Euskara(z) ehuten

Mintzalaguneko zenbait partaide zaletasun baten bueltan elkartzen dira. Hondarribian, kakorratz lana dute euskaraz aritzeko aitzakia.

mintzalagun
Kakorratz laneko mintzapraktika taldea, Hondarribian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko irailaren 10a
05:00
Entzun

Bilobarentzat josten ari den jertse gorria erakutsi du batek. Txano bat dakar besteak, eskuz egina. «Zer iruditzen zaizue? Beste buelta bat emango diot? Soltatu eta berriro hasiko naiz?». Astean behin kakorratzean aritzeko elkartzen dira Julia Hernandez, Gema Balda, Maixabel Arratibel, Mertxe Gerriko eta Karmele Etxeberria. Kakorratzean aritzeko, euskaraz.

Mintzalagun programako Hondarribiko (Gipuzkoa) taldeetako bat da kakorratz lanarena. Zaletasun batek batu ditu. Zaletasun batek eta helburu batek: euskara praktikatzea. Bakoitzak bere arrazoiak ditu ostegunero taldera joateko. Gehienek euskara maila hobetu asmo dute. Hernandez: «Lehen, euskaltegira joaten nintzen, AEK-ra. Asko interesatu izan zait euskara, baina asko kostatzen zait; ikasi nuen pixka bat, baina ahaztu egin zitzaidan, ez nuelako praktikatzen. Beti pena ematen zidan, eta horregatik etorri naiz». Antzekoa da Arratibelen bizipena ere: «Ezkondu nintzen, Irunera etorri nintzen, eta euskara ikasten hasi nintzen; ez nekien ezer. Seme-alabekin euskaraz egiten genuen, baina lanean eta lagunekin beti erdaraz, eta asko galdu nuen. Langabezian geratu nintzen, eta euskaltegian hasi nintzen. Han esan zidaten Mintzalagunera etortzeko, eta horrela daramatzat hamar urte». 

«Gero eta jende gehiagorengana heltzea da gure helburua; egitasmoa herrian zabaldu nahi dugu»

MERTXE GERRIKOMintzalagunen koordinatzailea Hondarribian

Baldak, berriz, ez du arazorik euskaraz mintzatzeko, baina euskarazko harreman sare baten bila jo zuen Mintzalagunera: «Erretiroa hartu nuenean etorri nintzen Hondarribira bizitzera. Pentsatzen nuen herri euskalduna zela, euskaldun peto-petoa, baina ez. Lagun batek esan zidan horrelako talde bat zegoela euskaraz mintzatzeko. Harreman sozialak lantzeko eta jende berria ezagutzeko ere balio du». Gustura dago hartutako erabakiarekin: «Gauza interesgarriak egiten ditugu, eta jendea oso jatorra da; oso pozik nago jendearekin».

Kakorratzaren bueltan

Kakorratz lana dute euskaraz aritzeko aitzakia. Batzuek egina zuten aurretik; beste batzuek lehenengo aldia dute. Hernandez: «Txikitan amak erakutsi zidan pixka bat, baina, gero, ezer ez; orain, mintzapraktika egiten dugu, eta, gainera, kakorratz lana eginez. Oso ondo dago».

Pixkanaka ari dira kakorratz lanean: txanoak egin dituzte, poltsak, jertseak. Eta pixkanaka ari dira euskara hobetzen. Gerriko da Mintzalagun programaren Hondarribiko koordinatzailea, eta, haren esanetan, denbora da gakoa: «Ikusi duguna da gramatika aldetik ez dutela gauza berri askorik ikasten, baina hiztegia aberasten dute, eta, gero, dakiten hori erabiltzen hasten dira. Ikusi dugu bi urte daramatzatenek hobetzen dutela, eta, batez ere, beldurra galtzen dute». «Zer polita! Zer artista! Zer fina gelditu den!». Etengabe animatzen ditu Gerrikok ondoan dituen bidelariak. 

«Gauza interesgarriak egiten ditugu, eta jendea oso jatorra da; oso pozik nago jendearekin»

GEMA BALDAMintzalaguneko partaidea

Euskaraz aritzeko aukera gehiago emate aldera, Mintzapraktika ez da asteroko juntadizora mugatzen: «Saiatzen gara gutxienez hilean behin beste ekintzaren bat egiten: txangoa mendian, irteera kulturala, bisita gidatua...». Orain, egitasmoa hedatzea dute xede: «Gero eta jende gehiagorengana heltzea da gure helburua; egitasmoa herrian zabaldu nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.