Laugarren Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dute, baina errotarria abian da jadanik, eta Euskal Herriko azken bazterreraino iritsiko den uhinaren lehen motorra izendatuta dago: Euskaraldiaren nazio mailako hamaikakoa, hainbat arlotan ezagun eta erreferentzia bilakatu diren 11 lagunek osatua.
Euskaraldiaren «enbaxadore eta konplize» izango dira 11 lagun horiek. Baina haien eginkizuna ez da sinbolikoa izango: haiek ere euskararen erabileraren inguruko erabaki batzuk hartuko dituzte, erabaki horien berri emango diete ingurukoei, eta horiek egunerokoan gauzatzen saiatzeko erronka onartuko dute. Are gehiago: bakoitzak beste 11 laguni egingo dio Euskaraldian parte hartzeko gonbidapena, eta, horrela, hasiera emango diote hizkuntz ohiturak aldatzea xede duen mugimendu erraldoiari.
Izan ere, Elkar mugituz egingo dugu izango da laugarren Euskaraldiaren goiburua. Geroago, herrietan, eskualdeetan eta kanpainarekin bat egiten duten entitateetan ere hamaikakoak sortuko dira, baina lehen hamaikako honi dagokio elkar mugitzearen ariketari hasiera ematea. Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok azaldu duenez, «askotariko» zerrenda osatu dute, eta partaideen pluraltasuna nabarmendu du, «genero, adin, lurralde eta jarduera esparruei» dagokienez.
Berria eta berritua
Berrikuntza ugari dakartza laugarren Euskaraldiak. Urkijoren esanetan, «berria eta berritua» izango da, eta lehenengo aldaketa daten ingurukoa da: orain artekoak udazken edo negu aldean antolatu dituzte, eta 2025ekoa, berriz, udaberrian izango da. «Udaberrian giro soziala handitu egiten da, eta ariketari ekiteko beste aldarte batean jartzen gaitu», azaldu du Urkijok.
Baina, aldaketak aldaketa, Euskaraldiaren muinari eutsiko diote, orain arte «eraginkorra» izan dela frogatu duelakoan. «Festa bat edo euskararen aldeko kanpaina huts baino gehiago, erronkan jartzen gaituen ariketa da Euskaraldia». Haren «zergatiak eta zertarakoak» azaldu ditu Urkijok: helburua da euskararen erabileraren inguruko portaera sozial batzuk normalizatzea «arau sozial» bihurtzeraino, eta horiek hiztunen eguneroko jardunean «errotuta» geratzea.
Zehazki, hiru ohitura sustatu nahi dituzte Euskaraldiaren bidez: lehenengo hitza euskaraz egitea, euskara ulertzen dutenekin euskararen erabilerari ahalik eta gehien eustea, betiere elkarrizketa elebidunak izateko aukerari ateak irekiz, eta euskaldunak euskaldunari euskaraz egitea. Eta hori «hurbiletik hurbilera eta ahotik ahora» egin nahi dute, «inertziak eraldatuz» eta edozein esparrutan euskararen erabilera areagotzeak «efektu biderkatzaileak» dituela jakinda.
Harrotasuna eta ilusioa
Eneko Garcia, Albina Stardust drag queen gisa ere ezaguna, hamaikakoa osatzen dutenetako bat da. Esan duenez, «ezustekoa» izan zen harentzat hamaikakoan parte hartzeko gonbidapena jasotzea, eta «harrotasuna eta ilusioa» ere sentitu zuen: «Normalean, ez da ohikoa geure profila kontuan hartzea horrelako ekinbideak egiten direnean, eta berezia eta garrantzitsua iruditzen zait trabesti ez-binario bat aukeratu izana hamaikakoa osatzeko».
Hark ere «erronka» gisa hartu du eginkizuna: «Honek lagunduko dit neure burua behartzen ohitura batzuk aldatzera. Normalean, etxean eta familian euskaraz egiten dut, baina aisialdian, kalean eta lagunekin nagoenean, ez horrenbeste. Horixe izango da nire erronka». Bereziki gogoan izan ditu euskara ikasten ari direnak, eta dei egin die ekinbidean parte har dezaten, baita euskaldun oso direnei ere euskara ikasleen parte hartzea erraz dezaten: «Ez izan akatsak egitearen beldur, akatsak zoragarriak dira eta».
Euskaraldiaren hamaikakoa
- Eneko Atxa Azurmendi. Sukaldaria.
- Oihana Azkorbebeitia Urizar. Mendi lasterkaria.
- Aitor Bengoetxea Zabalza. Musikaria eta break dantzaria.
- Lutxo Egia del Rio. Idazlea.
- Eneko Garcia Jaurena - Albina Stardust. Trabestia.
- Ana Goitia Erkiaga. Kazetaria, aurkezlea eta umorista.
- Itziar Ituño Martinez. Aktorea.
- Roberto Moso Gil. Komunikatzailea.
- Zibel Untsain Damestoi. Dantzaria.
- Esti Urresola Solaguren. Zinemagilea.
- Mikel Urrutikoetxea Azkueta. Pilotaria.
Estibaliz Urresola zinema zuzendariak ere «harrotasun» hitza erabili du, hamaikakoan parte hartzeak eragiten dion sentimendua deskribatzean. Arabarra da Urresola, eta Euskaraldia «Araban eta Euskal Herri osoan» beharrezkotzat jo du. Azaldu duenez, berak zuzendutako 20.000 especies de abejas filma munduko leku askotan aurkeztu behar izatea egokitu zaio azken bolada honetan; eta leku horietako batzuetan ez zeukaten Euskal Herriaren eta euskararen berri, eta beste zenbaitetan, aldiz, bai. «Edonola ere, ederra izan da ikustea zuk batzuetan xumetzat jotzen duzun hori begirune handiz ikusten dutela hemendik kanpo».
Ahobizi eta belarriprest ohiko rolez gain, Urresolak iradoki du Euskaraldia aukera ona izan daitekeela denbora tarte horretan euskal antzezlan, film, liburu eta bestelako kultur produktuak kontsumitzeko, eta horretarako deia egin du.
Garciaz eta Urresolaz gain, aktoreak, idazleak, kirolariak eta abar daude Euskaraldiaren hamaikakoan. Lutxo Egia da horietako bat: idazlea aitzindaria izan zen euskararen erabileraren inguruko ariketetan, 2015ean hilabete batez «hizkuntza hegemonikoa ahaztuta» bizitzea erabaki zuenean.
Euskaraldian parte hartu nahi duten herri eta entitateek zabalik dute horretarako aukera. Aurrerago, ahobizi edo belarriprest izatea erabakitzen duten norbanakoentzako epea irekiko dute; martxoan, hain zuzen. Abenduaren 6an, berriz, Euskaraldiaren kantua aurkeztuko dute.