Antzaldatuta helduko da aurten Euskaraldia. Azaro-abendu aldera egiteari utzi, eta, lehenengoz, udaberrian egingo da: maiatzaren 15etik 25era, hain zuzen ere. 2023ko abenduan eman zuten aldaketaren berri. Elkar mugituz egingo dugu lemak jasoko du aurten ekinbidearen espiritua. Betiko xede bera izango du, 2018an lehenengoz egin zenean izan zuen hauxe: euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala indartzea. Maiatzean Euskaraldia eder loratuko den esperantzan, Euskal Herriko auzo, herri eta hiri askotan abian dira jada hura antolatzen hasteko batzarrak eta herri dinamikak.
Gasteizen, esaterako, Geu elkarteak hartu ohi du bere gain Euskaraldia bultzatzea, eta han ari da Azaitz Unanue Goikoetxea, dinamizatzaile lanetan. «Judimendin egin genuen lehenengo batzarra», azaldu du, baikor: «Oso ondo atera zen». Agenda betea du ordutik, eta «mugimendua» nabari du. Gero eta biziagoa. «Euskaraldia hurbildu ahala, gehiago piztuko da ilusioa». Herri batzordeek hartzen dute, tokirik gehienetan, Euskaraldiaren tokian tokiko antolaketaren ardura. «Hiriburuetan, ordea, ez dago batzorde bakar bat; hainbat batzorde daude. Hain zuzen ere, helburua da auzoetan batzordeak izatea», azaldu du Unanuek. Eta horretan ari dira. « Aurten 11 bat batzorde sortzen saiatuko gara», aurreratu du. Judimendi, Zabalgana, Olarizu-Goikolarra... Martxan ari dira. «Helburua da auzo bakoitzak ekintzak antolatzea, komunikatiboki eta kulturalki interesgarriak izan daitekeen ekintzak». Betiere, «hitza» izango da egiten diren ekintzen motorra, parte hartzen dutenek euskara lehenesteko erak izan ditzaten. Gero hiri osoa aintzat hartuz ere antolatuko dituzte hainbat ekintza. Aurten, propio, Gasteizko herrietara ere eraman nahi dute Euskaraldia.
«Helburua da auzo bakoitzak ekintzak antolatzea, komunikatiboki eta kulturalki interesgarriak izan daitezkeen ekintzak»
AZAITZ UNANUE GOIKOETXEAGasteizko Geu elkarteko kidea
Hein batean, Euskaraldiaren ingurukoa mugimendu iraunkorra izaten da, Unanuek azaldu duenez. «Guk ez dugu eteten; hiriburuetan, normalean, lanketa jarraitua egiten dugu». Ariketa bera hasi aurreko hilabeteetan «sendoagoa» izaten da ahalegina, halere, sua berriz hauspotzeko. Euskaraldiaren helburu behinena hizkuntza ohituretan eragitea da. «Hori, berez, Euskaraldia gauzatzen den egunetan egiten da: garai horretan». Baina, era berean, helburuetako bat izaten da Euskaraldiaren bidez euskararen inguruko mugimendua indartzea, eta ahalegintzen dira hor ere eragiten. Hain justu ere, Gasteizko hainbat auzotan badira Euskaralditik eratorritako euskara elkarteak.
Militantzia ereduak
Ekinaldi batetik bestera erruz ikasten dute, eta aurten, gainera, tresna bat gehiago dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburuaondu du Euskaraldiak. Hartatik zer ikasia badela uste du Unanuek. «Euskaraldirako balio du, baina baita aktibazioari eusteko ere. Inguruan zer aktibazio maila izan daitezkeen zehazten du». Hain justu ere, hainbat «geruza» dituen militantzia eredu bat proposatzen da gidan. «Tartean dira militante aktiboa, laguntzailea, kolaboratzaile puntuala...». Aldaketa orokorrago baten emaitza da hori: izan ere, Tauparen barruan batuta daude euskara elkarte gehienak, Taupak berak berriki izena eta izana aldatu ditu, eta, hasiera horren harira, beharrezkotzat jo du militantzia ulertzeko era aldatzea.
