Pastor
Darwin eta gu

Euskarak hiribururik ez

2024ko azaroaren 30a
05:00
Entzun

Barakaldon euskara arrotz eta hankamotz: udalaren web orrian argitaratutako testu baten euskara maila kritikatu du Sasiburu elkarteak. Haren arabera, idazki horretan «euskara ez den hizkuntza bat» ageri da. Salaketa egin eta euskarazko atala kendu dute webgunetik. Ordura arte ikusgai eta irakurgai zegoen testuak halaxe zioen: «25 azaroaren 5 abenduaren gorde 33% zure erosketak, berriz, gidatzeko tokiko ekonomia. Lortu zure bonus eta gástalos batean establezimendu parte hartzen duten kanpaina».

Horixe euskarak merezi duen errespetua. Erantzukizunik ez hain itzulpen kaskarragatik? Nahita egin dutela esan liteke. Euskal hiztunen eskubideak Barakaldon? Eskerrak herria euskararen hiriburuaren ondoan dagoen. Bestela… Bai, Bilbo Bizkaiko hiriburua ez ezik, euskararen hiriburua ere bada. Horixe dio bertan bultzatutako egitasmoak. Erakusketa bat antolatu dute Bizkaiko hiriburuan «euskarak Bilbon izan duen lekua eta garrantzia» nabarmentzeko. Asteartean Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. Horixe izan dute gogoan kanpainari ekiteko.

Helburu ederra Bilbon euskara txertatzea, mintzaira Bizkaiko hiriburuan jartzea. Hala eta guztiz ere, ez al da gehiegizkoa Bilbo euskararen hiriburua dela esatea? Marketin kanpaina txalogarria da baina, aldi berean, engainagarria. Inork sinesten du gaur, Bilbon bertan, euskararen hiriburua dela?

Galde diezaietela han bizi diren euskaldunei, ea nola sentitzen diren euskararen hiriburuan. Bilbok euskara nola tratatzen duen. Bilbok euskaldunok nola hartzen gaituen. Galde diezaietela herritarrei zer gertatzen zaien gure hizkuntzaren hiriburuan. Edozein denda, merkatu, taberna, kafetegi, banketxe, elkarte edo txokotara joan eta euskaraz egin dezatela. Igarriko diote euskara bere hiriburuan bertan nola dagoen. Sartu gimnasio batean eta euskaraz mintzatu entrenatzailearekin. Edo dantza ikastera joan. Horietan guztietan eskubide bakarra dute bermatua, sakratua dena: erdaraz hitz egiteko eskubidea. Erdara ulertu eta mintzatu beharra.

Termibuseko kafetegian ere alkandora zuriko langileek ‘English for dummies’ ikastaroa egin dute. ‘Euskara tontoentzat’ izenekorik ez, noski. Zertarako?

Joan daitezela Zazpikaleetara eta euskaraz eska dezatela sukaldaritza internazionalaren irudia eskaini nahi duten jatetxe dirdiratsuetan. Ingelesez euskaraz baino hobeto moldatuko dira zerbitzari gehientsuenak, trakets bada ere. Termibuseko kafetegian ere alkandora zuriko langileek English for dummies ikastaroa egin dute. Euskara tontoentzat izenekorik ez, noski. Zertarako? Hortik metro batzuk aurrera egin eta hantxe dagoen bulegoan sartu, Barik txartela berritzeko xehetasun eske. 50 urte pasatuta dituen emakumeak erdara dotorean erantzungo dizu zuk euskaraz egiten duzunean. Zerbait ulertu du: Barik, berria, kargatu… Eta orduan gazteleraz erantzun. Zorionekoa zu, ez baitu «ez dizut ulertzen» esan. Zergatik? Hori azaltzeraino eraman ez duzulako. Azkenean erdarara jo duzulako, etsita.

Bilbo euskararen hiriburua. Bazuten beste lelo bat asmatzea: Bilbok euskaraz (ere) badaki; Euskara Bilboren bihozkada… Bai, horiek ere lar izan zitezkeen, baina Bilbo euskararen hiriburua? Zer pentsatuko dute donostiarrek? Nik, behintzat, euskara gehiago entzuten dut Donostian Bilbon baino. Ume txikiren batzuk euskaraz aritzen dira jolasean han. Bilbon hori ikusiz gero, begiak igurtzi eta igurtzi ibili beharko nuke Pixar enpresaren film bat ez dela seguru egoteko. Izan ere, Soziolinguistika Klusterraren arabera, Donostian % 15,3koa da euskararen kaleko erabileraren portzentajea. Bilbon, aldiz, % 3,5ekoa. Kasu! Gasteizen Bilbon baino handiagoa dugu kopurua: % 4,1! Gasteiz euskararen hiriburua dela esaten ausartuko ginateke? 

Hizkuntza gutxituek balio erantsia dutela adierazi dute aste honetan Donostian Hizkuntzen Irabazia biltzarrean bildutakoek. Hala izango da. Ordea, benetako balioa hizkuntza nagusiek dute. Ikusi euskararen ustezko hiriburuan zer gertatzen den. Euskarak ez du hiribururik. Euskarak, izatekotan, auzoa du. Bazter auzoa zuen lehen eta auzoa du gaur. Euskarak oraindik ez du hiririk. Nola izango du, ba, hiribururik?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.