Uretan murgiltzean sortzen diren zipriztinak irudikatzen ditu aurtengo Ibilaldiaren logoak. Jaiaren antolatzaile San Nikolas ikastolak zer funtzio betetzen duen irudikatzen du, baita Ibilaldiarekin zer indartu nahi duten ere: Getxo euskaran murgiltzea. Bizkaiko ikastolen jaialdirako sortu duten abestiak ere hala dio: «Norabide berean zuzen/ hizkuntzari eustera goazen/ haurrak euskaraz bizi daitezen».
Txonbo plazara! du izena gaur Getxoko kaleetan behin eta berriro entzungo den kantuak. Alexander Lopez arduratu da abestia eta melodia sortzeaz. Zortzi musikarik eta beste horrenbeste abeslarik parte hartu dute; tartean, Lide Hernando Liher taldeko kantaria.
Bideoklipa herriko argazki zahar batzuk erakutsiz hasten da, eta abestiaren hitzek ere honela diote: «Hirurogeita hamazortzitik/ bi mila ta hogeita laura/ amets hura amets zenetik/ izan ginen eta bagara». Algortako San Nikolas ikastolaren eta Ibilaldiaren beraren lehen urteak gogorarazi nahi izan dituzte, baina, segidan, abestiaren melodia erabat aldatzen da, eta bideoklipean gaur egungo irudiak erakusten dituzte.
Portu Zaharrean eta San Nikolas ikastolan daude grabatuta eszena gehienak. Ikasleak, herriko kirolariak, musikariak, buruhandiak eta dantzariak ditu, besteak beste, protagonista. Guztiak batera hondartzako uretan murgiltzen dira bideoaren amaieran. San Nikolas ikastolako kideek adierazi dutenez, Ibilaldian txonbo egin nahi dute: «Txonbo bizikidetzara, abenturara, Getxora eta euskarara».
Izan ere, Getxon euskararen egoerak hobera egin badu ere, ez da izugarri ona ere. Soziolinguistika Klusterraren azken ikerketaren arabera, Getxoko biztanleen ia erdiak erdaldun elebakarrak dira, hau da, ez dakite euskaraz. Halere, gazteenen artean euskararen egoera hobea da. Klusterrak eta Getxoko Euskara Zerbitzuak egindako ikerlanen arabera, erabilerak ere gora egin du azken hamarkadetan. Eta San Nikolas ikastolak joera horri beste bultzada bat eman nahi dio Ibilaldiarekin.
Txonbo eguna
Maiatzeko lehen asteburuan ospatu zuten Txonbo eguna, Getxon. Ibilaldiaren aurretik eginiko ekitaldietako bat izan zen, eta urak protagonismo berezia hartu zuen. Lehenik eta behin, igeriketa zeharkaldia egin zuten Ereaga hondartzatik, Portu Zaharrera. Ostera, gaztetxoak nasapuntakoaren amaieran jarritako ikurrina eskuratzen saiatu ziren. Jendetza batu zen ur gainean kokatutako zutoin irristakorra zeharkatzen saiatu zirenak ikustera.
txonbo plazara!
Hirurogeita hamazortzitik
bi mila ta hogeita laura
amets hura amets zenetik
izan ginen eta bagara.
Kantauritik dator oihartzuna
Portu Zaharrean entzuna
herri harro bat daukaguna
euskalduna.
Norabide berean zuzen
hizkuntzari eustera goazen
haurrak euskaraz bizi daitezen
esan ozen.
Txonbo euskaraz.
Txonbo ikastolara.
Txonbo euskaraz.
Txonbo plazara! (x2)
Ernal zitezen kimu berriak
sendotuz gure oinarriak
jarri zituen lehen harriak
gure herriak.
Ezezagun zein lagunekin
zuk nirekin ta nik zurekin
geroa eraikitzeari ekin
elkarrekin.
Txonbo euskaraz.
Txonbo ikastolara.
Txonbo euskaraz.
Txonbo plazara! (x2)