Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurten Euskaraldia; abian dira hainbat tokitan ekinaldia antolatzeko urratsak, eta eskoletan gaiaz aritzeko proposamen didaktikoak ere aurkeztu dituzte. 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena Euskaraldian, haur eta nerabeek berez ezin dute ariketa sozial horretan parte hartu, baina haien atxikimendua ere garrantzitsua da nolabait; horregatik, ekinaldiaren aldeko «xaxatzaile» izatea da proposamen didaktiko horien helburua. Errenterian egin dute aurkezpena, gaur, Lekuona fabrikan.
Euskaraldiko lantaldeak Ikastolen Elkartearekin batera prestatutako materialak dira. Ikastolen Elkarteko ordezkariekin izan da Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo gaurko aurkezpenean. Nabarmendu du haur eta nerabeen partaidetzak berebiziko garrantzia duela Euskaraldiaren arrakasta bermatze aldera. «Uste dugu ariketa honek helduak interpelatu behar dituela, gaztetxo horien aurrean eredugarri izan daitezen», azaldu du. Euskaraldiaren helburu behinena gogoratu dute: euskararen erabilera areagotzea. Horri dagokionez, berebiziko garrantzia dute umeekin izaten diren harremanek.
Izan ere, oso garrantzitsua da haur eta nerabeen atxikimendua: batetik, etorkizuneko Euskaraldietako partaideak izango direlako; bestetik, etxe askotan Euskaraldiaren aldeko «pedagogia» egin dezaketelako, Euskaraldiko arduradunen ustez. Lanketa horren bidez gazteenen «kontzientzia soziolinguistikoa» ere piztu nahi da, eta «ahaldundu» egin nahi dituzte, euskararen erabileran «eragile aktibo» izan daitezen.
Orain, Euskal Herriko ikastetxeetan banatuko dituzte proposamen didaktiko horiek. «Ikastetxe askok oso gustura hartzen dituzte Euskaraldiaren inguruko lanketak», azaldu du Urkijok. Adin tarteka antolatu dute eskaintza. Altxa izenekoa 3 eta 9 urte arteko umeentzat da, Dantza 9 eta 12 adin tartekoentzat, eta Jalgi nerabeentzat. Material «moldagarriak» direla esan dute gaur, eta ikastetxeetan ez ezik haur eta gazteei zuzenduriko gainerako ekinbideetan ere erabil daitezkeela, aisialdian edo kultur arloko egitasmoetan, adibidez. «Horregatik, begiratu on bat eman eta materiala erabiltzera animatu nahi ditugu haur eta nerabeekin modu batean zein bestean aritzen diren guztiak», esan du Ikastolen Elkarteko kide Inma Muñoak.