Euskaraldiko parte hartzaileen bi herenek erabilera areagotu dute

Hirugarren Euskaraldiari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Aurreko aldiarekin alderatuta, norbanakoen parte hartzea jaitsi egin da; entitateena, berriz, areagotu

Hirugarren Euskaraldiari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztu zituzten atzo, Bilboko Euskalduna Jauregian. BERRIA.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Euskaraldia eraginkorra dela berretsi dute hirugarren aldiari buruzko ikerketaren emaitzek. Izan ere, parte hartzaileen bi herenek —batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago— hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. «Hiru aldietan joera bat errepikatu da: bi aste horietan zehar euskararen erabilerak gora egin du, eta ondoren, behera egin du, baina jaitsiera hori ez da igoeraren parekoa izan; beti geratzen da zerbait», azaldu zuen atzo Unai Oiartzun Siadeco ikerketa elkarteko teknikariak. Siadecok egin du ikerketa, eta atzo aurkeztu zituzten emaitzak, Bilboko Euskalduna jauregian.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte egin zuten azken Euskaraldia. «Ariketa sozial berritzailea da; arnasa luzeko programa», azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Horregatik, ikerketa egiteko orduan, kontuan hartu dituzte ariketaren aurretik, bitartean eta ondoren norbanakoen zein entitateen jarrerak. Aurreko aldiarekin alderatuta, parte hartzaileek %11 egin zuten behera azkenekoan; 158.440 lagunek eman zuten izena. Ahobizi izan ziren %77,6, eta %22,4 belarriprest.

Gazteen izen emateak egin zuen bereziki behera. 16-29 urte bitartekoen artean, %25,5eko jaitsiera izan zen; eta 30-44 urtekoen artean, %15,2koa. Halaber, nabarmentzekoa da gizonen parte hartzea: %15,2 jaitsi zen haien izen ematea. Datu erlatiboetan, emakumeen jaitsiera halako bi da hori; emakumeen parte hartzeak %8,5 egin zuelako behera. «Sexua aintzat hartuta, lehendik zegoen aldea areagotu da», ohartarazi du Oiartzunek. Eta zehaztu du azken aldian parte hartu zutenen %64 emakumeak izan zirela.

Parte hartzaile kopuruak behera egin arren, antolatzaileek ariketaren eraginean jarri dute fokua. «Tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko, hizkuntza ohituretan aldaketak eragiten dituelako; beraz, hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera da etorkizunera begira», nabarmendu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ere ariketaren eragina izan du hizpide: «Euskararen erabilera handitzeko helburua izan dute aritu direnek, eta datuek erakutsi dute ariketak helburu horretan funtzionatzen duela».

Errepikatzeko prest

Oiartzunen arabera, norbanakoen hiru laurdenek hurrengo batean parte hartuko lukete, «zalantzarik gabe». Are, entitateen %76,3k iritzi bera dute. Izan ere, azkenekoan, entitate kopuruak %3,5 egin zuen gora: 8.610ek eman zuten izena. Nagusiki merkataritzako edo zerbitzu profesionaletako establezimendu txikiak izan ziren; ariketaren aurretik «nahiko euskaldunak» ziren entitateak: «Langileen %77 gai ziren euskaraz ondo edo nahiko ondo hitz egiteko».

Norbanakoetan bezala, entitateetan joera bera da: «Harreman mota guztietan euskararen erabilerak gora egin du ariketan, eta gero jaitsi egin da, baina ez hainbeste». Hain zuzen, herritarrekiko, bezeroekiko eta bazkideekiko harremanetan mantendu dute aldaketa, baita ariguneetan parte hartu duten kideen arteko harreman informaletan ere. Etorkizunean, hiru entitatetik batek lortutako eragina mantendu nahiko lukete. Horretarako, neurriak hartuko dituzte.

Emaitzak ikusita, Urkijok esan du laugarren aldi bat egongo dela: «Parte hartzaileek ilusioa dute hurrengoetan parte hartzeko. Baina Euskaraldiak aldaketa baten beharra duela adierazi dute hainbatek, ez diolako eutsi hasierako indarrari. Gogoeta prozesu sakon batean murgildu gara, eta azaroaren 4an mintegia egingo dugu Euskalduna jauregian: Euskaraldiaren herri batzordeekin, erakunde publikoekin eta euskalgintzako eragileekin bilduko gara, laugarren aldia elkarrekin irudikatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.