Ofizialki azaroaren 20an hasiko bada ere, beroketak egiten hasia da Euskaraldia. Ikastolen Elkarteak, Gipuzkoako Urtxintxa eskolak eta Irrien Lagunak elkarteak sortutako material didaktikoa aurkeztu dute, ikastetxeetan lantzeko; baita hezkuntza ez-formalean eragiteko ere.
Euskararen aldeko eragilez lepo egon zen atzo Donostiako Koldo Mitxelena liburutegia (Gipuzkoa). Unitate didaktikoaren sortzaileez gain, han izan zirenEuskaraldiko koordinazio nagusiko, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Institutuko, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak.
Dena den, materiala ez da gaztetxoenetan zentratzen soilik; Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo eta Lanbide Heziketara arteko unitate didaktikoak aurkeztu dituzte. Hiru fasetan banatu dute formakuntza: lehena, Euskaraldirako prestaketa; ikasleak girotzeko asmoz.
Bigarren fasea Euskaraldia bera da: azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohiturak aldatzean zentratuko da. Eta, azkenik, hirugarren fasea Euskaraldia bukatzean abiatuko da. Bi aste horietan emandako aurrerapausoak eta aldatutako hizkuntza ohiturak mantentzea du helburu.
Hezkuntza ez-formala ere bai
Haurrekin eskolatik kanpo aritzeko beste metodologia batzuk ere sortu dituzte, erakargarriagoak izan daitezen. Horiek horrela, urrian Irria aldizkariaren zenbaki monografiko bat kaleratuko dutela jakinarazi dute, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendua.
Euskaraldiak material didaktikoa aurkeztu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu