Zabaldu dute Euskaraldiaren laugarren edizioan izena emateko epea

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera sustatzeko ekinaldi masiboa. Euskararen aldeko beste arau sozial batzuk errotzearen garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek.

Euskaraldian izen emateko epearen irekiera iragartzeko agerraldia, Gasteizko Arrue kulturgunean.
Euskaraldian izen emateko epearen irekiera iragartzeko agerraldia, gaur, Gasteizko Arrue kulturgunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko martxoaren 15a
12:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi hilabete barru hasiko da Euskaraldia, eta haren laugarren edizioan parte hartu nahi dutenek jada badute aukera izena emateko. Gaur goizean iragarri dute antolatzaileek izen emateko epea zabalik dela, Gasteizko Arrue kulturgunean egin duten agerraldian. Maiatzaren 15etik 25era, Euskaraldiaren txapa eramango dute soinean milaka herritarrek. Aurten ere bi rolen artean aukeratu beharko dute: ahobizi ala belarriprest.

Dozenaka lagun bildu dira Gasteizen, izen emateari eta Euskaraldiaren laugarren edizioari buruzko xehetasunak emateko. Agerraldian izan dira, besteak beste, euskalgintzako elkarteetako kideak, Euskaraldiaren batzordeetan ari diren herritarrak eta erakunde publikoetako ordezkariak. Azken horien artean, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria.

Irati Iziar Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela Euskaraldia antolatzea eta herritarrek ekinaldian parte hartzea. Azaldu du kanpainak ezinbesteko ekarpena egiten diola euskararen aldeko mugimenduari. «Urte askoan euskararen ezagutzan jarri da foku nagusia, eta premiazkoa da beste paradigma bat bultzatzea, erabilera sustatuko duen paradigma bat. Gaur-gaurkoz, Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresnarik eraginkorrena eta masiboena».

Iziarrek gogorarazi duenez, Euskaraldiaren helburua zera da, euskararen erabilera errazteko beste arau sozial batzuk gizarteratzea eta errotzea, eta, haren ustez, egitasmoak lortu du helburua betetzea. Taupako lehendakariaren iritziz, gero eta jende gehiagok ulertzen du lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia, eta elkarrizketa elebidunak gero eta arruntagoak dira. «Horrek guztiak modua ematen du euskararen erabileran urrats gehiago egiteko».

«Premiazkoa da beste paradigma bat bultzatzea, erabilera sustatuko duen paradigma bat. Gaur-gaurkoz, Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresnarik eraginkorrena eta masiboena»

IRATI IZIAR Taupako lehendakaria

Hori bai, ezin daiteke espero egun batetik besterako aldaketa ikusgarririk, Iziarren esanetan. «Ohiturak aldatzea ez da erraza; are gehiago hizkuntza ohiturak baldin badira». Baina horrek ez dio pisurik kentzen «arnasa luzeko» ekinaldiari. «Apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu».

Euskararen erabileran jauzi egitera deitu du Bengoetxeak ere; lagunartean, lan eremuan nahiz senideen artean. Jaurlaritzako lehendakariordeak aipamen berezia egin dio «euskaratik urrun daudenak» euskarara erakartzeko ahaleginari, euskarak «denon beharra» du eta.

Ollok, berriz, parte hartzaileen rol hautaketari erreparatu dio, eta adierazi du «hobetzeko tartea» dagoela belarriprest-en alorrean. Euskaraldiaren lehen hiru edizioetan ahobizi rola aukeratu dute parte hartzaile gehienek, eta Nafarroako lehendakariordeak gogorarazi du belarriprest rola ere garrantzitsua ez ezik pertsona askorentzat «egoki-egokia» dela. «Rol hori ez da euskara pixka bat dakitenentzat, ez soilik horientzat. Nafarroan, adibidez, euskara jakin arren gutxi erabiltzen duen jende asko dago. Horren atzean oso bestelako arrazoiak daude. Herritar guztiak ez dira toki beretik abiatzen, eta belarriprest izatea aukera on-ona da Euskaraldiarekin bat egiteko».

Euskararen erabilera sustatzeko, herri erakundeek duten erantzukizunaz ere mintzatu da, eta esan du «gizartearen beharrei egoki erantzutea» dagokiela, «nor bere aukeretatik abiatuta, baina betiere arduraz. Erronka handia dugu». Euskaraldiari babesa ematea eta hura gauzatzeko neurriak hartzea dagokiela gehitu du.

«Herritar guztiak ez dira toki beretik abiatzen, eta 'belarripest' izatea Euskaraldiarekin bat egiteko aukera on-ona da»

ANA OLLO Nafarroako lehendakariordea eta Euskara kontseilaria

Izen emate erraza

Laugarren edizioan parte hartzeko izen ematea «oso erraz» egiten dela azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. Galdetegi bat bete behar da www.euskaraldia.eus webgunean. Urkijok adierazi du Euskaraldirako laguntza handia dela parte hartuko duten guztiek izena ematea, horrek erraztu egiten baitu ekinaldi sozialaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea eta, batez ere, parte hartzaileen prestakuntzarako tresnak eta aholkuak helaraztea.

Bestalde, koordinatzaileak azpimarratu du Euskaraldia «jauzia egiteko ariketa dela: euskararen alde egotetik euskararen alde egiten hasteko jauzia». Beraz, «txapa jartzetik haratagoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…».

Parte hartzaile bakoitzak aukeratu duen rolari dagokion txapa eskuratu beharko du izena eman ondoren. Horretarako, adi egon beharko dute Euskaraldiko batzordeen oharrei. Batzordeetako kideak txapak banatzen ibiliko dira herriz herri.

Txaparen balioaz jabetzeko eskatu diete antolatzaileek parte hartzaileei, hura izango baita ekinaldiak irauten duen 11 egunetan estres linguistikoa ezabatzeko erreminta. Estres linguistikoa da pertsona elebidun batek ezezagunen aurrean hizkuntza gutxiagotua hobesteak eragiten dion tentsioa. Txapa ikusita, euskaraz egin nahi duenak jakingo du aurrean duenak euskaraz ulertzen duela, behinik behin. Hala, antolatzaileek nabarmendu dute txapak mezu argia ematen diola aurrean duenari: nirekin egizu euskaraz!

Gasteizko agerraldian, aurtengo Euskaraldian izena eman dute herritar ezagun batzuek: Edurne Azkarate aktoreak, Eneko Atxa sukaldariak, Zibel Damestoy dantzari eta koreografoak eta Bengo abeslariak. Laurak dira aurtengo ekinaldiko nazio mailako hamaikakoaren kide, beste hauekin batera: Oihana Azkorbebeitia, Lutxo Egia, Eneko Garcia, Ana Goitia, Itziar Ituño, Roberto Moso, Esti Urresola eta Mikel Urrutikoetxea.

Maiatzaren 25etik aurrera, txapa erantzi eta gero ere, Euskaraldiak sustatzen dituen jarrerei eustera deitu dute antolatzaileek. Hau da, lehen hitza euskaraz egitera eta elkarrizketa elebidunei eustera, bereziki. «Izan ere, urte guztian behar ditugu euskaldunak euskaraz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.