Euskarak ez du merezi

Bost urteko prozesu baten ondoren onartu du Nafarroako Gobernuak merezimenduen dekretua. Euskalgintzak eta alderdi abertzaleek kritikatu egin dute araua, euskara ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren azpitik utziko baitu lan deialdi askotan.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Behatokiak merituen dekretuaren aurka Iruñean eginiko manifestazioa. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskalgintzaren Kontseiluak merituen dekretuaren aurka Iruñean eginiko manifestazioa. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko azaroaren 7a
05:00
Entzun

Duela bost urte, 2019ko irailean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak —UGTren helegite bati men eginez— baliogabetu egin zituen Uxue Barkosen gobernuak bi urte lehenago onartutako 103/2017 Euskararen Dekretuko zenbait artikulu. Horien artean garrantzitsuenak arautzen zuen euskarak meritu gisa zer pisu izan behar zuen lan deialdi publiko batzuetan. Hau da: oposizio lehiaketetako hautagaiek zenbateko puntuazioa jaso dezaketen euskara maila jakin bat izateagatik. Hortaz, epaileek artikulu hori bertan behera utzi zutenetik, euskarari ez zaio baliorik aitortu ehunka lan deialditan: zero puntu. Ez da meritu izan, alegia.

«2019ko sententzia hark hustu egin zuen 2017ko Euskararen Dekretua, larrugorritan utzi zuen. Lawfare linguistiko argi bat aplikatu zuten, eta agerian geratu zen epaiaren intentzionalitate politikoa», gogoratu du Eneka Maizek, EH Bilduko legebiltzarkideak.

Epaia heldu zenerako, gobernu berri bat agintean zen Nafarroan —Maria Txibiterena—, eta sententzia hark lurrikara politikoa eragin zuen exekutibo barruan. Izan ere, euskara zen frikzio puntu handienetako bat, gobernu koalizio berri hori osatzen zuten plaka tektonikoen artean: Geroa Bai izan zen 2017ko Euskararen Dekretuaren bultzatzaile nagusia; PSN, berriz, oposizioan zegoen araua onartu zenean, eta oso jarrera oldarkorra izan zuen une oro, gobernuaren hizkuntza politikaren aurka. Kalera ere atera ziren sozialistak, Nafarroako eta Espainiako eskuinaren eta eskuin muturraren besotik helduta, «euskararen inposizioa» salatzeko manifestazio batean.

2019ko irailerako, ordea, dezente aldatua zen egoera: PSN eta Geroa Bai bidelagun ziren gobernu barruan, eta iraganeko suteen txingarrei haize emateak arriskuan jar zezakeen koalizio hori. Auzitegiaren epaiari errekurtsoa jartzeko eskatu zuen Geroa Baik publikoki, euskararen dekretua partzialki baliogabetzeak «hutsune juridiko oso larria» eraginen zuelakoan. «Argi genuen 2019ko sententzia horri helegitea aurkeztu behar zitzaiola», azaldu du Geroa Baiko parlamentari den Mikel Asiainek: «Justiziak euskarari lotutako gaietan izan ohi duen jokabidea ezagututa, bagenekien aukera gutxi izanen genituela errekurtsoa irabazteko, baina merezi zuen saiatzea eta bide juridikoa irekitzea».

PSNk, baina, ez zuen aldatu iritzia, eta iragarri zuen gobernuak errespetatu eginen zuela epaileek esanikoa: hots, 2017ko Euskararen Dekretu elbarria bere horretan utzi, hutsune eta guzti, eta arau berri bat prestatuko zuela «ahalik eta azkarren», Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententziak baliogabe utzitako artikuluak ordezkatzeko. Are: gobernuak iragarri zuen dekretu berri hori «hilabete gutxiren buruan» izanen zuela prest. Hilabete gutxi horiek, baina, hilabete asko izan dira azkenerako, bost urte baino gehiago joan baitira lan deialdi publikoetan euskara meritu gisa puntuatzeari utzi ziotenetik.

Orain heldu da arau berria: merezimenduen dekretua. Urteetako prozedura baten ostean onartu du Nafarroako Gobernuak, baina, arazoa konpontzetik urrun, sute gehiago piztu ditu gobernuko bazkideen eta gizarte eragileen artean. Zerbait, behintzat, lortu du dekretuak: indarrean sartu aurretik ere, ados jarri ditu euskalgintzaren esparruko eragile, sindikatu, talde politiko eta norbanako ia guztiak... haren kontra.

