Betiko galdera entzun beharko dugu, berriz ere? «Zer nahiago duzu: medikuak zu sendatzea ala euskaraz egitea?». Bi nahiak bateraezinak izango balira bezala. Euskaraz artatua izateak osatzea bermatuko ez balu bezala. Euskaraz egiten duten sendagileen maila profesionala oso fidagarria ez balitz bezala. Bikaintasuna soilik erdaraz etorriko balitz bezala.
Osakidetzak EBtik kanpoko medikuak eta erizainak kontratatuko ditu osasungintzak dituen gabeziei aurre egiteko. Badugu zer pentsatua arazo horri buruz. Izan ere, gero eta osagile gutxiago ditugu. Unibertsitatean medikuntza ikasleak onartzeko prozesua oso zorrotza da notei dagokienez. Jende asko uzten du kanpoan. Oso jarduera gutxi izango dira medikuntzak baino bokazio sutsuagoa eskatzen dutenak. Lan eskerga da; latza, batzuetan. Eta erantzukizun handikoa. Aukeratzen duenak badaki, jakin, bidea zeinen luzea izango duen. Hori kontuan izanik, ez litzateke egokiagoa izango medikuntza ikasteko irizpideak aldatzea jende gehiagori leku egiteko?
Horrek bi ondorio izango lituzke: batetik, mediku euskaldun gehiago izango genituzke; bestetik, ez genuke hain erraz bultzatuko beste herrialdeetako ustiaketa kolonialista. Bartzelonako Mediku Elkargoaren buru Jaume Padros-ek elkarrizketa batean azaldu duen kontraesana baliagarria da gure egoera ulertzeko: «Hemen paradoxa bat dugu: formakuntza munduko onenetako bat dugu, baina sartzeko irizpideen ondorioz ez ditugu behar ditugun mediku kopurua eta soslaiak aukeratzen. 2022an kolegiatu berrien %50 baino gehiago EBtik kanpoko atzerritarrak izan ziren. Pertsona horiek ez dute formakuntza prozesu hau izan eta ez dute espezialista titulua. Ez da egia bertoko medikuak erbestera doazela; kanpotik asko etortzen dira. Hori, etikoki, barrabaskeria bat da: medikuak behar dituzten herrialdeak kapitalik gabe uzten ari gara eta horiek prekaritatea finkatzen duten langileak dira. Eta hizkuntza gaitasunaren gaia ere badago».
«Zer nahiago duzu: osatu ala euskaraz egin? Zeure gaixotasuna euskaraz sendatuko dizun espezialista noiz euskaldunduko zain egongo zara?».
Euskara ofiziala dugu EAEn. Teoria hutsa. Badakigu zer esango dioten gure txosten medikoa euskara hutsez idazten duen sendagileari –ez aipatu hemen elebitasuna; gure mediku erdaldunak ez du ezer errespetatuko, txostena erdara hutsez idatziko du eta–: «Hemen badira medikuak, euskaraz ez dakitenak eta informazio hori beharrezkoa dutenak. Hizkuntza ala gaixoaren bizia salbatu nahi duzu?». Idatzi errezeta bat euskaraz edo erantzun euskaraz erdara hutsez etorri zaizun barne mezuari. Zergatik ez? Euskal Herriko erakunde publiko batean zaude, euskara ofiziala da. Inor gutxik egingo du zurekin bat, baina.
Berdin osasunari buruzko ikastaroak edo hitzaldiak antolatuz gero. Inoiz halakoren bat euskaraz egin eta, kasualitatez-edo, erdaldun elebakar bat agertuz gero, erdaraz izango da saioa. Katalunian antzeko kasu bat gertatu da duela gutxi. Han horrela egin badute, hemen... Berdin dio ikastaroan EBren barruko euskaldun bat badago, espainolez ez dakiena, eta euskaraz ematen segitzeko eskatzen badu. Ez diote kasu handirik egingo. Zertan ari da frantses bat Hegoaldeko hitzaldi batean, espainolez ez badaki? Galderak bestelakoa izan beharko luke: zertara joan da erdaldun bat euskarazko ikastaro batera, euskaraz ez badaki?
Zer nahiago duzu: osatu ala euskaraz egin? Zeure gaixotasuna euskaraz sendatuko dizun espezialista noiz euskaldunduko zain egongo zara? Pazientzia beharko duzu, horixe. Denbora, aldiz, aski eta sobera izango duzu. Eseri erietxean eta hantxe bertan geratu asteak, hilabeteak (urteak?) igaro arte. Baliteke noizbait espezialista hori heltzea, baina ordurako zu hil hurren egotea zahartzaroko gaixotasun baten ondorioz. Azken hatsa eman aurretik eskatzen zenuen osagile euskalduna lortu dutela esango dizute lagun euskaltzaleek. Zuk aspaldi hasitako borrokari esker. Oroigarri bat ipiniko dute erietxean, zure omenez. Zuk ez duzu ezer gogoratuko, ordea. Ez zein gaitz zenuen, ez euskararen alde lotu zintzaizkion borroka. Oroigarri bat? Niri?