Ezta hurrik ere. Nafarroako unibertsitateen 24. udako ikastaroen eskaintzan ez dago euskarazko edukirik. 43 ikastaro ditu NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Opus Deiren unibertsitateak eta UNEDek elkarlanean antolatutako udako programazioak, eta denak erdaraz emanen dituzte. Geroa Baik salatu du auzia, ohar batean. Koalizioak «kezka eta tristura» adierazi ditu, «Nafarroako unibertsitateen sentikortasun falta» dela eta. Gogoratu dute udako ikastaroen eskaintza egina dagoela «Nafarroa osorako», eta NUPek, gainera, euskara plan bat duela, erakundean euskararen presentzia sustatze aldera.
Horregatik, Nafarroako Gobernua premiatu dute esku hartzera eta «euskarazko gutxieneko eskaintza» finkatzera: «Gustatuko litzaiguke euskarazko proposamenen bat edukitzea, eta modu konbentzitu eta boluntarioan izatea. Baina argi dago ez dagoela borondaterik, eta, gure ustez, Nafarroako Gobernuak euskarazko gutxieneko eskaintza finkatu beharko luke, finantzaketa publikoa lortzeko baldintza gisa».
Finantzaketa publiko hori 100.000 eurokoa dela azaldu du koalizioak, eta gogoratu du, 2015-2019 legealdian, Uxue Barkosen gobernuak euskarazko ikastaroen gutxieneko kopuru bat ezarri zuela: «Eskaintzen ziren ikastaroetatik gutxienez bat euskaraz izatea erabaki zen. Kopuru hori gainditu zuenik egon zen, eta denek bete zuten gutxieneko hori. Denborak aurrera egin ahala kopuru hori handitzea zen asmoa. Langa hori gainditzea erraza zirudien, baina, hobetzetik urrun, okerrera egin du», azaldu dute.
Eskaintza hobetzeko «konpromisoa»
Hala ere, Geroa Baik azaldu duenez, Opus Deiren unibertsitatea ez beste biek urrats batzuk egin dituzte jada, egoera nola edo hala onbideratzeko. «NUPek eta UNED-Iruñeak konpromisoa agertu dute Nafarroan ikastaro bat edo gehiago euskaraz eskaintzeko, uda amaitu aurretik». Era berean, NUPek «euskarazko monografiko bat» eskainiko du euroeskualdeak antolatutako udako ikastaroetan.
Geroa Baik hiru unibertsitateak premiatu ditu euskaraz programatzera, «Nafarroako herritarrei, beren kulturari eta beren hizkuntzari zor zaien errespetuagatik eta baita euskararen sustapenari buruzko arauak betetzeko ere».