Euskarak behar dituelako

Sakanako gizarte, politika eta kultur arloko eragileek babesa azaldu diete 'Guaixe' aldizkariari, Beleixe irratiari eta BERRIA egunkariari. Euskararen garapenean duten garrantziaz ohartarazi dute.

Atzo Lakuntzako kultur etxean izandako ekitaldia. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Eskualdean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko funtsezko tresnak dira. Herritarrek ere hala sentitzen dituzte». Sakanako (Nafarroa) euskara teknikari Castillo Suarezek hala azaldu du Guaixe aldizkariak, Beleixe irratiak eta BERRIA egunkariak eskualdearentzat duten garrantzia. Hori aldarrikatu, eta hedabide horiek abian jarritako diru laguntza kanpainei babesa emateko agerraldia egin zuten atzo eskualdeko euskaltzaleek nahiz eragile sozialek, kulturalek, eta politikoek.

Krisiaren ondorioz izandako diru laguntzen eta publizitatearen diru sarreren murrizketek ataka zailean utzi dituzte euskarazko hedabideak. Sakanako eskualdean ez dute besoak gurutzatuta geratu nahi izan. Atzo Lakuntzako kultur etxean egindako ekitaldia horren adierazle izan zen. Ekitaldi xumea izan zen, baina esanahiz betea. Lore Agirre kazetariak idatzitako Izan Gaitezen testua irakurri zuen Bierrik Fundazioko Izaskun Etxeberriak. Hedabideek euskararentzat duten garrantzia aldarrikatzen du Agirrek testuan. Hala dio paragrafoetako batek: «Etorkizunean izan izango bada gaur lagundu behar da, euskarazko hedabideak ez daitezen gal, sendotu baizik, eta horrekin euskararen mundua izan izan dadin».

Ekitaldian izan ziren, besteak beste, BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari Joanmari Larrarte, Bierrik Fundazioko langileak, Sakanako Mankomunitateko lehendakari Aitor Karasatorre, Sakanako hainbat alkate eta euskara zinegotzi, ikastoletako ordezkariak... Ohartarazi zuten hedabideak ezinbesteko tresna direla euskararen normalizaziorako, eta eskerrak emateko beharra aldikarritu zuten.

Bierrik Fundazioak 2000 eskerizeneko kanpaina du abian Guaixe aldizkariaren eta Beleixe irratiaren alde. «Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik gabe utzi ditu. Jaurlaritzak, berriz, gutxitu egin dio laguntza Guaixe-ri. Beleixek ez du jasotzen, lizentzia Etxarriko Udalarena baita. Publizitateak ere nabarmen egin du behera, Sakanako eskualdean gogor jo baitu krisiak», azaldu du Suarezek. Ondorioz, dagoeneko hartu behar izan dituzte neurri batzuk: irratiaren emisio orduak gutxitzea, aldizkariari orriak kentzea, eta lantaldea txikitzea. Egun 663bazkide dituzte, baina proiektuaren etorkizuna bermatzeko gutxienez 2.000behar dituzte. Bazkideek gutxienez 50 euro jarri behar dituzte. «Horren truke eskualdeko 70 saltoki ingurutan deskontuak izango dituzte, etahainbat zozketetan parte hartu ahal izango dute».

BERRIA Taldea ere gogotik ari da jasaten krisia. Ekonomiaren krisiari ereduarena gehitu behar zaio. Izan ere, Interneten gero eta bisitari gehiago ditu BERRIAk, baina erosle eta harpidedun kopurua behera doa. Azaroan jarri zuen martxan Zure Ziztada Behar dugu kanpaina. Urtean 100 euroko ekarpena egingo duten 5.000 lagunen komunitatea sortzea du helburu. Oraingoz, 3.000 inguruk egin dute bat.

Elkarlanean ari dira. «Hasieratik ikusi zen funtsezkoa izango zela hori». Atzoko ekitaldiaz gain, ostiralean, Altsasuko San Pedro jaietan, txosna bat jarriko dute. Bestalde, euskarazko hedabideek erakundeei egin dieten eskarietako bat izan da gaztelaniazko hedabideetan adina publizitate jartzeko euskarazkoetan. «Sakanako Mankomunitatea lantzen ari da, dagoeneko, proposamen bat eskualdeko erakundeei hori eskatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.