Hilaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia. Milaka hiztunek hizkuntza ohiturei erreparatzeko ahalegina egingo dute, batera, elkarren konplize izateko ahaleginean, euskara usuago erabiltzeko helburuarekin. Euskara aktibatzeko egiten den ariketa sozialik masiboena da, eta lehen aldiz egin zenetik egiaztatu da ondorioak dituela: aldaketa eragiten du Euskaraldiak, euskarazko hizkuntza ohituren alde. 2018an egin zen lehena; pandemia betean bigarrena, 2020an; eta 2022an hurrena. Laugarren hau aldaketa nabarmenekin dator, baina betiko espirituarekin.
Jon Kobeaga (Lekeitio, Bizkaia, 1989) Euskaraldiko koordinazio batzordeko kidea da, Taupa euskaltzaleen mugimenduko ordezkaria. Euskaraldia etengabe handitzen ari dela esan du: «Ariketa maiatzaren 15ean hasiko da: oraindik izena eman daiteke». Euskaraldiaren webgunera jo behar da horretarako. Gero, Euskaraldia ahalik eta ondoen zukutze aldera, hainbat argibide eman ditu, hamar hitzetan laburtuta. Horra:
Udaberria
Euskaraldiaren aurtengo aldaketarik nabarmenena hauxe da: udaberrian egingo da. Aurreko aldietan azaro bukaeran hasi eta abenduaren 3an bukatu zen beti, Euskararen Nazioarteko Egunean. «Lehen ediziotik geneukan zalantza ez ote zen udazkena garai tristea Euskaraldia egiteko», adierazi du Kobeagak. Propio jendearen arteko harremanak eta kale bizitza behar ditu ariketak, eta horretarako bide gehiago ematen ditu udaberriak. «Egunak luzeagoak dira, giroa hobea da». Herrietan Euskaraldia antolatzeko abiatu diren batzordeetatik-eta heltzen ari zaizkien albisteei erreparatuta, ikusten ari dira aldaketa: «Kalea hartzeko aukera gehiago eskaintzen ditu udaberriak». Horrek orain ariketan zer eragin duen ikusi beharko da.
'Ahobizi'
Euskaraldian izena ematen dutenek hauta ditzaketen roletako bat da ahobizi deitua. Bi konpromiso hartzen dituzte. Baga: «Lehen hitza beti euskaraz egitea». Biga: «Euskarazko elkarrizketari eutsi egin behar dio, nahiz eta aurrean duten pertsonak erdaraz hitz egin». Elkarrizketa elebidunak kezkarako iturri izaten dira askotan hiztunentzat, baina, komunikazioa posible den heinean, horiek bultzatzea da Euskaraldiaren xedeetako bat. Lehen hitza beti euskaraz eginda, halaber, «aurreiritzi asko» eraisten dira: «Eta konturatzen gara euskaraz askoz ere toki, eremu, espazio gehiagotan hitz egiteko aukera dagoela».
'Belarriprest'
Euskaraldiak hiztunei ematen dien beste rola belarriprest deitua da. «Beraiekin euskaraz egiteko gonbidapena egiten diete belarriprest direnek aurrean dituztenei». Berebiziko garrantzia du horrek ere hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko. Hautu honi «prestigioa ematea» dute helburuen artean Euskaraldiaren antolatzaileek. «Rola, bata eta bestea, ez daude ezagutzarekin lotuta: portaerarekin lotuta daude», zehaztu du Kobegak. Nork bere hautua egin behar du, bere hizkuntza ohiturak aztertu eta bere errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta.
«Txapak aurrean dugunari esaten dio: 'Nirekin euskaraz egin dezakezu'. Horrek estres linguistikoa ezabatzea daka»
JON KOBEAGAEuskaraldiaren koordinazio batzordeko kidea
Txapak
Paparrean txapak jarrita erakusten dute hiztunek zer rol duten: ahobizi edo belarriprest. «Euskaraldiaren ikurra baino zerbait gehiago da txapa; txapak duen eragina izugarria da», azaldu du Kobeagak. «Azken finean, txapak aurrean dugunari esaten dio: 'Nirekin euskaraz egin dezakezu'. Horrek estres linguistikoa ezabatzea dakar guztiz». Horregatik, ariketan izena ematea bezain garrantzitsua da antolatzaileentzat Euskaraldian egunero ateratzea kalera txapa soinean jarrita. «Konturatuko dira zein eragin daukan txapak». Ariketa ikusarazteko balio duela gogoratu du Kobegak, eta «emozioekin» ere lotuta dagoela. «Artefaktu bikaina da».
Ariguneak
Ez dira Euskaraldian bakarrik martxan jarri ariguneak; beste hainbat egitasmok ere bultzatu dituzte, baina Euskaraldiak, bigarren ediziotik, halako espazioak eratzea sustatu du. «Ariguneak, azken batean, euskaraz lasai aritzeko guneak dira», azaldu du Kobeagak. Erabaki «indibiduala» da berez Euskaraldiak proposatzen duena, ahobizi edo belarriprest izatea, baina beti ireki dizkie ateak askotariko entitateei, eta horien parte hartzea bideratzeko aski lagungarriak dira ariguneak, ariketa «modu kolektiboan» egiteko aukera ematen dutelako. Aurten aldaketa bat egin dute: entitateek parte har dezakete Euskaraldian propio arigunerik sortu gabe. Entitate txikienei begira, bereziki, uste dute ez dela beharrezkoa: txapak aski dira espazio horietan hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzeko.
