Euskarako A1 mailan matrikulatzen diren ikasleek tasa bat ordaindu beharko dute, «merkea» Jaurlaritzaren hitzetan

Eusko Jaurlaritzak ia lau milioi euro jarriko ditu hurrengo ikasturtean A1 eta C1 mailetan euskara doan ikasteko aukera emateko.

Ikasle batzuk euskaltegian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ikasle batzuk euskaltegian. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
2024ko abuztuaren 30a
13:33
Entzun

Hastear den ikasturte honetan euskarazko komunikazio gaitasuneko A1 maila eskuratzeko ikastaroak dohainik izango dira, baita C1 mailakoak ere 16 eta 18 urte bitartekoentzat. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 3,9 milioi euro jarriko dituela: 1,7 milioi A1 mailarako, eta 2,2 milioi C1 mailarako. Jakinarazi dute herritarrak euskarara hurbiltzeko erraztasunak jarri nahi dituztela eta, hala, hizkuntzaren erabileran «jauzia» egin. 

Atzoko Gobernu Kontseiluan hartu zuten A1 maila doan ikasi ahal izateko erabakia. Horrez gainera, C1 mailako ikastaroa dohainik izango da 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat; iaz jarri zuten neurria martxan, eta berretsi egin dute orain. Bi mailetan matrikula bat ordaindu behako dute, «merkea», eta, maila lortuz gero, kopuru hori berreskuratu ahal izango dute ikasleek.

Dirulaguntza ikasturte osoan zehar eskatu ahal izango da. Hori bai, dirulaguntzetara bideratutako kopurua agortzen denean amaituko da ikasle gehiagori ikastaroa doanik eskaintzeko aukera. 

A1 mailan matrikulatzen diren ikasleen %22 inguru dira jatorriz Euskal Herritik kanpokok, eta, Jaurlaritzaren esanetan, «gero eta gehiago» dira. Euskara herritar horiei eta oraindik euskarara gerturatu ez direnei hurbiltzeko asmoz hartu du Jaurlaritzak ikastaroa dohainik izateko erabakia.

C1 mailako ikastaroa ere dohainik izango da 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat: aurten, 2006, 2007 eta 2008. urteetan jaiotakoentzat; 2025. urtean, berriz, 2007, 2008 eta 2009. urteetan jaiotakoentzat. Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, neurri horren helburua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran dauden gazteek euskarazko komunikazioa hobetzea eta sendotzea, hala «goi mailako prestakuntza profesionalari, unibertsitatekoari ala lan merkatuko ibilbideari maila egokiarekin» ekiteko.

GAKOAK

  1. Ikasle orok izena eman beharko du 2024-2025 ikasturterako HABEko erregistroan inskribatutako euskaltegi edo autoikaskuntza zentro homologatu batean. 

  2. Gutxieneko bat bete beharko dute eskoletara joateari dagokionez: ikastaroan emandako orduen %75 bete beharko dira.

  3. Diru laguntza ikasturte osoan eskatu daitezke, baina diru laguntza horietarako jarritako zenbatekoa amaitzen denean, ezingo zaio ikasle gehiagori diruz lagundu. 

  4. HABEk ebazpen baten bitartez jakinaraziko du diru laguntza jasoko duten ikasleen zerrenda.

  5. Ez dute diru laguntzarik jasoko aldez aurretik A1 maila eskuratzeko lerroren batean parte hartu duten ikasleek. Halaber, ikasle bakoitzari ikastaro bakarra ordainduko zaio. 

  6. EAEko aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko dira indarrean dirulaguntza hauek.

Orain artekoak, indarrean

A1 eta C1 mailetakoek ez ezik, gainerako mailetako euskaltegietako ikasleek ere aukera izango dute orain arte indarrean izan diren diru laguntzen deialdietan parte hartzeko, eta doako ikastaroak egin ahal izango dituzte. 

A2, B1 eta B2 mailek orain arte bezala funtzionatuko dute: maila euskaltegiren batean lortuz gero eta azterketa bidez maila egiaztatuz gero, ikasleak ohiko matrikula eta ikastaroa ordainduko ditu ikasturte hasieran, baina ordaindutakoa itzuli egingo zaio amaieran. Berdin gertatuko zaie C1 maila lortu nahi duten 18 eta 30 urte bitartekoei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.