Euskararen Nazioarteko Eguna

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Euskalgintzako hainbat pertsona ezagun batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak; adierazi dute euskara eta euskal kultura behar dituela ardatz Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

Atzo Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako agerraldia; Iratxe Retolazak eta Leire Vargasek irakurri zuten adierazpena. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi - Arantxa Iraola
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Hezkuntza arloko «aditu eta arituak», kultur sortzaileak eta euskalgintzako ordezkariak zituen iragarrita Euskalgintzaren Kontseiluak atzo Bilbon, Euskara eta euskal kultura etorkizunaren ardatz adierazpenaren aurkezpenerako. Berrehun lagunetik gorako zerrenda bat aurkeztu zuten: guztiek egin dute bat agiriarekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria ontzeko prozesua abian da, eta «berariaz» eskea egin dute lege horrek aintzat har ditzan honako hiru eske hauek. Bat: euskara ikas eta irakas-hizkuntza izango duen eredu orokor inklusibo bat nahi dute. Bi: euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma. Hiru: hezkuntza ez arautua ere osorik euskaraz garatzea. Leire Vargas idazleak eta Iratxe Retolaza literatura irakasleak irakurri zuten agiria. Horra muina: «Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua».

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak iragarri zuen bihartik era izango dutela nahi duten herritar guztiek adierazpenarekin bat egiteko. Egiten diren hiru eskeak oso «zehatzak eta argiak» direla esan zuen, eta adi aztertuko dutela legeak horiek behar bezala aintzat hartzen dituen. Betetzen ez badira, euskalgintzak «determinazioz» erantzungo duela iragarri zuen Bilbaok: «Hau ez da ezeren amaiera». Hezkuntzan ezinbestean euskararen eta euskal kulturaren aldeko «jauzia» egin behar dela argi du: «Asko daukagu jokoan». Urrian egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak lege aurreproiektuaren zirriborroaren lehen irakurketa; «euskarazko eredu orokor eta inklusiboa» eskatu zuen. Hezkuntza komunitatearen erakunde garrantzitsuenek eta gehiengo sindikalak egindako ekarpena izan zen. Urrats bat harago egin nahi dute orain.

«Euskara da gure herriko berezko hizkuntza». Horixe du lehen esaldia dokumentuak, eta atzetik datozenen oinarria da: zimendua. Izan ere, adierazi dute, hizkuntzaren garrantzi horretaz jabetuta, hezkuntza sistemaren «ardura» dela ikasle guztiek «euskara maila egokia erdiestea» derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan. Ikasle guztiek lortu beharreko helburua da: «Edozein izanik ere bizitokia, egoera sozioekonomikoa, jatorria, ingurune soziolinguistikoa...». Eskubide hori betetzea «botere publikoen» eginkizuna da, eta horren arabera ondu behar dituzte legeak, esaterako orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lantzen ari direna: «Araudiak argi eta zehatz jaso behar du ikasle guztiei euskararen ezagutza bermatzeko zein bide eskainiko zaien».

Euskararen errealitate soziolinguistikoa tentuz aztertu behar dela esan dute. «Izan ere, euskara hizkuntza gutxitua da bere herrian, eta errealitate hori ezin ezkuta daiteke». Azken urteotan eman diren aurrerapausoak aintzat hartuta ere, uste dute ezin dela horietan geratu: «Berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude bezala». Hortik lehen eskearen mamia: «Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerakoan arrakasta gehien izan duen hezkuntza eredutik abiatu behar da etorkizuneko arautegia; alegia, euskara ikas eta irakas-hizkuntza duen eredutik». Bide batez, ikasle bakoitzaren egoera ezagutu behar da, eta horren arabera jokatu. «Euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta hizkuntza proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak ezarri beharko ditu legeak. Betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea izango da oinarria».

Euskal kulturaren inguruan

Euskal kulturak ere hezkuntza sisteman txertatuta egon behar duela adierazi dute. «Kultura ere eskubidea da, eta kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte kohesiorako elementua baita». Bi lan ildo «sinkronizatu» bereizi dituzte helburu horren inguruan. «Alde batetik, euskarazko kulturgintzaren historia eta orainaren ezagutza, eta, beste alde batetik, euskaraz sortzeko grina transmititzea askotariko kultur adierazpideetako ereduak jasota eta praktikatuta».

Euskalduntzea eta kulturaren transmisioa hezkuntza arautuan ez ezik, «ez arautuan» ere bermatu behar dela aldarrikatu dute, eta legean horren alde ere egin behar dela. Era berean, beharrezkoa iruditzen zaie legean euskara «errealitate kultural bati» lotzea:«Zazpi lurraldeetan zabaltzen den errealitatea». Bide beretik, «munduaren ikuskera» abiatu behar da «gertuko errealitatetik», propiotik: «Euskararen herriaren errealitatetik».

Itunetik legera

Eusko Legebiltzarrak apirilaren 7an jarri zizkion Hezkuntza Legea ontzeko zumeak Eusko Jaurlaritzari, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk itun bat hitzartu baitzuten oinarrizko zutabeekin. Irailean argitaratu zen Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa, Eusko Jaurlaritzak oinarri horien gainean idatzitakoa. Zuzenketa ugari egin dizkiote eragileek, eta kritika ozenak ere izan dira; aste honetan bertan, greba egin dute eskola publikoetan, legearen hainbat edukiren kontra, eta euskararen gaineko aldarriak ere egon dira tartean. Hain justu ere, «euskara erdigunean jartzea» izan da eskeetako bat.

Legearen lehen zirriborroan zehaztu dute hezkuntza sistema «eleaniztuna» izango dela, «euskararen inguruan artikulatua». Irakasgaiak hizkuntza batean edo bestean eman, zirriborroan argi zehaztuta dago ikasle guztiek gutxienez zer euskara maila lortu beharko duten ziklo bakoitzaren amaieran: LH Lehen Hezkuntza bukatzean, B1 maila euskaraz nahiz gazteleraz, eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatutakoan, B2 maila. Zirriborroan jaso dute Hezkuntza Sailak eta eskolek «beharrezko neurriak» ezarriko dituztela ikasleek maila horiek lortzen dituztela bermatzeko, «ingurune bakoitzeko abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuta». Hezkuntza Sailak «ebaluazio tresnak» ere jarriko ditu eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.