Plaza Hutsa egitasmoan gogoeta kolektiboa egin eta euskalgintzako eragileekin hausnarketa partekatu ondotik, Euskalduntze prozesua arnasberritzen, ezkerretik eta independentismotik dokumentua osatu du Sortuk. Fase berri eta «integral» bat hasi beharra dagoela nabarmendu du Xabi Iraola Larraia Herrigintza Lantaldeko kideak (Igeldo, Gipuzkoa, 1993), eta garatu duten proposamenak horretan ekarpena egin nahi duela.
1950eko hamarkadan hasitako euskalduntze prozesuan agorpen zantzuak nabari direla dio dokumentuak. Zertan?
Asko aurreratu da, eta, gainera, uste dugu aitortza zor zaiola mugimendu euskaltzaleari. Milaka eta milaka euskaltzaleren konpromisoari esker iritsi da euskara egungo egoerara. Horri balioa kendu gabe, iruditzen zaigu badaudela agortze zantzuak. Nabarmena da, esaterako, hezkuntza sistema publikoak zer zailtasun duen euskaldun osoak eta gaituak sortzeko; baita D ereduan ere. Komunikabideen esparruan, EITBk euskalduntzeari begira funtzio garrantzitsua aitortu zion bere buruari sorreran, eta, gaur egun, argi dago funtzio horretan hankamotz geratu dela. Bestalde, azkeneko ikerketek adierazten dute euskararen ezagutza moteltzen ari dela eta erabilera datuek beheranzko joera dutela. Kontuan hartu behar da euskalduntze prozesu hori XX. mendean garatu zela. Erronka berriei ondo heltzeko, egungo testuingurura etorri behar dugu.
Hori ez egitea «Mont Blancera kaleko oinetakoekin» joatearen parekoa dela diozue. Zer-nolako erronkak izango ditu euskarak datozen urteetan?
Euskarak jauzi bat, herri susperraldi berri bat behar du; eta jauzi horrek integrala izan behar du. Afera ez da lan mundua euskaldundu ala ez. Hori euskaldundu behar da, noski, baina hezkuntza sistemaren papera aztertu behar da, komunikabideen sistemarena, helduen alfabetatzearen inguruko politikak, etorkinen esku euskara nola jarri... Alegia, momentu oso garrantzitsu eta kritikoan gaude, eta iruditzen zaigu neurri horretako erantzuna eman behar diogula egoerari.
Nola?
Lehenengo eginbeharra da jakitea zein den errealitatea. Askotan, iruditzen zaigu errealitatea gozotu egiten dela, eta sakontasun handiko kontua da. Hau ez diogu blokeorako, kontrakorako baizik. Ezkortasuna batzuetan blokeatzailea da, eta guk ez dugu egiten ezkortasunez. Ez daukagu ezkortasunerako eskubiderik. Uste dut errealitatearen benetako argazkia izan behar dugula, behin hori izanda egoerari duen dimentsio osoarekin heltzeko.
Sumatzen duzue indarrik halako jauzi baterako?
Askotan, puntu ezkorretan jartzen dugu azpimarra, baina kontrako norabidean ere ikusten da ekimena: Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduaren kontrako erabakiaren aurrean egon zen erantzun herritarra, Nafarroan zonifikazioaren kontra abian jarritako Hordago egitasmoa, gazte euskaltzaleen dinamika, Pantailak Euskaraz... Ikusten da herri gogo bat, eta horren indar guztia askatzea da gure egitekoa.
Ideologikoki, batetik, hiztunen eskubideen esparrura eraman nahi izan duzue hizkuntzaren auzia, eta, bestetik, neoliberalismoak sustatzen duen kultur homogeneizazioaren kontra egin beharra defendatu duzue. Zergatik bi zutabe horiek?
Kontziente gara diskurtso honek ez diela balioko euskaltzale askori, baina guk, ezkerretik eta independentismotik, uste dugu bi ildo nagusi horiek garrantzia izan behar luketela. Batetik, uste dugu justizia sozialaren eta demokraziaren esparrura eraman behar dugula hizkuntzaren afera, eta, bestetik, euskaldunok identitate nazionala berreskuratu eta erdigunean jarri behar dugula. Gainera, jarrera horrek inoiz baino gaurkotasun handiagoa du. Neoliberalismoaren apustua da geroz eta homogeneoagoak diren pertsonak ekoiztea, eta, horrekin batera, taldetasunarekin, komunitateekin, herriekin apurtzea. Horren aurrean, ezkerreko ikuspegi bat da herri, komunitate, kolektiboen balioa berreskuratzea; borrokarako lubaki bat gehiago da.
