Durangoko Azokako Talaia areto nagusian aurkeztu dute Euskaraldiaren laugarren edizioaren kanta: Gure bihotzaren taupadak. Bulego taldeak ondu du abestia, eta «Euskaraldiaren izaera askotarikoarekin bat» egiten duela azaldu dute gaurko aurkezpen ekitaldian: «Edonork entzuteko moduko abesti herrikoia da». Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok, eta Bulegoko kide Tomas Lizarazuk, Xabi Arrietak eta Ruben Lizarraldek hartu dute parte ekitaldian, eta, kantarekin batera, hartarako propio ekoitzitako bideoklipa ere erakutsi dute estreinakoz.
Tomas Lizarazu taldeko abeslariak eman du kantaren eta prozesuaren berri. Uste du Euskaraldiaren xedeak eta helburuek bete-betean egiten dutela bat taldearen beraren izaerarekin: «Euskara hutsean sortzen eta abesten duen proiektu bat izanik, gure nortasunaren bereizgarri garrantzitsuenetako bat da hizkuntza bera». Are: atzerrian eskainitako kontzertuetan ohartu dira, beste ezeinetan baino gehiago, euskarak duen garrantziaz. «Uste guztien kontra, ikusi dugu gure hizkuntza dela atzerrira joaten garenean beste talde batzuen aurrean bereizten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, eta horrek ateak irekitzen dizkigu», esplikatu du Lizarazuk.
Euskarak «asko» eman diela nabarmendu du abeslariak, eta horregatik, birritan pentsatu gabe onartu zuten Euskaraldiko abestia prestatzeko erronka: «Guri hainbeste eman digun hizkuntza bati bueltan zerbait ematera gindoazela sentitzen genuen». Kanta prestatzeko tenorean, dokumentazio lan handia egin dutela ere azaldu dute Bulegoko kideek, «elkarrizketa eta irakurketa asko, Euskaraldiaren bueltan». Ariketa sozialaren helburuekin eta mezuarekin bat eginen zuen obra bat lortu nahi zuten: «Abesti honek ekarpen bat egin zezala, euskararen egoera hobetzeko bidean».
Doinuari dagokionez, «Euskaraldiaren izaera anitzarekin bat» egin nahi izan dute musikariek, eta esan dute «edonork entzuteko moduko abesti herrikoi bat» sortu nahi izan dutela. Hitzek, berriz, «esatetik egitera» salto egiteko deia egin diete entzuleei, abestiaren bitartez «jendea ekintzara bultzatzeko asmoz».
Zestoako Gaztain estudiotan grabatu zuten abestia, eta bideoklipa Cosmictree ekoiztetxeak egin du, Mey Monteroren zuzendaritzapean. Abestiaren pasarte batzuetan, gainera, Euskaraldiko zenbait batzordekideren ahotsak ere entzun daitezke, koruak eginez. Lizarazuren esanetan, «oso momentu ederra» izan zen hura grabatzea eta «Euskaltzaleen Topaguneko eta Euskaraldiko kideak ikustea, beren alea jartzen».
Izen emateak, martxan
Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, bestalde, Bulego taldearen prestutasuna eta ekimenari hasieratik egindako harrera ona nabarmendu ditu: «Sentitu dugu Bulegok eta Euskaraldiak hasieratik egin dutela bat». Eskerrak eman dizkie hasiera-hasieratik Euskaraldiaren «esentzia» jasotzeagatik, eta gaineratu du abestia «aitzakia ederra» izanen dela Euskaraldiaren mugimendua bizkortzeko, herrietan biltzeko eta batzordeak sortzeko: «Udaberriko pozaren bidelagun izango dugu kanta hau. Kanta izango da Euskaraldiaren soinu banda: ikastetxeetan, jaietan, aurkezpenetan entzungo dena. Izan ere, Euskaraldian ere egon behar du gozatzeko eta euskaraz dantza egiteko tartea», aldarrikatu du Urkijok.
Euskaraldiko koordinazioko kideek gogorarazi dute, azkenik, udalerrien izen ematea irekita dagoela, Euskaraldia euren herrietan antolatu nahi dutenek izena eman dezaten eta baliabideak jaso ditzaten. Eta, gainera, Euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek ere izena emateko aukera dute jada Euskaraldiko webgunean: www.euskaraldia.eus. Belarriprest eta ahobizien txanda, berriz, martxoan izango da.