Euskaragatik kexu gehiago udalentzat

Hizkuntza eskubideekin lotutako gorabehera gutxiago jaso ditu Elebidek 2018an, baina igo egin dira udalen jardunarekin lotutako kexuak

Euskaragatik kexu gehiago udalentzat.
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hizkuntza eskubideen urraketarekin lotutako kexu gutxiago jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren Elebide zerbitzuak. Guztira, 245 gorabehera jaso zituen 2018an, aurreko urtean baino 101 gutxiago. Jasotako gorabeheretatik 232 izapidetu zituen, gainerakoak baliogabetzat jota. Kexuak jartzeko jotzen dute herritar gehienek Elebidera, bostetik lauk (%82). Jaitsiera orokorra da, baina ez esparru guztietan: udalek aurrekoetan baino kexu gehiago jaso dute hizkuntza eskubideak urratzeagatik, eta Jaurlaritzaren parera iritsi dira beren aurkako kexei dagokienez.

Hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzua da Elebide, eta eskubideak urratu dizkietela uste duten herritarrek jo dezakete hara, horri buruzko txostena egin dezan erakundeak. Hala ere, kexuak bakarrik ez, bestelakoak ere jasotzen dituzte: eskariak, kontsultak eta eta iradokizunak.

2007an hasi zuen bidea Elebidek. Geroztik, gorabehera ugari izan ditu urtez urteko gorabeheren kopuruak, goraldi eta beheraldi nabarmenekin. Bidearen hasieratik bildutako kopururik txikienetakoak dira iazkoak —soilik 2009a du atzetik, 225 gorabeherarekin; orain lau urte jo zuen gailurra, kanpaina batekin lotuta, ia 800 gorabehera bilduta—. Aurten beherakada izan den arren, udalen inguruko gorabeherek gora egin dute. Arabako eta Bizkaiko udalen jardunarekin dago lotua igoera hori; Gipuzkoako udaletan, izan ere, jaitsi egin dira.

Urtez urte, Eusko Jaurlaritzak eta haren erakundeek pilatu dituzte kexak —besteak beste, Osakidetzak eta Ertzaintzak—, baina udalak haren parera iritsi dira. Arabako udaletan nabarmentzekoa da gorakada: bederatzi kexu izan dira, aurreko urtean baino zortzi gehiago —horietako bost, Gasteizko Udalarekin lotuak—. Bizkaiko udalei dagokienez, 39 kexa jaso dituzte, aurreko urtean baino zazpi gehiago —zortzi dagozkio Bilbokoari—. Kexuak jartzeko arrazoi nagusiak honako hauek dira: errotulazioa, eta idatzizko eta ahozko harremana. Nabarmena da Internetekin lotutako kexen gorakada: 36 izan dira, 2017an baino hamahiru gehiago.

Pribatuan, bostetik bat

Aurreko urteetan ohikoa denez, eremu publikoan pilatu dira kexu gehienak, bostetik lau: 156. Udalen gorakadaren alboan, Jaurlaritza eta haren menpeko erakundeak ageri dira. Osakidetza da nagusia, nahiz eta beherakada handia izan den: hemeretzi kexa, aurreko urtean baino hiru aldiz gutxiago. Kontuan izatekoa da herritarrekin erlaziorik handiena duten erakundeetako bat dela Osakidetza.

Esparru pribatuari buruzko kexuak nabarmen gutxiago dira—bostetik bat—, eta, batez ere, hiru esparrutan daude: zerbitzu orokorretan, bankuetan eta aseguru etxeetan, eta merkataritzan.

Jaitsiera ikusirik, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuak esan du neurriak ari direla «apurka-apurka» fruitua ematen, eta erabilera planei begiratu die: «Bide horretatik jarraitu behar da herritarren eskubideak irmo defendatzen jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.