Hizkuntzaren auzia norbanakoaren hautuaren bidez soilik konpontzeari ere egiten dio kontra. Hedatzen ari da diskurtso hori?
Uste dut jendartea jakitun dagoela norbere hautuak soilik ez duela bermatzen hizkuntzaren etorkizuna. Gazteleraz eta frantsesez jardutera behartzen gaituzte, eta euskara higatzeko etengabeko politika bat dago. Norbanakoen hautuarena falazia bat da, azken batean. Izokinak korrontearen kontra igeri egiten du, baina, igeri egiteari uzten badio, korronteak eramango du. Eta hizkuntzarekin gauza bera gertatzen da: oso konprometituta egonagatik, korrontea beti kontra badaukat, igeri egiteari uzten diodan momentuan eraman egingo nau. Dena kontra daukagun egoera batean norbanakoen erabakian pisua jartzea tranparen parte da. Badago nolabaiteko normalizazio faltsu baten mantra hori. Ematen du euskaraz ikasteko eskubidea dugunez gure esku dagoela. Gezurrezko normalizazio bat da. Auzia da egungo hizkuntza politikak ez direla esku artean ditugun erronken parekoak, eta horregatik diogu hizkuntza politika berriak behar ditugula, eta egoerak eskatzen duela hizkuntza politika berri horiek gobernantza eredu berri baten bidez aplikatzea. Planteatzen duguna da parez pareko harreman baten bidez egin beharko liratekeela politikak.
Estatu egituren beharra ere nabarmendu duzue. Elkar elikatu behar lukete euskalduntze prozesuak eta burujabetzarenak?
Neoliberalismo global eta homogeneizatzailearen pean, euskarak estatu egiturak izan ezean eta bere lurraldean bere hizkuntza politika burujabeak aplikatu ezean, nekez egingo du aurrera. Uste dugu euskarak eta euskalgintzak paper garrantzitsua izan behar duela estatu bat eraikitzeko bidean. Estatu hori edukitzeko herritarren arrazoi nagusietako bat euskararen aldekotasuna izango da. Eta, bestalde, euskaltzale diren horiek ikusi behar dute beraien nahi hori burura eramateko ezinbestekoa dela estatu bat izatea. Erabat lotuta dauden aferak dira, eta elkar elikatu dezaketen prozesuak.
Kulturgintzak herri kontakizuna birsortzeko duen gaitasuna ere nabarmendu duzue. Horri lotuta behar du euskarak?
Askotan, hizkuntzak komunikazio tresna huts gisa hartzen dira, baina, soilik arrazoi praktikoei begiratuko bagenie, zer arrazoi izango genuke euskaraz egiteko? Batere ez. Helburua bada ahalik eta herritar gehienekin komunikatzea, aukeratu dezakezu gaztelania, frantsesa, ingelesa... Beste edozein hizkuntza, euskara baino lehen. Baina zergatik egiten dugu euskararen aldeko hautua? Euskara identitate eroale ere badelako. Euskarak ematen digu munduan izateko eta munduari begiratzeko leku bat, eta hori, nagusiki, kulturaren bidez ematen digu. Kulturak badu funtzio garrantzitsua herri kontakizuna birsortzearen esparru horretan, Zer gara herri bezala? galderari erantzuteko. Eta, alor horretan, uste dugu badaudela erreferente izan daitezkeen egitasmoak; Iruñeko Laba proiektua, Azpeitiko Kultur Mahaia eta Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoa, esaterako.
Xabi Iraola Larraia. Sorturen Herrigintza Lantaldeko kidea
«Euskarak jauzi bat, herri susperraldi berri bat behar du»
Euskalduntze prozesu berri baterako proposamena ondu du Sortuk. Xabi Iraola Larraiaren ustez, erantzun partzialetatik harago, jauzi «integral» bat behar du euskalduntzeak, egungo erronketara egokitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu