Euskara

Euskarak arlo sozioekonomikoan dituen erronkak landuko dituzte Jagon jardunaldietan

Gaur eta bihar ari dira egiten Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldiak, Bilboko Merkataritza Ganberan. 34 hizlarik hartuko dute parte.

Miren Dobaran, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea. @PLAZABERRI
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 14a
19:50
Entzun

Bi helburu nagusi ditu Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeak antolatutako aurtengo Jagon jardunaldiak: alde batetik, euskarak arlo sozioekonomikoan dituen etorkizuneko erronkei buruz hausnartzea; eta, bestetik, arlo sozioekonomikoak euskararen biziberritze prozesuan duen funtzioaz jardutea. Gaur eta bihar ari dira egiten jardunaldia, Bilboko Merkataritza Ganberan.

Orotara, 34 hizlarik hartuko dute parte, eta, hitzaldi bakoitzaren ondoren, elkarrizketarako tarte labur bat egongo da. Gaur, 09:00etan egin dute hasiera ekitaldia, eta egun osoko egitaraua atondu dute. Bertan, hainbat esparru ari dira lantzen. Hizkuntza gutxiagotuak eta arlo sozioekonomikoa: ikuspegi orokorra izenburupean eman du lehen hitzaldia François Vaillancourt Montrealgo Unibertsitateko irakasleak.

Horrez gain, goizean, hitzaldi hauek eman dituzte: Mikel Irizar Topalabe taldeko kideak euskararen prozesuaren eta arlo sozioekonomikoaren analisia egin du; Jon Sarasua eta Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleek lan munduak euskararen biziberritzean duen estrategikotasuna aztertu dute; eta Euskararen egoera arlo sozioekonomikoan: lorpenak eta hutsuneak gaiaren inguruan aritu dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Joseba Erremundegi Euskararen Erakunde Publikoko misio karguduna eta Mikel Arregi Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Zuzendari Gerentea. Bazkalondoan, berriz, euskarak arlo sozioekonomikoan izan duen jardunaren inguruko esperientzia arrakastatsuez hitz egin dute, besteak beste, Leire Okarantza Fagor Taldeko euskara koordinatzaileak eta Iker Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganberako koordinatzaileak.

Bihar eutsiko diote berriro, eta hainbat hitzaldi emango dituzte eguerdira arte. Ikasle eta langabetuen ezaugarriak hizkuntzaren aldetik hitzaldia izango da aurrena, 09:00etan, eta Eñaut Zubeldia Lanbideko kideak emango du. Ondoren, euskarak arlo sozioekonomikoan dituen erronkak aztertuko dituzte. Horretarako, enpresari eta kontsumitzaile elkarteetako, sindikatuetako, lanbide elkargoetako eta hizkuntza aholkularitzetako zenbait ordezkarik hartuko dute hitza. Azkenik, euskararen egoera arlo sozioekonomikoa abiapuntutzat hartuta esperientzia berriak jasoko dituzte Jasone Aretxabaleta SPRI Taldeko kidearen eta Galder Lasuen Euskalit Kudeaketa Aurreratuko arduradunaren eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.