«Mirestekoa da Euskal Herriko ia herri guztietan jende boluntarioa euskararen erabileraren alde aktibatzea»
JON KOBEAGAEuskaraldiaren koordinazio batzordeko kidea
Herri batzordeak
Pozik daude Euskaraldiaren antolatzaileak: «herrietako aktibazioan» aparteko indarra sumatzen ari dira. Propio Euskaraldia sustatzeko herri batzordeak eratu dira Euskal Herri osoko udaletan eta auzoetan. Berriak sortu dituzte hainbat tokitan, eta aurreko edizioetako taldeak berriz martxan jarrita abiarazi dituzte beste hainbat. «Inoizko ilusio eta aktibazio handiena dago herrietan: kalea berreskuratu dugu», azaldu du Kobeagak. Udaberriko giroak horretan lagundu duela uste du. Eta jende askoren jarrera goretsi du: «Esker mezuak besterik ez dugu hor dabiltzanentzat. Mirestekoa da Euskal Herriko ia herri guztietan jende boluntarioa euskararen erabileraren alde aktibatzea». Pozik daude, gainera, egoera soziolinguistikoak askotarikoak izanda ere herri batzordeetako kideek adierazten dietelako Euskaraldiak egiten duen proposamena «erabilgarria» dela guztientzat.

Hamaikakoak
Hamaikakoak Euskaraldia sustatzeko hautatzen diren 11 pertsonako taldeak dira, eta Euskaraldiaren beste habeetako bat dira. «Lehenengo edizioan asmatu genuen», azaldu du Kobeagak. Euskaraldiak berak hamaikako nagusi bat aurkeztu zuen, baina herrietan-eta beste asko eratu dituzte herri batzordeek. Talde horietako kideek hartzen duten rola izaten da Euskaraldiaren «enbaxadore» izatea. Konpromiso zehatzak ere hartzen dituzte Euskaraldirako. Pertsona «ezagunak» izaten dira betiere, eta adin eta esparru ezberdinetakoak izan daitezen saiatzen dira. «Uste dugu tresna erabilgarria dela Euskaraldia girotzeko».
Mugitu
Elkar mugituz egingo dugu. Euskaraldiaren aurtengo leloaren bihotza da mugitu aditza. «Mugitu-k mugimendua dakar berarekin, eta, azken finean, uste dugu Euskaraldiak ertz ezberdin askotatik mugitzen gaituela». Norbera mugitzen du, hizkuntza ohiturei buruz gogoeta egitera, eta hor eragitera. Baina «ariketa kolektiboa» ere bada. «Euskaraldiak kolektiboki ere mugiarazten du, zer esanik ez ariketan milaka pertsonak parte hartzen badute». Emozioen dantzari ere erreparatu behar zaiola uste du Kobegak: «Barnea ere mugitzen du Euskaraldiak».
«Euskaraldiak kolektiboki ere mugiarazten du, zer esanik ez ariketan milaka pertsonak parte hartzen badute»
JON KOBEAGAEuskaraldiaren koordinazio batzordeko kidea
Euskaraldia Hika
Aurrez ere egin izan dira Euskaraldia baliatuta hitanoa sustatzeko ahaleginak, eta aurten Zirhika elkarteak bere gain hartu du proposamen hori zabaltzeko ardura, eta lankidetzan antolatu dute Euskaraldia Hika. Euskaraldiaren «aldaera» bat da, eta propio bultzatuko ditu izena ematen dutenak hika jardutera. Euskaraldiaren barruan «egoki» txertatzen dela uste du Kobeagak. «Ariketarako garrantzitsuena euskara erabiltzea da», azaldu du Kobeagak: «Erabiltzen den euskara da onena». Hitanoak ere hor bere tokia izateak erabateko zentzua duela adierazi du, eta pozik daude egitasmoak orain arte egin duten bidearekin. «Ia 80 herritan egingo da».
Xaxatzaileak
16 urtetik gorakoek eman dezakete izena Euskaraldian. Haur eta gazteei beti egin nahi izan diete tokia, ordea, egitasmoan. Eta aurten, propio, rol bat proposatu diete: «xaxatzaile» izatera bultzatuko dituzte. Aurrez ere egin izan duten moduan unitate didaktiko bat sortu dute propio eskoletara Euskaraldia eramateko, eta helburu nagusia da haurrek Euskaraldia «etxera» eramatea, eta gurasoak eta inguruan dituzten helduak egitasmoan izena ematera bultzatzea. «Ariketa zabaltzen» berebiziko lana egin dezaketela uste dute, eta hor martxan nahi dituzte. Iruditegi propio bat sortu dute xaxatzaileentzat, eta hainbat eskolatan sortu dituzte, adibidez, xaxatzaileentzako txapak.