Baina zer da?

Funtsean, merezimenduen dekretua da PSNk ad hoc diseinatu duen adabakia, epaileek Nafarroako lan eskaintza publikoen esparruan egindako zuloa nolabait estaltzeko, baina, era berean, euskara administrazioan hazteko aurrerabideak ukatuz.

«Ahulezia juridiko eta lan gatazka handiagoa ekarriko digu dekretu honek; atzerapausoa da» 

ENEKA MAIZ EH Bilduko parlamentaria

Administrazioko deialdi batzuetan —funtsean, funtzionarioen lekualdatze prozesuetan, mailaz igotzekoetan eta Osasunbideko oposizio lehiaketetan— hautagaiek euskaraz jakiteagatik eta beste meritu batzuengatik jaso ditzaketen puntuak zehazten dira dekretu horretan. Euskararen Legeak eremu misto gisa definitutakoan nabarituko da aldea batez ere, bost urteren ondoren, euskara meritu gisa baloratzen hasiko baitira lan deialdi batzuetan —eta postu bakan batzuetan soilik—. Zein da arazoa? Bada, eremu ez-euskaldun deritzon lurraldean, orain arte bezala segituko duela egoerak: zonifikazioa aitzakia gisa hartuta, euskara ez da meritu gisa baloratuko. Merezimenduen dekretu berriak, beraz, azken urteetako bazterketa betikotuko du —eta lege izaera emanen dio— Nafarroa hegoaldeko deialdietan.

«Horrek ahulezia juridiko eta lan gatazka handiagoa ekarriko digu», laburbildu du Maizek. «Atzerapauso handia izanen da hizkuntza eskubideetan». EH Bilduko eledunaren irudiko, dekretu horrek «ateak erabat ixten dizkio» euskararen egoera Nafarroako hegoaldean normaltzeari: «Euskararen Legea bera urratzen du dekretuak: legea oso murriztailea da, baina arau berriak are gehiago mugatzen ditu euskararen garapenerako aukerak».

Geroa Baiko legebiltzarkideak ere argi dio: «Hau ez da gure dekretua». Hala ere, uste du «zirrikitu bat» eskaintzen duela, egungo bazterketa gainditzeko: «Azken bost urteetan euskara baloratu da eremu euskalduneko deialdietan soilik; aurrerantzean, eremu mistokoetan ere aintzat hartuko da. Guretzat, oso gutxi da, baina okerragoa litzateke orain arte bezala segitzea», esan du.

«Hau ez da gure dekretua, eskasa iruditzen zaigu, baina okerragoa litzateke orain arte bezala segitzea, eremu mistoko deialdietan euskara baloratu gabe» 

MIKEL ASIAIN Geroa Baiko parlamentaria

UPN ere dekretuaren aurka azaldu da, baina oso bestelako motiboengatik. Javier Esparzaren irudiko, euskarari merezimendu izaera aitortzeak eta lan deialdi batzuetan aintzat hartzeak zera eraginen du, «nafar gehienak baztertzea lanpostu publikoetatik, euskaraz ez jakiteagatik». Are, erregionalistek uste dute euskarak «lan deialdien %80» baldintzatuko dituela, eta, erabaki horrekin, Txibite lehendakariak «men» egin diela abertzaleei.

Alemanaren azpitik

Euskalgintzak ere ikuspegi ezinago ezkorra agertu du merezimenduen dekretuaren inguruan. Herritarren arteko kohesioa apurtzea egotzi dio Euskalgintzaren Kontseiluak, eta Euskararen Nafar Kontseiluak ere kontrako irizpena eman zuen 2022an eta aurtengo irailean. Nafarroako Gobernuak, baina, ez ditu aintzat hartu kritika horiek. «Alderdi eta presio talde batzuen esanetara diseinatu dute dekretu hori, eta 2019ko epaiak ebatzitakotik harago ere joan dira, euskararen pisua murrizteko garaian», esan du Agurne Gaubekak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak.