AED Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartea arduratzen da Euskaraldia dinamizatzeaz Arrasaten (Gipuzkoa). Uxue Sampedro buru-belarri ari da han. Unibertsitate ikasketak amaitu berri, lehen urratsa du lan munduan. «Nire lehen aldia da». Baina badu non ikasia. «Talde motor» bat antolatzen da Arrasaten ere ekinbidearen inguruan, eta berriz martxan jartzea izaten da lehen eginkizuna. «Sare» zabalago bat josten ari dira orain. «Helburu nagusia da Arrasateko askotariko sektoreak kontuan hartzea». Kontuan hartuta kirol elkarteek-eta zer-nolako garrantzia duten herrian, aurten propio ari dira ahalegina egiten horietara ere iristeko. Auzoetara begira ere jardun nahi dute.
Euskaraldia aurten «berrituta» etortze horrek aparteko ilusioa sorraraz dezake, Sampedroren ustez. «Bilera batzuk egin ditugu ikusteko jendea prest ote zegoen, eta nahiko ondo joan dira. Jendeak ondo hartu du aldaketa». Hark ere uste du bidea egiten laguntzeko Euskaraldiak argitaratu duen gida lagungarria dela. Egokia deritzo «askotariko sektoreetara hurbiltzeko».
«Bilera batzuk egin ditugu ikusteko jendea prest ote zegoen, eta nahiko ondo joan dira. Jendeak ondo hartu du aldaketa»
UXUE SAMPEDROArrasateko AED elkarteko kidea
Patxi Gaztelumendi Pirinioetara iritsi berria da, baina hantxe du orain bizilekua, eta Aezkoan (Nafarroa) Euskaraldia antolatzeko eratu duten batzordeko kidea da. Argi ikusi du han ere Euskaraldia antolatzeko bidea ondo ikasia dutela euskalgintzako ordezkariek. «Beti egiten da hemen ere». Inguruko herrietan bi euskara teknikari daude, eta haiek egiten dute lotura Euskaraldiarekin eta eskualdean euskararen inguruko mugimenduetan parte hartzen ari diren gainerako ordezkariekin.
Agenda gorriz betetzen hasi dira jada. «Martxoaren 15ean Gozaldia egingo dugu». Lau zutabe izango ditu, eta Garraldan batuko dira denak; han aurkeztuko dute Euskaraldia hauspotze aldera eskualdean hautatu duten hamaikakoa. Pozik dago Gaztelumendi orain arte egin duten bidearekin. «Jendea gogotsu dago». AEKn, bertso eskolan eta beste hainbat egitasmotan badira euskaltzaleak bestela ere «urte osoan» euskalgintzan aritzen direnak, eta uste du horrek erraztu egiten duela lana. Bestalde, Euskaraldia maiatzean egitea mesedegarria izan daitekeelakoan dago: «Udaberrian egunak luzatzen hasten dira, eta agian garai aproposagoa da harreman sozialetarako».
«Udaberrian egunak luzatzen hasten dira, eta agian garai aproposagoa da harreman sozialetarako»
PATXI GAZTELUMENDIAezkoako Euskaraldiko Batzordeko kidea
Arnasguneetan ere bai
Ttur-Ttur elkarteko kidea da Aitzol Perez de Sanroman Ulia, Oiartzunen (Gipuzkoa), eta bertako Euskaraldiaren dinamizazioan murgilduta dago. Aurreko aldietatik hartua dute martxa han ere, eta eginak dituzte «Euskaraldiko batzordea» berriz martxan jartzeko lehen bilerak. Deialdi irekia egin dute horretarako, eta beren-beregi jo dute aurreko Euskaraldietan murgildu diren horiengana aurrena, berriz ere ateak zabaltzeko. Sanromanek esku artean du Euskaraldiko aktibatzaileei lanerako gakoak emateko gida, ohartxoz beteta. Hark ere uste du aintzat hartzeko moduko gomendioak biltzen direla hartan: esan du halako egitasmoak antolatzeko «beti betikoengana» jotzen dutelako sentipena dutela, eta gidan, besteak beste, bide berriak lantzeko irizpideak ematen direla.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen barruan dago Oiartzun, herri euskalduna da, eta horren «fama» ere baduela onartu du Sanromanek. Baina argi du ñabardurak egin behar direla. «Gure erabilera, azken datuen arabera, %53koa da». Bada zer hobetua. Onartu du, oro har, herritarren «konplizitatea» lortzea eta «aldeko jarrera» piztea erraza izaten dela Euskaraldian eta antzekoetan: «Jendeak erraz ematen du izena». Baina hizkuntzaren gaineko «erosotasunaren» zama ere astunegi sentitzen dute usu. Horregatik da Euskaraldia premiazkoa eremu euskaldunenetan ere. «Hizkuntza ohiturez hausnartzea oso interesgarria da. Izan ere, Oiartzunen ere uste baino gehiago hitz egiten dugu gazteleraz, konturatu ere egin gabe askotan».
