagoa zuten», esan du Larrañagak. Ikasleek horrela erabakita, astelehenetan eta astearteetan izango dituzte ordubeteko saioak.
Pedagogia aplikatzen
Ikasgeletan, eragile aktibo eta nabarmen bat egongo da: irakaslea. Ikasleekin hartu-eman zuzena izango du, baina ez guztiekin batera, banaka baizik. «Orain bati zuzenduko zaio, gero besteari», esan du Jauregik. «Baina, aldi berean, denei zuzenduko zaie, eta argi egon beharko dute ikasleek».
Alde horretatik, garrantzitsuak izango dira euskararen maila eta errepikapena. Hitz gutxi batzuk erabiliko dituzte, esaldi motzak eta ekintzen aditz sinpleak. Kontua da lehenengo 30 orduetan %100 ulertu behar dutela ikasleek, eta %75era pasatuko dira hurrengo 30 orduetan. Behin eta berriro errepikatuko dituzte esaldiak eta hitzak. Dudarik baldin bada, irakasleak azalpenak emango ditu, baina azken aukera izango da gaztelaniaz azaltzea, mimika ere aukeren barruan sartuta. Gramatika irakaspenik ez da izango, ezta kleraz betetako arbelik ere. Praktika izango dute oinarri, helburua ahozko euskara ulertzea baita.
Pedagogia ondo definituta izatearen garrantzia nabarmendu du Larrañagak: «Ordu denak zehaztuta daude: zer egingo den, zein helbururekin, zein eduki landu… Horrek errazten du bidea», dio Oñatiko irakasleak.
Zenbait dinamika erabiliko dituzte komunikazioa errazteko. Batetik, galdera-erantzunak: esate baterako, ‘ni naiz, zu zara, hura da’ ikasteko, dinamika hori izango da tresna. Irakasleak ‘ni Itziar naiz. Zu nor zara?’ esango dio ikasleari. Komunikazioan hutsegiteak egonez gero, zuzendu egingo da. Akaso, ‘ni irakaslea naiz. Zu zer zara?’ esandakoan sortuko dira zailtasun gehiago. Bestetik, albiste laburrak kontatuko ditu irakasleak; adibidez, ‘arratoia hilda agertu da Bergarako errekan’. Hor sartuko dira galderak berriz ere: zein herritan? Nor? Zer da ‘hilda’?
Aurrera begirako saioak
Otsailean bukatuko dituzte ulermen saioak, baina otsailean bertan hasiko dituzte hizkera saio kontrolatuak. Parte hartzaileen euskara maila eskaera igoko dute kasu horretan. Aurreko saioetan parte hartu dutenek jarraitzeko aukera dute, eta Oñatin uler saioetan ibili direnek ere izango dute horretarako aukera, baldin eta gogotsu jarraitzen badute. Alabaina, ahozko ulermeneko A1 maila daukatela izango da oinarria.
Ikerketa bat izanik, datu enpirikoak batzeko balioko diete bederatzi herrietako saioek. Pasaiako esperientziak balio izan zien datu emozionalak jasotzeko ere: «Ikastaroa motibatuta bukatu zuten ikasleek», azaldu du Jauregik. «Ikusi zuten saiatuz gero emaitzak lor ditzaketela».
Irakasle lanetan aurreneko saiakera egingo du, berriz, Larrañagak. Motibazioa ez zaio falta, ordea. Pedagogia horren definituta izateak ere baduela eragina esan du. «Hasieran bertigoa ematen zuen pedagogiak. Baina asko landu dugu, eta gogotsu nago hasteko».