EUSKARA

Euskaradun gizartearen etorkizuna irudikatzen ari da Badalab

Etorkisuneku proiektuaren barruan, beka deialdi bat eta Itzultzeko eskubidea fabula aurkeztu dituzte.

Fabularen eta beka deialdaren aurkezpen ekitaldia. MAIALEN ANDRES / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 6a
15:29
Entzun

Euskaradun gizartearen etorkizuna irudikatzeko helburuarekin sortu du Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiak Etorkisuneku proiektua. Gaur, proiektuaren lehen faseko emaitza –Nerea Arrien idazleak idatzitako fabula– eta bigarren fasea –beka deialdia– aurkeztu dituzte Errenterian (Gipuzkoa).

Gaur aurkeztu duten fabula Etorkisuneku proiektuaren lehen fasean osatu dute. Euskal Herriko jatorri anitzetako dozena bat gazte bildu zituzten, eta galdetu zieten ea nola irudikatzen zuten 2073 urteko euskal gizartea. «Topaketa horretan pozgarria izan zen gazteek etorkizuna euskaraz irudikatzen zutela», adierazi du Leire Palacios Badalab-eko eragileak. Bertan ateratako ideietatik abiatuta osatu du Nerea Arrien idazleak Itzultzeko eskubidea fabula. Izan Sampedrok egindako ilustrazioekin apaindu dute lana. Palaciosek nabarmendu du irakurleari pentsarazi egiten diola fabulak: «Ideia asko biltzen ditu, baina sakontasun handirik gabe. Galderak sortzen ditu».

Etorkizuna «ziurtasunik gabekotzat saltzen» den arren, oso estereotipatua daukagula azaldu du Arrienek: «Etorkizuna teknologiarekin lotzen dugu, eta, euskarari erreparatuta, a bilduaz eta traolaz betetako hizkuntza bat ikusten nuen, sare sozialei lotua, karaktereen tiraniak laburtua». Gazteekin izandako topaketan, ordea, bestelako ideia batzuk jaso zituen: «Sekulako sorpresa izan zen etorkizuna desazkundearekin lotzen dutela jakitea, itzultzearekin. Hortik abiatu nuen kontakizuna». Itzuli hitzak, gainera, adiera ezberdinak hartu ditu ipuinean: «Atzera egitea eta hizkuntzak itzultzea». Idazlearen ustez, itzulpengintzak garrantzi handia hartuko du etorkizunean, «globalizazioak jende eta hizkuntza asko biltzea ekarriko du». Gure iruditerian dagoen etorkizuna «distopia» gisa ikusten du idazleak, eta «utopia» bat irudikatu nahi izan du.

Bestalde, proiektuaren bigarren fasea zein izango den ere argitu dute: beka deialdi bat. Fabularen abiapuntu berdinetik, sormena eta euskararen etorkizuna uztartzea du helburu bekak. Edozein diziplina artistikotako proposamenak, piezak, artefaktuak, gailuak edo hausnarketak aurkeztu daitezke. Baldintza bakarra da euskararen etorkizuna irudikatzea edo horrekin lotura izatea. Guztira lau diru laguntza emango dituzte, bakoitza 1.500 eurokoa. Badalab-ekin batera, Tipi kooperatibak jardun du proiektua lantzen. Tipi-ko kide Ana Abarrategik beka deialdia «oso irekia» dela adierazi du: «Fabula irakurri, inspiratu eta edozein ideia proposa daiteke».

Eskaerak egiteko epea urriaren 15ean amaituko da, eta bakarka zein taldeka egin daitezke. Saridunak urriaren 26an jakinaraziko dituzte, eta abenduaren 31ra arte izango dute proposamena burutzeko tartea. Aurretik, irailaren 23ko 11:30ean, topaketa bat antolatuko dute bekara aurkeztu nahi dutenen zalantzak argitu eta proposamenak fintzeko.

Komunitatea osatzen

Egungo mundu aldakorraren eta azkarraren testuinguruan sortu zuten Badalab duela bi urte. Laborategiaren eta martxan duten proiektuaren helburua etorkizuneko interakzio sistemetan euskararen erabilera bermatzea da. Horretarako, Badalab-ek «galderak, lankidetza, espazioak, tresnak eta esperientzia» ditu ardatz, Goiatz Oiartzabal zuzendariaren arabera.

Etorkisuneku proiektuan parte hartu duten gazteak bi urte horietan sortutako «komunitateko» kideak dira. Izan ere, zuzendariaren hitzetan, Badalab-ek lankidetza puntualak baino gehiago, «elkar elikatzea» du helburu, «komunitatea sortzea». Beraz, aurreko ekintzetan eta proiektuetan parte hartu dutenei eskatu die euskaradun gizartearen etorkizuna irudikatzeko. Ideia horietatik sortu du idazleak fabula, eta ideia horiek izan daitezke inspirazio iturri beka deialdira aurkeztuko dituzten proiektuetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.