«Hizkuntza ohiturez hausnartzea oso interesgarria da. Izan ere, Oiartzunen ere uste baino gehiago hitz egiten dugu gazteleraz, konturatu ere egin gabe askotan»
AITZOL PEREZ DE SAN ROMANOiartzungo Ttur-Ttur taldeko kidea
Lan batzuk aurreratuta dauzkate Oiartzunen: herrian egitasmoa sustatuko duen hamaikakoa prestatzen ari dira, aktibatzaileen sarea egituratzen... Beren-beregi Euskaraldiarekin batera Hikaldia ere egiten duten herrietako bat da Oiartzun, hitanoaren erabilera sustatzeko, eta hor ere aparteko ahalegina egin nahi dute aurten.
'euskara aktibatzaileen gida-liburua' - gakoak
- Jarrera ona izan. «Kexatzean eta etsipenean erortzean» oinarritutako jarrerak alboratzeko deia egin dute. Ororen gainean, ingurukoen artean sentimendu hau zabaltzea da helburua: «Gauzak aldatu ditzakezu: zuk asko egin dezakezu».
- Harremanak landu. Ahalegina egin behar da «interesgarriak» izan daitezkeen pertsonekin harremanak lantzeko. Era irekian, entzuteko prest. «Beren sentimenduak adieraz ditzaten erraztu behar da, eta ikusi behar dute esaten dutenarekiko benetako interesa dugula».
- Sare bat irudikatu. Sare bat eraiki behar da, tokian tokiko begiradarekin. «Herri bakoitzeko egoerara egokitu behar gara». Muinaren muinean «talde motorra» egongo da: ariketa sozialaren «ekintzaile antolatzaileak» izango dira horiek. Inguruan, geruza gehiago. Horra hurrenkeran, muinetik hurbilen daudenetatik aldenduen daudenetara: «aktibistak, sinpatizanteak, urrunak eta aurkakoak». Azken horiekin «denborarik» ez galtzeko aholkatu dute.
- Sare bat osatu. Nork bere herriko «mapa» egin behar du, eta «eragin ahalmena duten» horiengana jotzen saiatu: «Bila ditzagun lider naturalak». Bidean, «animatu eta zaindu» egin behar dira. «Saihestu erdigunean beti berak egotea edo aukeratuen talde moduko bat bihurtzea». Ideia hau nabarmendu dute hor: «Ez saiatu heroi bat izaten». Sustatu nahi den lan egiteko era ez da hori. «Taldean eta elkarlanean lortzen dira aldaketak».
- Taldearen funtzionamendua finkatu.
Lantalde «emankorra» izatea lortu behar da. Helburuek ezaugarri hauek izan behar dituzte: «Zehatzak, errealistak, lorgarriak, aldi baterakoak eta neurgarriak» izan behar dute.
Ekintzak antolatu. Euskaraldia hasi aurretik, giroa berotze aldera ekintzaren bat antolatzeko proposatu dute gidan. «Normalean, ekintza txikiren batekin hastea izaten da onena». Apurka, «intentsitatea» handitu liteke.
Euskaraldia antolatu. Hainbat ekintza egingo dira, euskararen erabilera «muinean» dutenak denak. Berebiziko garrantzia izango du elkarri egindako aurrerapausoen, lorpenen eta bizipenen berri emateak. «Zeregin kolektibo batean gaudela ikusteko eta sentiarazteko, elkar laguntzeko eta adoretzeko, indar handia du herritarren bizipenak eta testigantzak konpartitzeak». Entitateetara begira, «konpromiso publikoak» lortzen saiatu beharko da. 16 urtetik beherakoei aparteko tokia eman nahi zaie: «xaxatzaileak» izan daitezke.
- Indarberritu. Behin zurrunbiloa igarota ere, harremanei «eutsi» egin behar zaie, eta antolatzaileen taldea «zaindu» egin behar da. Gerora begira: «Euskaraldia urrats bat da, baina euskararen biziberritzea arnasa luzeko mugimendua da».