Euskaraldia udaberrian egiten hasiko dira: 2025eko maiatzean izango da hurrena

Udaberrian txapak udazkenean baino agerikoagoak izatea espero da, kalean jende gehiago ibiltzea, eta, era horretan, hizkuntza ohituretan eragiteko lanean beste urrats bat egitea; Korrika eta Euskaraldia urte berean ez egitea ere bada aldaketaren xedea.

Euskaraldia 2025eko udaberrian egingo dela jakinarazteko ekitaldia. BERRIA
Bingen Zupiria, Irati Iziar, Javier Arakama eta Goiatz Urkijo, gaur. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2023ko abenduaren 14a
15:35
Entzun

Udaberrian izango da hurrengo Euskaraldia, 2025ean: maiatzaren 15etik 25era. Aldaketa da. Izan ere, 2018an egin zen lehen Euskaraldia, 2020an hurrena, eta iaz azkena. Berez, heldu den urtean egin beharko litzateke berriz, baina, gaur Donostian egin den agerraldi batean, antolatzaileek jakinarazi dute 2024an ez dela izango Euskaraldirik. Nabarmentzekoa da urtaro aldaketa ere, aurreko Euskaraldiak udazkenean egin baitira. Azaroan hasi eta abenduan amaitu ziren. Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideek eman dute egiteko modu eraldatuaren berri: Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Irati Iziarrek, Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, eta Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok. 

Egitasmoaren funtsa bera ez da aldatuko. Hizkuntza ohiturak aldatzea izango da helburua, euskararen alde. Rol biren inguruan egiten da ariketa; hain justu ere, belarriprest edo ahobizi izan nahi duten erabaki behar izaten dute parte hartzaileek aurrena. Horren berri ematen duen txapa soinean dutela ibiltzen dira egitasmoak dirauen bitartean. Horrek lehengoan jarraituko du. 

Aldaketaren bidez, ekinaldia indartzea da asmoa, hizkuntza ohiturak aldatzeko sortua baita, eta egungo errealitate soziolinguistikoan berebiziko garrantzia du horrek. 2018ko aldia zer indarrekin egin zen oroitu du Urkijok. «Astindua eragin zuen Euskal Herrian». Bigarren Euskaraldia pandemia betean egin zen, eta izurriaren aurkako neurriek egunerokoa aldatu izanak eragina izan zuen. Adierazi du hirugarren aldiak «gogoeta» egiteko aukera eman duela. Orain dela aste batzuk plazaratu zen hirugarren aldiaren balorazioa, hain zuzen: baikor agertu ziren, baina onartu zuten egitasmoa indartzeko premiari buruzko iritziak ere zabaldu zirela.

Emaitzak

Hala ere, funtsean, orain arte bildutako datuek zera erakusten dute: ariketa eraginkorra da. «Euskaraldia eraginkorra da, eta aldaketak ekartzen ditu». Datu zenbait nabarmendu nahi izan dituzte horren inguruan. Esaterako, azken aldian jasotakoak. Parte hartzaileen artean, euskaraz zekitenekin une oro euskaraz egiten zutenak %63,9 ziren ariketaren aurretik, eta %78,9 ariketa amaitu ondoren. Ariketaren egunetan proportzioa %85,9ra ere heldu zen. Hortik Iziarren analisi baikorra. «Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hori dela eta, iruditzen zaigu beharrezkoa dela Euskaraldi gehiago egitea. Euskararen biziberritze prozesuarentzat guztiz lagungarria da ariketa». Ondo egite aldera, «pedagogia sozial indartsua» egin behar dela gogoratu du, hizkuntza ohiturak ezin daitezkeelako «gauetik goizera» aldatu. Ariketa «errepikatzea» horregatik da garrantzitsua, eta «berritzea».

Aldaketekin «ilusioa» piztu nahi dute berriz gizartean. Udaberrira ekarrita errazagoa izango dela uste dute. Kalean «bizitasun sozial» handiagoa izaten dela azaldu dute, eta Euskaraldian parte hartzen dutenek paparrean eramaten duten txapa bera ikusaraztea errazagoa izango dela. «Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen dute horretan», zehaztu du Urkijok. 

«Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen dute horretan». 

GOIATZ URKIJO Euskaraldiko koordinatzailea

2024an Euskaraldirik ez egin eta zuzenean 2025era eramanda lortuko da, gainera, Korrikarekin batera urtez urte «txandakatzea». Gogoratu dute bi ekintza horiek «erraldoiak» direla, funtsezkoak euskararen biziberritzean, eta urte berean egitea baino egokiagoa iruditu zaie urte diferenteetan egitea.

Euskaraldia egin aurreko lanaren garrantzia nabarmendu du Zupiriak ere. «Herriz herriko eta auzoz auzoko dinamizazio eta aktibazio sozial zabala eskatzen ditu». Javier Arakamak, berriz, garrantzitsutzat jo du ariketari esker euskararen gaiak zer-nolako tokia hartzen duen agenda sozial eta politikoan. «Hizkuntzaren gaiak ohi baino presentzia handiagoa hartzen du: lorpenez eta zailtasunez, ikusitako aurrerapauso eta inkoherentziez, ilusioez eta kezkez aritzeko». Horrez gain, nabarmendu nahi izan du Euskaraldiak «elkarlana» sustatzen duela, eta «gobernantza» eredu berri baten adibidea dela. Hain justu, euskararen eremu osoko administrazio erakundeak, euskalgintzako erakundeak eta bestelako entitateak batera aritzen dira. «Eredu honetan sakontzen jarraitzea izango da hurrengo Euskaraldiaren beste helburuetako bat, sinisturik baikaude elkarlana eta herritar, erakunde eta entitateen atxikimendu praktikoa ezinbesteko oinarria direla». 

Heldu den udaberrian emango dituzte 2025eko Euskaraldiaren lehen xehetasunak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.