Horren adibide bat: «Europako Batasuneko lan hizkuntza» gisa izendatutakoen kasuan (ingelesa, frantsesa eta alemana), dekretuak ez du mugarik ezartzen: Nafarroa osoko lan deialdietan izan daitezke merezimendu. Euskara, berriz, eremu euskalduneko eta eremu mistoko lanpostuetan soilik. Eta beste bat: Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2019an ebatzi zuen, euskara meritu gisa baloratzeko tenorean, aintzat hartu behar zirela lanpostu bakoitzaren ezaugarriak; hau da, langile horrek aurrez aurreko arreta eskainiko duen ala ez. Hala ere, dekretuan ez diete baldintza hori jarri gainerako hizkuntzei, soilik euskarari. «Osasunbideko lan deialdietan alemana baloratzeko, adibidez, berdin dio lanpostua jendaurrekoa den ala ez. Ez dakigu zer irizpiderekin erabaki den hori», gehitu du Gaubekak.

«Alderdi eta presio talde batzuen esanetara diseinatu dute dekretu hau, eta 2019ko sententziaz harago doa, euskararen pisua murrizteko garaian» 

AGURNE GAUBEKAHizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Behatokiko buruak uste du, gainera, herritarrei eskaini beharreko arreta elebiduna izan beharko litzatekeela, lanpostuak jendaurrekoak izan ala ez. Horren adibide bat jarri du: «Nik agiri bat euskaraz erregistratu dezaket departamentu batean, baina itzulpen zerbitzuak gainezka badaude eta departamentu horretan euskaraz dakien langilerik ez badago, astebete iraun behar lukeen tramitazioa luzatu daiteke lau hilabetera, euskaraz egite hutsagatik». Hori «diskriminatzailea» dela uste du Gaubekak.

Eta administrazioko zerbitzu zentraletan, desoreka are larriagoa izanen dela uste du Behatokiko buruak: «Administrazioko zerbitzu zentral ia guztiak eremu mistoan daude, Iruñean, eta horietan, arreta eman behar zaie herritar guztiei, eremu ez-euskaldunekoak, mistokoak ala eremu euskaldunekoak izan. Baina hori ez da aintzat hartu dekretu honetan».

Bost urteko bidea

Horregatik guztiagatik, Behatokiak hainbat galdera egin dizkio gobernuari, jakiteko, besteak beste, euskara zer postutan izanen den merezimendu, zeren arabera erabakiko den, eta horri helegiterik jartzen ahal zaion ala ez. Ez dute erantzunik jaso: «Funtzio Publikoko zuzendaria etorri zen Euskararen Nafar Kontseilura, eta Behatokia kontseilu horretako kide den aldetik, saiatu ginen kontu horiek argitzen. Hala ere, zuzendariak uko egin zion euskaraz planteatutako galderei erantzuteari eta berealdiko itzulpen zerbitzua erabiltzeari. Galderak idatziz bidaltzeko eskatu ziguten, eta, hilabete baten ondoren, ez dugu erantzunik jaso».

Gaubekak «lotsagarritzat» jo du dekretua onartu aurreko prozesu luzea ere: «Bost urteotan, zientoka dira, milaka ez esatearren, euskara merezimendu gisa baloratu gabe lehiaketa publikora atera diren lanpostuak».

Iritzi horrekin bat dator Maiz. EH Bilduko parlamentariak PSN jo du egoeraren erruduntzat, eta bi galdera egin dizkio: «Alde batetik, zergatik luzatu da hainbeste egoera zentzugabe hau, ez bada asmo politiko zehatz batengatik? Eta bestetik, zergatik egin dute ezikusiarena, Euskararen Nafar Kontseiluak emaniko kontrako irizpenaren aurrean?». Izan ere, Maizek uste du PSNri «oso deseroso» zaiola euskararen normalizazioaren gaia: «Susmoa dugu nahita geroratzen eta luzatzen dituztela eztabaida horiek, une politiko jakin batzuetan auziari heldu behar ez izateko».

Antzeko ondorioetara heldu da Geroa Baiko ordezkaria ere: «Pedagogia handia egin behar da PSNrekin», aitortu du Asiainek. «Denok dakigu nolako hizkuntza politika izan zuten, UPNrekin batera gobernatu zuten garaietan, eta pentsamolde hori oso barneratua dute militante eta boto emaile askok. Orain, kontrako norabidean egin behar dute boga, baina kostako da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.